Iñaki Leturia. 'Teknopolis' saioaren aurkezlea eta zuzendaria

«Arriskatu behar dugu, gauza berriak egin»

'Teknopolis' saioak zientzia modu ulergarrian eta erakargarrian azaltzeko ahalegina egiten du duela 22 denboralditik. Iñaki Leturiak uste du ikusleek saioa, ikusi baino gehiago, entzun egiten dutela.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
jakes goikoetxea
Usurbil
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iñaki Leturia (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1970) Elhuyarrek ETBrentzat egiten duen Teknopolis saioaren aurkezlea da, eta zuzendarietako bat —Nagore Rementeriarekin batera—. Saio historikoa da —22. denboraldia du—, baina berritzea du etengabeko erronka.

Zientziari buruzko ikasketarik?

Ez. Batxilergoan bai, baina gero kazetaritza ikasi nuen.

Horrek baldintzatzen edo mugatzen du zeure lana?

Dakienari eskatu behar diot azaltzeko. Babes hori behar dut.

Hala ere, aditua ez izateak behartu egiten zaitu zerorrek ulertzera, gero gainerakoei azaltzeko. Zeuk ulertzen ez baduzu, nekez ulertuko dute ikusleek.

Eta gaiak beste ikuspuntu batetik ikusten dituzu. Erreportajeetan eta saioetan nire maila jartzen saiatzen naiz, jendeak nire ikuspuntutik ulertzea, hurbiltzea. Lortu behar dugu jendeak ulertzea, mezua iristea.

Nola aukeratzen dituzue gaiak?

Adi egoten gara beti. Asko irakurtzen dugu. Jakin-mina eduki behar da, alde guztietara begiratu.

Ikertzaileek, ikerketa taldeek eta ikerketa zentroek barneratua dute interesgarria dela egiten dutena azaltzea eta erakustea? Errezeloak dituzte oraindik?

Errezeloak badaude. Oraindik ere zalantzan jartzen dute ea kazetari bat gai izango ote den egiten dutena ondo azaltzeko. Buelta emanda: zientzialaria gai izango da jendeak ulertzeko moduan azaltzeko? Beharrezkoa da egiten dutena azaltzea, baina oraindik ere gertatzen da ateren bat jo eta «zertarako?» galdetzea. Edota lan gehigarritzat hartzea. Gero eta gehiago dira, ordea, haien lana zabaldu behar dutela uste dutenak.

Teknopolis-en bereizgarrietako bat bada eguneroko bizimoduaren atzean dagoen zientzia eta teknologia erakustea. Zuek ezarritako ardatza da?

Bai. Koronabirusari buruzko programa bat prestatzen ari gara, eta ezin dugu, albistegien moduan, egun batetik bestera erantzun; baina jendeari kokatzeko balioko dion programa bat egingo dugu.

Zorroztasuna bai, eta entretenimendua?

Saioak entretenimendua ere behar du. Gai batzuk modu ludikoago batean lantzen ditugu, baina mezu batekin.

Badago joera bat zientzia ikuskizun bihurtzeko. Zuek nola orekatzen dituzue zorroztasuna, ulergarritasuna, erakargarritasuna eta entretenimendua?

Ikuskizunaren bidea baztertuta daukagu aspalditik. Zientzia erakargarri egitea erronka handia da. Edukien tratamenduan dago gakoa. Askotan esaten dut gure ikusleek entzun egiten dutela, arreta jartzen dutela. Oreka zaila da, baina edukia zaindu behar da, arreta jarri duenari lagunduz.

Mikel Alvarez BERRIAko telebista kritikariak abenduan idatzi zuen saio biribila egiten duzuela, baina agian tonua eta errealizazioa zaharkituak geratzen ari direla. Ausartagoak izan beharko zenuketela zioen. Ados?

Bai. Geu ere konturatzen gara. Urtero egiten dugun gogoeta da molde batzuk gainditu behar ditugula. Funtzionatzen duenari eustea eta aldaketatxo batzuk egitea, narrazio forma berriak probatzea. Jende asko ari da hori lortu nahian, baina gutxik lortzen dute. Hala ere, arriskatu behar dugu, gauza berriak egin, ez betikoa.

Audientziak zaintzen dituzue?

Bai. Pixka bat igo gara azkeneko hiru edo lau urteetan. Emaitzak nahiko txukunak dira.

Ordutegiak lagundu egin dizue.

Bai. Jendeak ikusteko moduko ordutegian ematen dute, eta audientzietan nabaritzen da.

22 denboraldi daramatzazue. 23.a bermatuta dago?

Ez, urtero irabazi behar da hurrengoa. Badirudi Teknopolis betirako dela, baina telebista mundua gogorra da, eta kentzea erabaki dezakete.

ETBk baliabide teknikoak soilik jartzen ditu?

Lehen, ETBk kamerak-eta ordaintzen zituen; aurten ere bai, baina orain dirutxo bat ematen digu, eta geuk bilatu behar dugu enpresa bat zerbitzu hori emateko.

ETBrentzat, beraz, merkea da Teknopolis-en moduko saio bat izatea?

Nik uste dut pagotxa dela. Gainera, prestigioa ematen dio.

Baduzue eredu gisa hartzen duzuen programarik?

Geure artean maiz aipatzen dugu Pere Estupinyaren El cazador de cerebros [Garunen ehiztaria] TVEko programa. Baina haien baliabideek ez dute zerikusirik gureekin. Hala ere, uste dut ahalegina egin daitekeela, burua nekatuta gauza duinak egin daitezkeela. Agian ez zara iritsiko haraino, baina hurbilduko zara. Hori bai, merke egin behar dugu. Bai Teknopolis-ek eta bai ETBk larre motzeko telebista egin behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.