Bihar hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta, urtero bezala, BERRIAk luze eta zabal emango du jaialdiaren berri. Bai paperean, bai Interneten, bai sare sozialetan. BERRIAren ikus-entzunezkoen taldeak jarraipena emango dio25. Fotograma emankizunarekin hasitako bideari: egunero bideo elkarrizketak egingo ditu Kursaalaren azpialdean jarritako platoan —Julen Otaegi Leonet kazetaria ariko da elkarrizketatzaile—. Euskal zinemagintzako profesionalak izango dira elkarrizketa horietako protagonista. Bestalde, zinema kritikariek filmen iruzkinak egingo dituzte.
BERRIAk bideo bertikalak ere egingo ditu Zinemaldiko une aipagarrienekin. Bideo horiek Berria.eus-eko Motzean atalean ikusi ahalko dira, baita Tiktoken eta Instagrameko bideo laburretan ere.
BERRIAren orrialdeetan, urtero bezala, filmen kritikak irakurri ahalko dira, eta askotariko artikuluak, elkarrizketak eta erreportajeak. Eduki horiek guztiak webgunean ere topatu ahalko dira.
Galak ETBn
Euskal Telebistak Donostiako Zinemaldiko hainbat gala emango ditu zuzenean. Bihar bertan, irekiera gala emango du ETB1ek, 20:30ean. Hilaren 26an, Euskal Zinemaren Gala ekoitziko du Euskal Telebistak —Aitziber Garmendiak eta Jon Plazolak aurkeztuko dute, eta ETB1ek 22:30ean emango du—. Hilaren 27an, berriz, EITB Galan Itxaso euskarazko telesail berriaren aurreneko atala proiektatuko dute —ekitaldi hori ez dute telebistan emango—. Telesail berria Primeran plataforman egongo da ikusgai hilaren 28tik aurrera.
Hilaren 29an, Donostia saria jasoko du Victor Erize zinemagileak. ETB4n ikusi ahalko da gala.
Hilaren 30ean amaituko da Gipuzkoako hiriburuan egiten den nazioarteko zinema jaialdia. Eta itxiera ekitaldia ETB1en ikusi ahalko da (21:00). ETBk Kursaalaren aurrealdean egingo ditu saio batzuk.
TVEk ere emango ditu hasierako eta amaierako galak, baita Erizek Donostia saria jasoko duenekoa ere. Horrez gain, zinema jaialdiaren aktualitatearen berri emateko saio bat egingo dute Donostian, hilaren 25etik 29ra: RTVE es cine. La2 eta Canal24 Horas kateetan emango dute, 20:30ean. TVEko zinema saioak Donostian grabatuko dituzte datozen egunetan. Hilaren 26an, bestalde, TVEk Los mil días de Allende telesaila aurkeztuko du Vikoria Eugenia antzokian.
Filmin plataforman, Urrezko Maskorra irabazi duten hamazazpi lan daude ikusgai, bilduma berezi batean. Tartean daude azken hiru urteetan Zinemaldian garaile atera direnak: Beginning, Crai Nou eta Los Reyes del Mundo.
Naiz irratiko Bigarren Kafea saioan, zinemarekin lotutako elkarrizketak egingo dituzte. Zinemaldiaz ariko dira egunero, 14:05etik 14:30era, Kursaal pareko estudioan.
BERRIAk askotariko formatuetan emango du Zinemaldiaren berri
Kazetak bideo elkarrizketak eta bideo laburrak egingo ditu. ETB1ek irekiera gala emango du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu