Irratia

Arrosaren 'Zebrabidea' bi ahotsetara egiten ari dira aurten

Arrosa irrati sareak 'Zebrabidea' magazina egiten du egunero, zuzenean, 16:00etatik 18:00etara. Sara Iriartek eta Ekhiñe Zapiainek aurkezten dute.

Sara Iriarte eta Ekhine Zapiain, 'Zebrabidea' magazinaren aurkezleak. ARROSA
Sara Iriarte eta Ekhine Zapiain, 'Zebrabidea' magazinaren aurkezleak. ARROSA
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Orain arte, Arrosa irrati sarearen Zebrabidea magazinak aurkezle bakarra izan du. Hainbat esatari aritu dira zeregin horretan, baina, aurten, bi aurkezle ditu programak: Ekhiñe Zapiain eta Sara Iriarte. Gazteak dira biak, eta pozik ari dira elkarrekin irratsaioa egiten. Ez da nolanahiko saioa; izan ere, Arrosa sareko 26 irratietako gehienek ematen dute. Astegunetan entzun daiteke zuzenean, 16:00etatik 18:00etara; ondotik, sarean modu desberdinetan entzun daiteke.

Aurreko urtean, Zapiain aritu zen aurkezle. Nabarmendu du aurtengo aldia «sekulako aldaketa» izan dela beretzat. «Sara Iriarte gehitu da lantaldera, eta elkarrekin egiten ditugu aurkezle lanak. Horrek lanaren pisua izugarri arindu dit. Eta, bestalde, saioa bera arindu du. Askoz entzungarriagoa da orain magazina, eta bertze dinamika bat du». Formula aldatu egin dela azaldu du Zapiainek: «Aurreko denboraldian sentitzen nuen xede nagusia zela beste irrati batzuetatik pasatzen zizkidaten erreportajeen zubi lana egitea. Aurten, beste bira bat eman diogu egiturari, guk osatu dugu eta lortu dugu gure ardatzen gainean jartzea erreportajeak. Orain guk marrazten dugu bidea».

Aitziber Zapirain Arrosa sareko koordinatzaileak eta Naiz irratiko Maite Bidartek laguntzen diete bi esatariei edukiak lotzen eta programa koordinatzen. Bestalde, irratiek zuzeneko kolaborazio gehiago egiten dituzte. Hau da, erreportajeak bidaltzeaz gain, zuzenekoetan ere parte hartzen dute. «Tertulien tartea ere ireki dugu, eta bertan irrati desberdinetako kazetariek parte hartzen dute. Zuzenekoari garrantzi handiagoa eman diogu orain».

Iriarte denboraldi honetan hasi da Zebrabidea-n. «Kostatu zitzaidan pixka bat martxa hartzea, orain arte albistegietan aritua bainintzen [Naiz irratian]. Baina ikasteko toki oso ona izaten ari da». Magazinaren estiloari dagokionez, oinarria eurak direla azaldu du. «Eta laguntza dugu beste irratiena. Baina ez da irrati saioen mix bat. Izaera propioa du programak».

Estudiotik kanpo ere bai

Arrosaren irratsaioan gogotsu ari da Iriarte: «Erronka bat da niretzat. Arrosako koordinatzaileak gustura daude saioarekin, eta gu ere bai». Entzuleengandik, bestalde, feedback ona ari dira jasotzen. «Saioaren gaztetasuna eta freskotasuna aipatzen dizkigute».

Aurten berreskuratu dute Zebrabidea estudiotik atera eta beste toki batzuetan egiteko ohitura. Hala Bedi irratiaren 40. urteurrenean, Gasteiztik egin zuten saioa. Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irratira joatekoak dira, urteurrenarekin bat egiteko. Eta Korrikaren hasieran ere izan ziren, Irunen (Gipuzkoa). «EHZn izan ginen iaz, eta aurten ere han izango gara», aipatu du Zapiainek. Ekainaren 28tik 30era egingo dute, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea).

Basaburuan (Nafarroa) topaketa batzuk egiteko asmoa zuen Arrosa irrati sareak, baina bertan behera utzi dituzte. Aurten ez dute topaketarik egingo, eta aztertzen ari dira etorkizunean zer egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.