BBCk eta ITVk Netflixen antzeko zerbitzu bat jarriko dute martxan

Britbox Ameriketako Estatu Batuetan hasiko da, eta, ondoren, beste merkatuetara hedatuko dute

BBCren Silent witness da Britbox zerbitzuko katalogoan sartuko dituzten telesailetako bat. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak eta ITV herrialde bereko telebista kate pribatu handienak bat egin dute, Interneteko ordainpeko zerbitzu bat martxan jartzeko. Britbox izena jarri diote plataformari, eta datorren urteko lehen hiruhilekoan estreinatuko dute Ameriketako Estatu Batuetan. Bi telebista kateek iragarri dute ondoren munduko beste merkatu batzuetara zabalduko dutela. Netflixen antzeko zerbitzu bat izango da, eta, horren bitartez, kateen telesail esanguratsuenak zabalduko dituzte Erresuma Batutik kanpo.

Ez dute iragarri harpidetzaren prezioa zein izango den, baina beste bideo streaming zerbitzuen parekoa izango dela esan dute bi kateetako iturriek —Netflixen harpidetza zortzi eta hamabi euro artekoa da—.

Erresuma Batuan bertan lehiakide dira BBC eta ITV, baina produktuak atzerrian saltzeaz arduratzen diren bi taldeetako azpi enpresek egin dute akordioa.AEBetan, gainera, bazkide bat izango dute: AMC Networks satelite eta kable bidezko telebista katea —Breaking bad eta The Walking Dead telesailen ekoizlea—. AMCren parte hartzea Britboxen ez da handia izango, ez baitu enpresaren erabakietan botorik izango. AEBetako kate horrek harremana du lehendik BBCrekin, BBC America katean bazkideetako bat baita.

Aliantza britainiarretik kanpo gelditu da, bestalde, Channel4, nahiz eta telesail asko dituen.AEBetako NBCrekin elkarrizketak izan dituzte BBCk eta ITVk, baina ez dute akordiorik lortu.

Simon Pitts ITVren ordainpeko zerbitzuen zuzendariak uste du Britboxek AEBetan eskaintza erakargarria egingo duela: «Streaming-eko zerbitzu britainiar osoena izango da AEBetan. Katalogoan, gainera, eduki klasikoekin eta berrienekin gozatu ahalko dute ikus-entzuleek». Iragarri dutenez, zerbitzuan ez da publizitaterik egongo.

Telesail berri zein zaharrak

Britbox zerbitzuak Now (Orain) izeneko atal bat izango du, eta bertan BBCren eta ITVren telesail berrienak jarriko dituzte. Erresuma Batuan telebistaz estreinatu eta 24 orduetara ikusi ahal izango dituzte harpidedunek. Beste atal batean, bi kateen klasikoak jarriko dituzte ikusleen eskura, eta hor izango dira Brideshead revisited, Pride and prejudice, Upstair downstairs, Fawlty towers eta Keeping up appearances telesailak. Britboxen katalogoan izango dira, halaber, Cold feet, Tutankhamun eta Silent witness dramak eta EastEanders eta Emmerdale folletoiak; BBC One kateko EastEanders 1985ean estreinatu zuten, eta, orduz geroztik, 5.400 atal baino gehiago egin dituzte —ETB1ek ere eman zuen—.

BBCk eta ITVk Interneteko zerbitzu propioak dituzte Erresuma Batuan: BBC iPlayer eta ITV Player. Biak mantendu egingo dituzte. BBCk zerbitzu hori Europako herrialde batzuetara, Australiara eta Kanadara zabaldu zuen, baina uztailean eten egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.