Aurreko denboraldian egindako apustu gehienek jarraipena izango dute aurten EITBko hedabideetan. ETBko saioetan agertu diren aurkezle gehienak ere ezagunak egingo zaizkio ikusleari. Berrikuntza batzuk izango dira, edonola ere. Esate baterako, urte luzez Forum saioa aurkeztu duen David Barberok urtarrilean Begoña Zubietari emango dio lekukoa. Elkarrizketa programa hori goizean goiz eman izan dute, baina datorren astetik aurrera 10:10ean emitituko dute, Egun On Euskadi amaitzerakoan.
Astelehenean hasiko du denboraldi berria ETBko albistegi taldeak. ETB1 katean, gaueko Gaur egun Ander Arzakek aurkeztuko du astegunetan, eta Saioa Martija asteburuetako albistegia aurkeztera pasako da. Bestetik, Azpimarra-k bere tartea betetzen jarraituko du, Maddalen Iriarterekin.
Berrikuntza handiena hemendik aste batzuetara ETB1era iritsiko den asteroko informazio saio bat izango da. Asteko gertakizun nabarmenenak errepasatuko dituzte programa berri horretan. Oraindik ez dute argitu saio hori nork aurkeztuko duen eta zer izen izango duen.
Eguraldi informazioan, astegunetan Andoni Aizpuru ariko da ETB1en eta Ana Urrutia ETB2n. Asteburuetan bi kateetan Urko Aristi izango da eguraldi gizona. Bestetik, eguraldiaren tarte berezi bat ari dira prestatzen. Arratsaldero magazina amaitzean emango dute, 19:50ak aldera.
Ramon Agirre, 'Goenkale'-n
ETB1eko telesail bakarra denboraldi honetan Goenkale izango da. Haur lapurtuen gaineko intrigak sartu dituzte gidoilariek. Aktore berrien artean, berriz, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga eta Maitane Salinas ariko dira. ETB2 katean hainbat telefilm estreinatuko dituzte: Mario Onaindiaren bizitzari buruzko El precio de la libertad, 1936ko kolpe militarraren gaineko La conspiración, Luis Mariasen Luna llena eta Patxi Barcoren Sabin. Jabier Rebolloren Erresumiña eta Juanba Berasategiren Tormesko itsumutila euskaraz emango dituzte.
ETB2 katean, bestalde, hilabete honetan Escépticos estreinatuko dute, «ikusleari pentsamendu eszeptikoa izan dezan gakoak eman nahi dizkion saioa». Jorratuko dituzten gaien artean homeopatia, telefonia antenak eta jainkorik bat ote den daude.
Egun gutxi barru gaztelaniazko katera El Conquistador del Aconcagua helduko da, Mikel Goñiren parte hartzearekin.
Negurako, Transición y Democracia dokumental saioa iragarri du ETBk. Jose Miguel Azpiroz eta Antonio Cristobal dira zuzendariak, eta Iñaki Gabilondo, aurkezlea.
ETB Sat, kirolaren katea
Astelehenetik aurrera ETB Sat katea kirolaren erakusleiho handi bihurtuko da. «ETB1ek bere esklusibekin jarraituko du. Eta, horien osagarri, formato berriak egingo ditugu ETB Saten», adierazi du Mikel Olazabal ETBko Kiroletako zuzendariak. Asteazken gauetan kirolari bat elkarrizketatuko du Jose Ituartek.
ETB3 katean, berriz, haurrentzako edukiak izango dira egunero, 07:30etik 22:00etara.
Komunikazioa
Asteroko informazio programa bat prestatzen ari dira ETB1 katerako
ETB2k 'Escépticos' eta 'Transición y Democracia en Euskadi' saioak estreinatuko ditu denboraldi honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu