Aktoreen lana pantailetatik eta antzoki edo aretoetatik gure egunerokora sartzen denean, hau da, familia eta lagunen arteko harremanetara, arraro samarra iruditzen zaigun zerbait pentsarazi diezaguke. Izan ere, nekez irudikatzen dugu gure inguruko pertsonak aktoreak izatea. Baina hori ere errealitatea izan daiteke Japonian.
Testuinguru horretan kokatzen da Hikari zinemagile japoniarrak zuzendutako Rental Family filma (2025), Brendan Fraser protagonista duela. Lanak agerian uzten ditu gizartearen indibidualtasunean sortzen diren hutsune emozionalak, eta, aldi berean, harreman konplexuen inguruko hausnarketa proposatzen du, nolabait sendagai modura aurkeztuz.
Rental Family-k Phillipen istorioa kontatzen du, Brendan Fraserrek antzeztua. Tokion noraezean dabilen eta lanik gabe dagoen aktore estatubatuarra da. Aspaldiko ospea —hortzetako pasta baten iragarki bati esker lortua— atzean utzita, bizitzari zentzua aurkitu nahian dabil, Rental Family enpresa ezagutzen duen arte.
Enpresa horrek aktoreak alokatzen ditu bezeroen bizitzako hutsune sozial eta emozionalak betetzeko. Kontrata daitezkeen pertsonaiak dira, bezeroen beharretara egokitutako harremanak antzezteko. Azken batean, emozioak saltzea da negozioaren muina, edo filmak iradokitzen duen bezala, zoriontasuna neurrira ematea.
Hasieran kosta egiten bada ere, filmak pixkanaka hartzen du indarra, eta ibilbidean zehar bakardadea eta sentsibilitatea modu ederrean uztartzen ditu. Ez da drama triste bat bakarrik; une dibertigarriak eta itxaropentsuak ere baditu, ikusleari nolabaiteko babes sentsazioa ematen diotenak, neurri handi batean Brendan Fraserren interpretazioari esker.
Filmak bakardadearen gaiari sakontasunez eta originaltasunez heltzen diolako gustatu zait. Irakurri dudanez, Japonian gaur egun hirurehun enpresa baino gehiago daude halako zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Japan Efficiency Corporation izan zen aitzindaria 1991n. Harrigarria dirudi, baina gure inguruan nekez aurkituko dugu inor norbaiten faltan sumatzen ez duenik. Denok dugu entzunak izateko beharra, hori da mezua.