Gaizka Soria: «Ardura handia sentitu nuen Gokuren ahotsa egiteko hautatu nindutenean»

Urrian hasi ziren Primeran eta Makusi 'Dragoi Bola Super' animaziozko saioa euskaraz ematen. Gokuren ahots berria da Soriarena.

Gaizka Soria bikoiztailea, Bilbon, abenduaren 16an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gaizka Soria bikoiztailea, Bilbon, abenduaren 16an. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaztea bada ere, urte gutxian bikoizketa lan esanguratsuak egin ditu Gaizka Soriak (Bilbo, 2000). Bikoiztaile lanean luzaroan aritu nahiko luke.

Askotariko ahotsak egiten hasi zinen haurra zinela. Nolatan?

Pailazo samarra nintzen umetan, beti barrezka nengoen. Ez dakit erraztasuna nuen horretarako, baina ahots desberdinak jartzen nituen. Neure buruari erronkak jartzen nizkion. Filmak ikusten nituenean, entzundako ahotsak, doinuak eta soinuak imitatzen aritzen nintzen.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasteari ekin zenion unibertsitatean. Baina zer gertatu zen?

Konturatu nintzen eskolak emateko metodologia ez zela nire gustukoa. Lehen urtean, kasurako, hamar ikasgaitatik soilik bi izan ziren ikus-entzunezkoei hertsiki lotuak. Hori dela eta, beste toki batean saiatzea erabaki nuen. Bikoizketa ikasketei ekin nien orduan.

Unicorn Wars izan zen zure lehen filma bikoiztaile moduan. Zer moduz joan zen?

Ezusteko handia izan zen. Hautaproba batzuetan aukeratu ninduten, film horretarako zela jakin gabe. Pozik aritu nintzen lan horretan, sekulako esperientzia izan zen. 2022an izan zen hori.

Bi hizkuntzatan aritu zinen, ezta?

Bai, filmaren jatorrizko hizkuntza gaztelania da. Hasieran, soilik animazioak zeuden, eta amaitu gabe, gainera. Gero, euskarazko bertsioa egitea oso arraroa izan zen, nire ahotsa bikoizten aritu bainintzen. Hala ere, euskaraz hobeto moldatu nintzen, ordurako esperientzia handiagoa nuen eta.

Ninja dortokak ere ondo joan al zen?

Kristorena izan zen hori. Nik txikitan ikusitako telesaila zen, eta, gainera, Rafael zen nire ninja dortoka kutunena. Oso pertsonaia exijentea da: beti oihuka dabil, eta haserre ibiltzen da sarri. Egun batzuetan, eztarria urratu, eta ezin nuen gehiago. Baina oso polita izan zen lan hura.

Dragoi Bola Super saioan Gokuren ahotsa jarriko zenuela jakin zenuenean, zer sentitu zenuen? 

Sentimendu pilo bat batu zitzaizkidan batera: urduritasuna; poza, noski; eta sekulako ardura ere bai. Goku oso pertsonaia garrantzitsua da euskaldunontzat. Euskal kulturan Dragoi Bola-k garrantzi handia izan du, hainbat belaunalditan. Hortaz, ardura handia sentitu nuen hautatu nindutenean. Urduri hasi nintzen, baina lasaituz joan nintzen, eta disfrutatu ere egin nuen.

Dragoi Bola-ren zalea zinen?

Bai, betidanik, txikitatik. Aitari esker hasi nintzen Dragoi Bola ikusten. Ondotik, mangak irakurri izan ditut, bideojokoetan ibili... Txikitan ikusitako pertsonaia hori oso garrantzitsua izan da niretzat, eta orain hari ahotsa jartzea... Oraindik ezin dut sinetsi.

Adin guztietako ikusleek gozatzeko modukoa da Dragoi Bola Super?

Baietz esango nuke. Gozatu dezakete bai haurrek bai Dragoi Bola iraganean ikusi izan duten guraso edo helduek ere. Betiko zaleek ere bai, alegia.

Nola moldatu zinen Josu Mitxelena bikoizketa zuzendariarekin eta beste lankideekin, Gokuren ahotsa lantzeko orduan?

Oso ondo. Harreman estua izan genuen. Mitxelenarekin ere primeran moldatu nintzen, umore handiko pertsona da, eta barre asko egin genuen. Nahiz eta lanegun gogorrak izan genituen, irribarrez amaitzen genuen.

131 atal ditu Dragoi Bola Super telesailak. Guztiak daude bikoiztuta?

Bai, guztiak. Abuztuan amaitu genuen. Primeran-en asteazkenetan jartzen dituzte atal berriak, eta Makusin, ostiraletan.

Gokuren zaleen iritzi asko jaso al dituzu?

Kritikak iritsi zitezkeela pentsatzen nuen, ikusleek beste ahots batzuk zituztelako gogoan. Baina harrituta gelditu naiz, zaleek besoak zabalik hartu naute eta. Baina urduri nago oraindik, atal asko gelditzen baitira.

Eztabaida hor da. Bikoizketa automatikoa egiteko tresna bat sortu du Elhuyarrek. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Bikoiztaileok kalera ateratzeko ordua da. Publikoak jabetu behar du ikusten dituen saioen atzean pertsonak daudela, bere maitasuna eta ilusioa bikoizketan jartzen duten langileak. Akaso iritsiko da garai bat non adimen artifizialak perfekzio moduko bat lortuko duen; gaur egun nabaritzen da bikoizketa bat makina batek egina denean. Baina, zoritxarrez, perfekzio horretara iritsiko dira. Eta jendeak, etorkizunean, aukeratu egin beharko du sentimendurik gabeko robot batek sortutako ahotsaren eta arima eta gogo guztia jartzen duten pertsonen ahotsaren artean. Espero dut ikusle horiek pertsonek bikoiztutako produktua aukeratzea. Testuinguru horretan, ekitaldi berezi batzuetara joaten hasiak gara bikoiztaileak. Garrantzitsua da jendeak gu ikustea.

Beti beharko da pertsona baten lana bikoizketa prozesuan?

Espero dut baietz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.