Poparen erregina australiarra, eta askotan gure musika aparailuetatik oharkabean igaro den artista. Netflixek Kylie Minogueren Kylie dokumentala estreinatu berri du; bertan, bere testigantzak eta kontakizun intimoenak partekatzen ditu, eta bere lekua eta lana aldarrikatzeko ariketa bikaina egin.
Neighbours telesailean egin zituen lehen urratsetatik minbiziaren diagnostikoraino, haren bizitzako eta ibilbideko pasarte garrantzitsuenak arakatzen ditu dokumentalak. Kylie Minoguek berak lehen pertsonan kontatzen du bere historia, baina haren inguruko hainbat pertsona ere agertzen dira: Dannii Minogue (ahizpa), Jason Donovan (aktorea eta bikotekide ohia), Pete Waterman (musika ekoizlea) eta Nick Cave (abeslaria eta lagun mina), besteak beste. Haiek guztiek artistarekin izandako harremana eta haren ibilbideari buruzko gogoetak partekatzen dituzte.
Hala ere, niretzat interesgarriena Kylie Minoguek musikaren industriaren alde ilun eta zorrotz honetan errekonozimendua eta errespetua lortzeko egin behar izan zuen bidea ezagutzea izan da. Hasieran, aktore ezagun izan eta abeslari bihurtu zen oso azkar. Baina ez zituen berak sortzen abestiak; diskoetxearen menpe zegoen. Australia eta Ingalaterra artean igarotzen zituen egunak eta gauak, eta orduan hasi ziren lehen kritikak. Neska gazte, polit eta txikia zen, eta ez zuten serio hartzen. Hedabideak haren ahotsaz gaizki esaka hasi ziren, eta The Singing Budgie ezizena jarri zioten; euskaraz, perikito abeslaria.
Era berean, haren fisikoarekiko obsesioa ere nabarmena zen. Elkarrizketa askotan haren harreman sentimentalak edo itxura fisikoa izaten ziren galderen ardatza, eta oso gutxitan hitz egiten zuten haren musikaz edo sormen lanaz.
Kylie Minoguek bere ahotsa aurkitu arte egindako bidea luzea izan zen. Mugak ezartzen ikastea eta artista zela aldarrikatzea ez zen erraza izan, baina aurrean izan zituen aurreiritzi eta oztopo guztiei aurre egitea lortu zuen. Horri esker, gaur egun den izarra bihurtzeko ateak ireki zituen, eta pop musikaren historiako figura garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Nick Cavek dioen bezala, «popa zoriontasunerako tresna bat da», eta, zentzu horretan, Kylie Minogue bera ere bai. Izan ere, bere musikaren bidez zoriontasunaren festa etengabe bat sortzea lortu du.