gaizka izagirre
'Ekografiak'

Zinemazaleentzat karamelua

2025eko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bizitzan ikusi dituzun film guztietatik bakarra aukeratu beharko bazenu...?» galderari erantzuteko, garaiaren eta nire aldartearen arabera lau edo bost izenbururen artean zalantzan ibiltzen banaiz ere, gehienetan Martin Scorseseren Goodfellas izaten da nire aukera; zinemagileak maisulanez betetako filmografia zabala osatu du, bihotza eta indarkeria, errua eta anbibalentzia nahasten dituen unibertso bat sortuz.

Bada, Apple TV Plus plataformak Mr. Scorsese estreinatu du: Rebecca Millerrek zuzendutako serie dokumentala da, bost ataletan banatua. Zinemagilearen erretratu intimoa ehundu du Millerrek.

Scorseseren artxibo pribatuetarako sarbide esklusiboa izan du, eta zinemagilearekin berarekin izandako elkarrizketa luzeetan oinarritu da, baita lagun, senide, kolaboratzaile eta beste sortzaile batzuekin egindako elkarrizketa argitaragabeetan ere. Robert De Niro, Margot Robbie, Leonardo DiCaprio, Cate Blanchett, Daniel Day-Lewis, Mick Jagger, Jodie Foster eta abar daude tartean. Ez dira kortesiazko elkarrizketak; sormenezko konplizitatea nabaria da, eta filmaketetako pasadizoak, tentsioak eta une intimoak argira ateratzen dira, ikusleari Scorseseren mundu intimoan murgiltzeko atea zabalduz.

Artxibo pribatuetako material argitaragabez osatutako biltegi bat ere erakusten da, non haren lehen argazkiak, etxeko filmak eta nerabezaroan filmatu zituen 16 mm-ko pelikulak gordetzen diren. Pertsonalki ere guztiz irekitzen da, gai gatazkatsu guztiei buruz mintzatzen: argi eta garbi hitz egiten du drogekin izan dituen arazoei, aita gisa dituen gabeziei eta filmazioetan izandako haserre-erasoei buruz. Hala ere, haren filmografian genero irudikapenari buruzko hausnarketa kritiko baten falta sumatzen da, emakume protagonisten gabezia nabarmena delako.

Haren haurtzaroko zenbait alderdi ere aipatzen dira, eta nola gertaera horiek modu sinboliko edo literalean islatzen diren haren zineman: indarkeria, errua, anbibalentzia morala, torturatutako pertsonaiak. Egilearen bizitza pertsonalak bere sormena nola elikatzen duen erakusten du modu sakonean.

Scorseseren eragina izugarria izan da zinema garaikidean, eta dokumental sorta zoragarri hau horren isla argia da. Mr. Scorsese harribitxi bat da, zinemazaleentzat karamelu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.