Beha egitasmoari esker, euskarazko hedabideak beren datuen jabe

Beha panelak eta Behategia Analytics tresnak jarri dituzte martxan, eta, horri esker, 66 hedabidek «ezinbesteko informazioa» izango dute.

Behategiak antolatutako UEUko ikastaroa, irailean. BEHATEGIA
Behategiak antolatutako UEUko ikastaroa, irailean. BEHATEGIA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 6a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urteko lan nekezaren ostean, Euskal Hedabideen Behategiak jakinarazi du burutu dutela Beha egitasmoa. 2021ean hasi ziren proiektua garatzen, euskarazko komunikabideen audientzia digitala neurtzeko sistema ebaluatzeko eta eguneratzeko. «Garai hartan neurgailu berriak agertzen ari zirenez gero, aldaketa horretarako euskal komunikabideei laguntza emateaz gain, diagnosirako eta eguneraketarako ikerketa lanak egin genituen», azaldu du Behategiak. Hasieran, zortzi komunikabideren lagin batekin abiatu zuten ikerketa. Bigarren fasean, hirurogei hedabidetara zabaldu zuten. Orduan sortu zituzten webguneetarako trafikoa «modu errazean» jarraitu ahal izateko Beha panelak. Formakuntza programa bat ere diseinatu eta zuzendu zuten, gainera.

Egitasmoa burutu eta gero, 66 hedabideren beste hainbeste panel dituzte orain martxan —BERRIA egunkaria ere tartean da—. Hilero, analitika digitalerako txosten laburtua helarazten diete hedabideei. Eta, aldiro, galderak, kontsultak eta eskariak iristen zaizkie Behategikoei. «Behar espezifikoagoak asetzen dituzten doikuntzak ere konfiguratzen hasiak gara. Ahal den neurrian, horretan jarraituko dugu, baita hedabideen galderei gure esku dauden erantzunak ematen ere».

Beste tresna garrantzitsu bat ere garatu dute egitasmoaren barnean: Behategia Analytics. Proiektuaren bigarren eta hirugarren fasean diseinatu eta garatu zuten, hedabideak datuaren kulturan murgiltzeko helburuarekin. Tresna horrek, webguneko datuez gain, ingurune digitaleko beste iturri batzuetako datuak biltzen ditu: Facebook, Youtube, Whatsapp, Telegram, buletinak eta aplikazioak. «Halaber, hedabideek adostutako hitzarmen baten ondorioz, besteen datuak ikus ditzakete euskarazko hedabideek». Lagungarri zaie hori, Behategiak jakinarazi duenez. «Nork bere trafikoaren ikuspegi osoagoa izateaz batera, antzeko ezaugarriak dituzten hedabideekin erkatu dezakete beren egoera, datuen analisiari eta interpretazioari berebiziko informazioa gehituz». Hitzarmen horri esker, ia 70 hedabidek guztien datuak jasotzen eta erakusten dituen panel bat osatzen dute.

Laguntza publikoarekin

Beha panelak eta Behategia Analytics tresnak lagungarri izango dira hedabideek beren datuak jaso, irakurri, aztertu eta interpretatzeko. «Hartu beharreko erabakietan, ezinbestekoa den informazioa gehitu ahalko diete hedabideek beren gogoetei», diote Behategiko ordezkariek. «Funtsean, hedabideak analitika datuez hizketan hastetik datuei galderak egiten hastera pasatu dira. Dauden baldintzekin, aurrerapauso handia da hori berrikuntzaren eremuan; sektorearen engaiamenduaren erakusgarri».

Euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketaren laguntzarekin eraman dute aurrera Beha egitasmoa. «Denontzat da erronka handia, baina oinarri sendoak finkatzen gabiltza», esan dute ondorio gisa Behategiko ordezkariek.

Irailean, Beha egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten Eibarren (Gipuzkoa), UEUren udako ikastaro batean. Gogoeta egiteko ere baliatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.