Euskaldunen eta andaluziarren arteko harremana umorez lantzen duen telesail bat estreinatuko du gaur Antena3 kateak: Allí abajo (22:40). Neox eta Nova kateetan ere aldi berean emango dute lehen atala. Oscar Terolek 2011. urtean jaso zuen Plano a Plano ekoizpen etxearen enkargua telesailaren gidoia sortzeko; tartean gai bera lantzen duen Ocho apellidos vascos filmak zinema aretoetako markak hautsi zituen iaz. Kasu honetan, telesailaren trama gehienak Sevillan (Espainia) garatzen dira.
Iñaki tabernaria (Jon Plazaola) Donostian bizi da, Maritxu amarekin (Ane Gabarain). Ez da ia inoiz Euskal Herritik atera. Kuadrillako lagunak dira haren harreman afektibo bakarrak: Peio (Iker Galartza), Koldo (Gorka Aginagalde) eta Antxon (Oscar Terol). Amak Sevillara joan behar du. Iñakik lagundu egin beharko dio bidaian. Eta, ezustean, amak ospitalean amaituko du. Haren zaintzaz arduratuko da Carmen erizainen burua (Maria Leon). Iñakiren eta Carmenen arteko maitasun istorioa izango da ostera telesailaren ardatz nagusia.
Euskal aktore gehiago ere badira ekoizpenean: Maribel Salas, Santi Ugalde eta Alazne Etxeberria. Komediaren zuzendariak Iñaki Mercero, Joaquin Mazon eta Jacobo Martos dira.
Antena3ek gaur estreinatuko du 'Allí abajo'; Jon Plazaola da protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu