Ekografiak ataleko ikasturte honen azken orrialdeak idazten ari gara, eta ez nuke oporretara joan nahi abuztuan plataformetara iritsiko den izenburu bat proposatu gabe. Abuztuaren 7an helduko da Filminera Un poeta, Simon Mesa Sotok idatzi eta zuzendutako proposamen berezi, ausart eta guztiz gomendagarria.
Istorioaren protagonista, Oscar Restrepo, garai batean gaztea, poeta eta saritua izan zen gizon bat da; gaur egun, ordea, alkoholaren lainoan, frustrazioaren lokatzetan eta historiatik kanpo erori izanaren sentipen geldoan bizirauten du. Amarekin bizi da, baina heldu gisa trata dezaten eskatzen du; alabari dirua eskatzen dio mozkortzeko, benetako aita izatetik oso urrun dagoen bitartean. Harroa eta heldugabea da, munduaz etengabe kexatzen den horietakoa, bere buruari begiratu gabe. Zaila da hura maitatzea, baina filmak, ogi-apurrak balira bezala, ñabardura txiki baina esanguratsuak uzten ditu bidean.
Bitxia bezain interesgarria da Simon Mesa Sotok protagonista antiheroi dekadente gisa marrazteko egiten duen hautua. Oscar ez da poeta erromantikoa; figura higatu bat da, barregarria eta mingarria, eta, aldi berean, sakonki gizatiarra. Ubeimar Riosek —aktore ez-profesionala— pertsonaia suntsitzaile bat gorpuzten du. Hain zuzen ere, karikaturan erori gabe jarduten duelako lortzen du hain sinesgarri izatea.
Filmak oreka harrigarria lortzen du absurdoaren eta malenkoniaren artean. Batzuetan, protagonistaren egoera ia groteskoek irribarrea eragiten dute; hurrengo eszenan, ordea, haren bakardadeak eta porrotaren zamak eztarria korapilatzen dute. Tonu bien arteko dantza horretan, ikusleak Oscarren ondoan amaitzen du, haren akatsak barkatu gabe, baina haren zauriak ulertzen hasita.
16 milimetrotan filmatua, haren testura zimurrak protagonistaren higadura emozionala areagotzen du, eta oroimen lausotu eta apurtu baten kutsua ematen dio film osoari, gaizki kontserbatutako oroitzapen baten antzera.
Pertsonaia hauskor horren bidez, Simon Mesa Sotok Latinoamerikako kultura garaikidearen erretratu zorrotza marrazten du. Sorkuntza artistikoa etengabe baldintzatzen duten desberdintasun sozialak azaleratzen ditu, baita aitortzaren eta besteen begiradaren mende eraikitzen diren arrakalak ere.
Lan deserosoa eta probokatzailea da, baina baita zintzoa eta mamitsua ere.