Komunikazioa

Betiko lana, erdiagatik

Soldatak batez beste %17 jaistea onartu ez dutenez, Espainiako Estatuko lan hitzarmena ezarri diete 'Diario de Navarra'-ko langileei: soldata erdira jaitsi diete, nahiz eta enpresak irabaziak izan.

Diario de Navarra-ko langileak, egoitzaren aurrean eginiko protestan. BERRIA.
Adrian Garcia.
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Oso gogorra ari da izaten». Giroa nahiko zakartua dago Diario de Navarra-ko erredakzioan, haserre baitaude langileak; martxoaren 1etik aitzina, Espainiako Prentsa Hitzarmena ezarri diete langileei. «Erdira jaitsi digute soldata», azaldu du Ana Carmen Azkona egunkariko langile batzordeko presidenteak. «Administrazioko bigarren mailako langile batek urtean 14.800 euro gordin irabazten ditu orain; erredaktore soil batek, 20.300». Salaketa aurkeztu zuten urtarrilean, lan arloko Iruñeko auzitegian. Ez dute greba egitea baztertzen, baina, oraingoz, nahiago dute epaiari itxaron, urrira arte. «Eutsi egin behar diogu hilabete hauetan». Ziur baitira epaia aldeko suertatuko dela: «Formazko akatsa du zuzendaritzak egindakoak».

Espainiako lan erreformari heldu dio Nafarroako egunkariko zuzendaritzak. Urtarrilaren 1ean amaitu zitzaien lan hitzarmena, eta Espainiako Estatukoa automatikoki aplikatu diete. Hori saihestearren, behin baino gehiagotan amore eman dute langileek azken urteetan. Duela bi, onura batzuei uko egin zieten 37 langile ez kaleratzearen truke: antzinatasunari, enpresaren plan pentsioari eta ordura arte egindako ekarpenei, hamar egun lan egindako urte bakoitzeko. «Batzuek berrogei urteko ekarpenak zituzten. Denera, bi milioi eta erdi euro bildu zituzten». Horren truke bi urtez lan hitzarmena mantentzea adostu zuen zuzendaritzak. Epea iragan otsailean bukatu zitzaien.

Enpresak langileei leporatu die negoziazioak hautsi izana. «Askotan amore eman dugu, eta oraindik gehiago nahi dute. Ez dugu gehiago etsiko», dio Azkonak. Erredaktoreei soldata %17 jaistea izan zen zuzendaritzaren azken proposamena: nagusiei eta goi karguei %18 eta %20, hurrenez hurren. Modu horretan, gutxien irabazten dutenak dira kaltetuenak, asko jaisten baitzaizkie erretiroa hartzeko Gizarte Segurantzarako kotizazioak. Langileak jakitun dira hedabidearen egoera ekonomikoak okerrera egin duela azkenaldian, batez ere publizitatetik eratorritako diru iturrien beherakadagatik. Halere, langile batzordeak ez du onartuko batez besteko %11ko murrizketa progresiboa baino gehiago. «Egoera txarra bada ere, egunkariak ez du inoiz galerarik izan. 2013 arte beti izan dituzte irabaziak, eta aurten ere hala aurreikusi dute».

Langileak, batuta

Aurreko astean langile batzorderako hauteskundeak egin zituzten, eta aurkeztutako zerrenda bakarra babestu zuten langile gehienek. Akziodunen batzar orokorrera joan asmo du batzordeak, langileen egoeraren berri emateko.

Berez, ez da kaleratzerik izan egunkarian; bai, ordea, kazetarien lan hitzarmena ez ezartzeko sortutako beste enpresetan. «Diario de Navarra-rako lan egiten dute». Gainera, egunkariak ez ditu ordezkatu erretiroa hartutako langileak.

Gatazka luzea izango dela badakite, eta protesta ekintzen indarra txikitzea erabaki dute. Hilabeteko sinadura grebarekin amaitu zuten iragan apirilean, eta astero elkarretaratzeak egin dituzte. Zail ikusten dute enpresarekin ados jartzea. «Ez dute negoziatu nahi, inposatu baizik. Lan erreformarekin, botere handia dute».

Hedabide gutxitan eman dute Nafarroako langileen egoeraren berri. «Batak bestearen trapu zikinak ezkutatzeko joera dute hedabideek. Batzuetan oso tristea da lanbide hau». Beste hedabideetako langileen babesa sentitu dute, halere, asko batu baitzaizkie protesta ekintzetara, baita hainbat sindikatu ere. «Arazoa ez baita ideologikoa. Prentsaz eta kazetariez ari gara hitz egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.