Prime Video plataformara Strange Darling heldu da, ezaugarri bereziak dituen proposamen bat: Giovanni Ribisi aktore ezagunak argazki-zuzendari modura egindako lehen lana da. 35 milimetrotan grabatzearen aldeko hautu ausarta egin du, eta filma sei ataletan banatuta dago, baina ez dira kronologikoki aurkezten.
Sinopsiak zera dio: neska gazte batek gau bateko abentura bat izango du serieko hiltzaile batekin, amesgaizto bati hasiera emango diola irudikatu gabe.
Kritikari eta ikusle askoren txaloak bereganatu dituen arren, ez nator bat jaso dituen iruzkin positiboekin. Estetika dotorea da eta planteamendua ausarta; haren koloreek eta egiturak hipnosira eramaten dute begirada, eta nik ere gozatu dut bidaia, baina hasieran soilik.
Filmaren erdian, bat-batean, ezusteko bat: zirraraz beteriko eszena, une batez dardara eragiten du. Baina hortik aurrera, dena lausotzen hasten da, eta narratiba amildegira erortzen da zuzenean. Ezusteko hori gustatu zait, baina ikusleari helarazteko modua oso tranpatia iruditu zait. Filma sakonean arakatzen hasi orduko, zalantzagarriak diren hainbat alderdi topatu ditut. Gezurra den sinopsitik hasita —hala da, bai—, filma engainagarria da.
Estiloak edukia irensten du: batere sotila ez den, artifiziosoa eta ikusgarria den estetika bat erabiltzen du; oso erakargarria bada ere, funtsgabea iruditzen zait.
Arazorik handiena, ordea, filmaren amaierako mezu edo keinu arriskutsuarekin izan dut. Zoragarria da emakumezko pertsonaia sendoak eta ahaldunduak dituzten filmak ikustea, baina kasu honetan —eta amaierako mezua kontuan hartuta—, eztabaidagarria iruditu zait. Serieko hiltzaile bati buruzko film interesgarria izan zitekeena #MeToo mugimenduarekin deseroso sentitzen diren gizonen funtsik gabeko beldurretan oinarritzen den proposamen bihurtzen da.
Argudio hori behar bezala garatzeko spoilerrak jaurti behar ditudanez, ez dut zehaztuko zein sekuentziatan gertatzen den hori; esango dizuet, soilik, pelikularen azken minutuetan gertatzen dela, poliziak agertzen diren unean. Zenbait gizonek dioten «emakumeen salaketa faltsuekin» egiten dut lotura; sexu-indarkeriaren gaian «emakumeek ere gezurra esan dezakete» mezua helaraztea arriskutsua iruditzen zait.
Iruditzen zait film hau gizon baten begiradatik soilik sortu zitekeela.