Euskal Ikasketak egin zituen Battitt Crouspeyrek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1989), Baionan eta Gasteizen. Sei urte egin zituen Iparraldeko Euskal Irratietan lanean. 2020an, berriz, familiako mahastian hasi zen; baditu bost hektarea Baigorri eta Irulegi artean. Hiru urtez aritu da Harri salda aurkezten, baina aurrerantzean denbora osoa eskainiko dio mahastiari.
Harri salda saioaren amaiera dela eta, zer sentipen dituzu?
Gauza eder baten bukaerara iristearena. Ni emankizunean duela hiru urte sartu nintzen. Harri salda abentura polita izan da, eta ainitz ikasi dugu. Asebetetze moduko bat sentitzen dugu. 175 atal izan dira.
Nolakoa izango da azken atala?
Batetik, forma klasikoa izanen du: hiru gonbidatu etorriko dira. Baina emankizunaren bigarren partean, omenaldi gisako zerbait egingo dugu, Harri salda-n parte hartu duten jende guztiei zuzendua. Ezusteko batekin amaituko dugu Kanalduden sei urtez hain garrantzitsua izan den emankizuna.
Zer esango zenuke Harri salda-k egin duen ekarpenaren balioaz?
Lehen hiru urteetan programaren ikusle izan nintzen. Kanalduderentzat erronka bat izan da saioa, erregulartasun batekin astero-astero egitea. Zerbait landua eta txukuna egitea... Funtzio sozialaren aldetik, uste dut lortu dugula erreferentziazkoa izatea. Batzuentzat Harri salda bilakatu da bertatik pasatu beharreko lekua, zerbait bazutelarik aurkezteko. Erakusleiho moduko bat izan da zenbaitentzat.
Emankizunak historia kolektibo bat ere izan duela esango zenuke?
Bai, bai. Sei urte geroago, lantaldea ez da lehengo bera; Pantxika Maitia gelditzen da hastapenetik. Jende desberdina pasatu da Kanaldudetik. Kronikariak ere asko inplikatu dira, bakoitza bere eremuan. Jende ugarik egin du ekarpena, eta gonbidatu mordoa ezagutzeko aukera izan dugu: seiehun inguru.
Gonbidatuak ezagutzeko aukera aberastasun pertsonal gisa bizi izan duzu?
Dudarik gabe. Estimulazio biziki desberdina eman didate astero. Jende anitz eta interesgarria ezagutzeko parada eman dit saioak. Sortzaileen aldetik ere zer esanik ez: disko berriak entzuteko, liburuak irakurtzeko eta ikuskizunak ikusteko aukera izan dut.
Irratigintzan aritu zinen lehendik. Nola topatu duzu bolada honetan zeure burua kameraren aurrean?
Aldaketa handia izan da. Euskal Irratietan sei urtez aritu nintzen, 2020ra arte. Mahastizaina naiz, eta hori da nire lan nagusia. Astean egun bat eta erdi lan egiten nuen Kanalduden. Kamerak berekin ekartzen du zure irudiarekin eta gorputzarekin beste harreman bat edukitzea: irudia kontrolatu beharra dakar. Zorionez, erosotasun bat aurkitu dut; bada onarpen bat, norbere irudia onartzeko prozesu bat ere badena. Aldi berean, telebistak beste tresna batzuk ematen ditu. Euskarri bisualean, informazio anitz pasatzen da hortik ere.
Harri salda Hamaika telebistan ere ikusi ahal izan da Hego Euskal Herrian.
Biziki pozik naiz gure lana Euskal Herri osora zabaldu delako. Polita izan da: kasurako, ezagutzen ez nuen gasteiztar batek esatea emankizuna ikusten duela, eta plazer handiz etorriko dela gure platora. Bestalde, Ipar Euskal Herria izan da gure oinarria, baina Euskal Herri osoan zubi lana egiten saiatu gara. Hedabideen arteko harremana ere interesgarria da. Kanaldudek Hamaika telebistaren programa batzuk ere ematen ditu, eta biziki aberasgarria da hori gurea bezalako hedabide txikientzat.
Aurrera begira Kanaldude sendo ikusten duzu?
Uste dut baietz. Harri salda bukatuko da, eta bukaera bat da hau, baina segida iritsiko da. Amaren sabelean dago proiektu berria. Esperientzia hartzen ari den hedabide bat bezala ikusten dut Kanaldude. Gero eta gauza txukunagoak egiten dakien jendea dago taldean.
Zu bazoaz telebista lanetik.
Aurrerantzean soilik mahastian ariko naiz lanean. Telebistako lana amaitzeko arrazoi bat ere izan da etxean hirugarren haurra sortu zitzaigula abenduan.
Kanaldudek ere izango ditu ume berriak?
Bai; metaforari jarraikiz, uste dut orain badela Kanalduden pilatu den esperientzia bat. Eta heldutasun handiago horrek ahala emanen die ume berri horiei.