Aste barrurako, sakelakoa, eta asteburuetarako, prentsa idatzia

Koldo Diaz Bizkarguenagak, Xabier Landabideak eta Gorka Salcesek diote badela zer hobetu euskarazko hedabideen ikerketan

Durangoko Azokan aurkeztu zuten atzo Hekimenek eta ikerlariek Euskal Hedabideen Urtekaria. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskarazko komunikabideen kontsumitzaile gazte askok aste barrurako, «erritmo azkarraren baitan», sakelako telefonoa erabiltzen dute, eta asteburuetan, «lasai egoteko garaia izanik», egunkariak edota aldizkariak irakurtzen dituzte. Hala ondorioztatu dute Koldo Diaz Bizkarguenaga (EHU), Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea) eta Gorka Salces (EHU) irakasleek zortzi gazterekin egindako elkarrizketetatik. Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta Internet: euskal audimetrien alde kualitatiboa artikulua argitaratu dute 2015eko Euskal Hedabideen Urtekarian —atzo aurkeztu zuen Durangon Hekimen elkarteak, EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera—.

Euskal gizartearen hedabideen kontsumoaren inguruan azkeneko urteetan egindako ikerketek mugak dituztela diote artikuluaren hiru egileek, eta ikerketa egokitu baten lehen pausoak laburtu dituzte. Euskal audimetria berrien beharra nabarmendu dute.

Bizkargunenagak, Landabideak eta Salcesek harpidedun gazteak eta Internet erabiltzaileak bakarrik hartu dituzte aintzat ikerketa egiteko, Hekimenekin hala adostuta. Egindako elkarrizketa sakonen ostean, ondorioztatu dute Interneteko euskal hedabideen kontsumoan, hainbatek idatzizko edukien irakurketa diagonala egiten dutela. Hau da, beste zerbait egiten ari diren bitartean has daitezke artikulu bat irakurtzen eta, ondorioz, edukia sakon irakurtzeko denbora ez dutenez, «arin» eta «zeharka» irakurtzen dutela. Kontsumo modu arin horri lotuta, Interneteko euskal hedabideen kontsumoa sakelako telefonoen bidez egiten dutela nabarmendu dute ikerlariek. Era berean, nahieran kontsumitzeko aukerak indarra hartu du. Kontsumitzaileek maiz ez dute aukerarik saio bat telebista jakin batek programatutako orduan ikusteko, eta horregatik, bai haiek bilatuta, bai lagunek gomendatuta, nahieran aukerara jotzen dute.

Whatsapp bidez ere kontsumitzeko aukeraren potentzialtasuna nabarmendu dute ikerlariek; elkarrizketatuek azaldu dute geroz eta gehiago erabiltzen dutela sakelako telefonoa albisteak zein bideoak bidaltzeko.

Eta ondorioztatu dute edukiak, sakon irakurri edo entzun ordez, arin zein zeharkako era batean kontsumitzeak ahalbidetzen duela aldi berean bi komunikabide kontsumitzeko aukera izatea. Telebistaren kasuan, adibidez, bigarren pantaila geroz eta ohikoa da; adibidez, saio bat ikusi bitartean Twitterren haien iritzia emateko ohitura dute zenbait gaztek.

Interneteko sare sozialek garrantzi handia hartu dute. Hala, gazte gutxi sartzen dira hedabideen atarietara zuzenean, eta gehiago dira sare sozialen bidez sartzen direnak komunikabideek Interneten duten edukietara.

Elkarrizketen analisitik ateratako ondorioen arabera, eduki, forma eta hizkera aldetik testuinguru berrira egokitzeko beharrezko moldaketak eginez gero, euskarazko komunikabideentzat aukera garrantzitsuak irekitzen dira.

Euskal hedabideen urtekarian, bost ikerketa lan eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariaren Komunikabideak komunitate artikulua bildu dituzte. Zaintzeaz, landatzeaz eta ereiteaz hitz egiten du Agirrek, «elkar elikatu, elkar errepikatu, elkar erreferentziatu eta elkar komunikatuko» duen euskal hedabide esparru bat eratzeaz, «komunitatea eta komunitatekideak fabrikatzeaz».

Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak zuzentzen duen HEKA ikertaldeko kideek Euskarazko hedabideen errealitatea 2015 artikulua atondu dute, euskarazko komunikabideen sistema aztertu eta aurten errealitatea zein den adierazteko. Euskarazko hedabideen mapa zehatza egiten du, herrialdeka; Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak Euskarazko komunikabideak euskal Pirinioetan azterlana aurkeztu du; Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak zuzentzen duen HGH taldeak Euskal prentsa Europako estandarretan ikerketa lana argitaratu du; eta Nor taldeko Patxi Azpillagak (EHU) Euskal komunikazioaren gaineko bibliografiaren erretratua lana prestatu du.

Urtekaria Hekimen.eus webgunean jarriko dute aste honetan, denen eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.