'Benetan zabiz?' jendaurrean egingo dute larunbatean

Euskal Pod jardunaldiak egingo dituzte Bilborock aretoan. Hiru urtez ezin izan dituzte podcast egileen topaketak antolatu

Malen Altunak eta Aitziber Gradosek gidatzen dute Zetan zabiz?. OIHANE BELI.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Podcast Euskadiko Podcasting Elkarteak eta EuskoNet elkarteak antolatuta, Euskal Pod jardunaldiak egingo dituzte larunbatean, Bilbon. 2018an egin zituzten aurreneko aldiz jardunaldi horiek, eta hurrengo urtean ere antolatu zituzten, baina azken hiru urteetan ezin izan dituzte egin. Horrenbestez, hiru urteko etenaren ostean, Euskal Podcast Jardunaldiak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat podcast egile elkartzeko asmoz. Bilborock aretoan elkartuko dira askotariko podcasten egileak, 10:00etan hasi eta 20:00ak bitartean. Hitzaldiak, mahai inguruak eta zuzeneko podcastak badira egitarauan.

Euskarak presentzia txikia izango du jardunaldietan. Euskarazko podcast bat zuzenean nola egiten duten ikusi ahalko dute bertaratzen direnek: 12:00etan, Gaztea irratiko Benetan zabiz? podcasta jendaurrean egingo dute Aitziber Grados Muñoak eta Malen Altuna Biterik. Iazko irailean jarri zuten martxan podcasta. Entretenimendua eta umorea dituzte ardatz. Astero gonbidatu bat izaten dute podcastean. EITB Podkast atarian entzun daitezke haien atalak. Gainera, Gazteak igandero 15:00etatik 17:00etara ematen du. Gonbidatuen alde «intimoena» eta «lotsagabeena» bilatzen saiatzen dira bi esatari gazteak. Gradosek eta Altunak atal labur bat egiten zuten Gaztea irratiko Dida magazinean aurreko urtean, eta denboraldi honetan bi orduko podcast bat gidatzera ausartu dira. Haien hitz jarioaz eta beren arteko kimikaz gozatu ahalko da larunbatean Bilborocken.

Irratia-podcasta gatazka?

Jardunaldia finantzaketa kolektiboari esker antolatu dute, eta halaber, baditu babesle batzuk. Tartean, Ivoox plataforma. Hain zuzen ere, plataforma horren saioak zabalduko du jardunaldia. La Biblioteca perdida podcasta zuzenean egingo dute gero. Benetan zabiz? podcastekoek amaitzen dutenean, berriz, 13:00etan, mahai inguru bat hasiko da: Irratia eta podcasta: Amaitu al da gatazka? Miriam Duquek gidatutako solasaldian, podcasten eta irratiaren arteko harremanaz eztabaidatuko dute.

Arratsaldean, podcasten eta bideojokoen inguruan mintzatuko dira beste mahai inguru batean. 17:00etan, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako podcast batzuei sariak emango dizkiete. Cuatro picas podcasta ere jendaurrean egingo dute. Eta 19:00etan, ¡A la velocidad absurda! podcastekoak izango dira zuzenean eta jendaurrean arituko diren azkenekoak.

Euskal Podcast elkartea, jardunaldien antolatzailea, 2021ean sortu zuten. Euskalpodcast.eus webgunean zerrenda bat dute, eta ez da euskarazko podcast bakar bat ere ageri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.