Ikus-entzunezkoak

BERRIAk eta hainbat hedabidek saio bateratua egingo dute Korrikaren amaieran

Telebista saio bateratua Baionako Askatasun plazan egingo dute igandean, 11:45etik 13:00etara. Lekukoak daraman mezua nola irakurtzen duten emango dute zuzenean.

Bi haur Korrikaren lekukoarekin, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Bi haur Korrikaren lekukoarekin, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Azken txanpan sartua da 23. Korrika. Eta igandean, Baionan, amaiera herritarrei helarazteko, telebista saio bateratua egingo dute hainbat komunikabidek zuzenean, 11:45etik 13:00etara. BERRIAk, ETBk, Kanaldudek, Hamaikak, Goienak eta beste hainbat tokiko katek emango dute programa berezi hori. Aurkezleak Ekhiñe Atorrasagasti (Hamaika) eta Ilaski Serrano (ETB) izango dira. Berriemaileak, berriz, honako hauek izango dira: Leire Casamajou (BERRIA), Amaia Txintxurreta (Goiena) eta Battitt Crouspeyre (Kanaldude).

Korrikaren azken pausoak ikusi ahalko dira programa berezi horretan. Gainera, hainbat elkarrizketa egingo dituzte: Anje Duhalde musikaria, Pantxika Maitia Kanaldudeko kazetari eta amaierako ekitaldiko aurkezlea, Maite Arroitajauregi Mursego Korrikaren aurtengo kantaren egilea, Marisa Barrena Euskal Emakume Wikilariak taldeko ordezkaria, Aritz Salamanca dantzaria eta Ane Elordi Korrikako arduraduna. 23. Korrikako mezua idatzi zuen pertsonarekin hitz batzuk egiteko aukera ere izango dute.   

Saioan hainbat bideo tartekatuko dituzte, gainera; munduko leku ugaritan Korrika nola bizi izan duten ezagutu ahalko da, Aita Mari itsasontziko Korrikaren berri emango dute eta aurtengo Korrikaren irudirik esanguratsuenak emango dituzte.

Kanaldudek 10:30ean hasiko du Korrikaren amaierako saio berezia. Ondoren, 11:45ean, bat egingo du saio bateratuarekin. Kanalduderen webgunean ikus daitezke, gainera, egunotan egin dituzten saio bereziak.

Urte batzuetan Korrikaren amaierako saioa ETB2 katean eman izan dute, ETB1en kirol emanaldiren bat zelako. Aurten, ordea, Korrikaren amaiera ETB1 kateak emango du. Aldiz, ordu berean, 12:00etan, ETB2k Eibar-Atletico Madril futbol partida emango du, euskaraz. 

Irratiz ere entzun ahalko da Korrikaren azkeneko eguna. Iparraldeko Euskal Irratiek igandean 04:30ean hasiko dute zuzeneko emankizuna, Saran (Lapurdi) Korrika sartzen denean, eta hala jarraituko diote Baionaraino. Ondotik, Baionan, 11:00etatik 13:00etara emankizun bateratua eginen dute; izan ere, irratsaio hori Naiz irratian eta Arrosa sareko makina bat irratitan entzun ahalko da. Herriko Etxeko plazan bertan egingo dute emankizun hori. Bestalde, Naiz irratiak igande arratsaldean saio berezia egingo du, 15:00etatik 20:00etara. Iñaki Gurrutxagak gidatuko du azken programa hori, eta elkarrizketa ugari egingo dituzte.

Saio gehiago Hamaikan

Baina Baionara iritsi aurretik izango da aukerarik pantailetan eta uhinetan Korrikari jarraitzeko. Hamaika telebista dabil eguneroko zuzenekoarekin, eta hala ibiliko da gaur, bihar, eta igandean Lapurdiko hiriburura iritsi arte. Horrekin batera, Hamaika telebista  Korrikaren zuzeneko saio bereziak egiten ari da hainbat hiritan; Bilboko atzoko emankizuna Hamaikaren webgunean ikus daiteke, nahieran atalean. Bihar, larunbatarekin, Korrika Donostiara iritsiko dela eta, 17:00etatik 20:00etara egingo dute saio berezia. Programa horretan, besteak beste, Leire Narbaizak eta Iruñe Astitzek parte hartuko dute.

BERRIAk ere ez du hutsik egingo egunotan Korrikaren zuzeneko lasterkaldiarekin. Gainera, Korrika bihar Andoaindik (Gipuzkoa) pasatuko da, Martin Ugalde kultur parketik. Bertan, Korrikaren lekukoa eramango dute Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak eta Mikel Elkoroberezibar egunkariko kazetariak. Azkeneko hiru egun hauetan Korrika nondik eta zer ordutan pasatzen den kontsultatu daiteke BERRIAren webgunean.

ETBk, bestalde, hainbat saio egin ditu Korrika pasatzen den herrietatik. Iparraldearen orena saioan, berriz, Korrikarekin lotutako erreportaje bereziak egin dituzte aste osoan. Irratietan ere Korrikaren berri emango dute azken txanpa honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.