Euskaldunen belaunaldi batek euskaraz irakurri zituen Asterixen komikiak. Ondotik, pertsonaiaren filmak iritsi zirenean, euskarara bikoiztuta ere ikusi ahal izan ziren haietako asko. Azkenaldian bazen arriskua Asterix euskaraz hitz egin gabe gelditzeko, baina Netflix ordainpeko plataformak euskarara ere bikoiztuta estreinatuko du gaur Asterix eta Obelix: Buruzagien borroka marrazki bizidunetako saioa.
Alain Chabat eta Fabrice Joubert Frantziako sortzaileek zuzendu dute animaziozko sail berria. Gidoiak Chabatek berak idatzi ditu, Benoit Ouillon eta Pierre-Alain Blochekin batera. Hiru dimentsioko animaziozko saioa da, eta 30 minutuko bost atalez osatua dago. Istorioa Rene Goscinnyk idatzi eta Albert Uderzok marraztutako Buruzagien borroka liburuan oinarrituta dago —1964. urtean argitaratu zuten—. Hain zuzen ere, Uderzok eta Goscinnyk sortu zituzten Asterixen eta Obelixen aurreneko abenturak; 1959ko urriaren 29an argitaratu zuten lehen alea Pilote aldizkarian, eta haien lehen komiki albuma 1961ean eman zuten argitara. Euskarazko lehen itzultzailea Jesus Mari Arrieta izan zen, 1976an.

Marrazki bizidunetako saioak komikien zale askoren istorioak gogorarazten ditu. Erromak Galiako azken herria konkistatu nahi du, kosta ahala kosta: Asterixen eta Obelixen herria. Baina herri horretako galiarrek edabe magiko bat dute. Asterix eta Obelix: Buruzagien borroka-n, Prorromanix galiarren buruzagia erromatarren aldekoa da, eta borroka egiteko erronka joko dio Abraracurcixi —Asterix eta Obelixen herriko buruzagia—. Kontua da Panoramix druidak Obelixen menhir batekin kolpe handia hartuko duela, eta memoria galduko duela. Hortaz, ez da akordatzen edabe magikoaren formularekin. Asterixek Abraracurcix bere buruzagia entrenatuko du, lehian aukera gehiago izan ditzan. Izan ere, borroka hori galduz gero, haien herria Prorromanixen eta Erromaren menpe geldituko da.
Netflix plataformak hitzarmen bat sinatu zuen Hachette argitaletxearekin, eta akordio horren barnean ekoitzi dute marrazki bizidunetako saio berria.
Anime berri bat, euskarazko azpidatziekin
Bestelako animazio mota bat dakar The Rose of Versailles animeak —izen bereko mangan dago oinarrituta—. Netflixek gaur bertan estreinatuko du lan hori, eta euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera egongo da. Filma Japoniako zinema aretoetan estreinatu zuten urtarrilaren 31n, eta Euskal Herrian soilik Netflixen ikusteko modua egongo da.

Istorioa XVIII. mendean dago oinarrituta, Frantzian. Oscar Françoise gaztea mutil bat balitz bezala hezi dute, baina neska da. Marie Antoinette erreginaren guardia ofizialeko kapitain izendatuko dute. Hainbat konspiraziori aurre egin beharko die. Frantziako Iraultza pizten denean, Oscar Françoise haurtzaroko lagun batekin maiteminduko da, eta herri xehearen alde jarri.