'A Better Man' telesailak irabazi du Canneseriesko sari nagusia

Aktore onenaren saria ere telesail horretako Anders Baasmori eman diote. Telesail labur onenaren saria 'Oh, Otto!' lanak jaso du.

'A Better Man' telesailaren fotograma bat. BERRIA
'A Better Man' telesailaren fotograma bat. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko apirilaren 30a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Thomas Seeberg Torjussen Norvegiako sortzailea izan da Canneseries nazioarteko telesailen jaialdiko garailea. Hark sortu, idatzi eta zuzendutako A Better Man telesaila izendatu dute jaialdiko onena. Eta beste bi sari ere lortu ditu telesailak: Anders Baasmo aktoreari (Hamar, Norvergia, 1976) eman diote interpretazio onenaren saria, eta hark jaso du lizeoko ikasleen saria ere. Norvegiaren eta Lituaniaren arteko koprodukzio bat da A Better Man. Baasmorekin batera, Ingrid Unnur Giaever eta Jonas Strand Gravli dira beste aktore protagonistak.

Honako istorio hau kontatzen du A Better Man fikziozko telesailak: Tomek feminismoari leporatzen dio gizarte modernoan gaizki dagoen guztia. Bere amaren arropa dendan lan egiten du egunez, eta Internet trolleatzen du gauez. Hackerrek beren nortasuna azaldu eta beren sekreturik lotsagarrienak azaleratzen dituztenean, gertuen duen horretan ezkutatzen dira: emakumeen janzkeran. Mundua modu harrigarrian irekiko zaio protagonistari. Maskulinitate toxikoaz hitz egiten duen thriller psikologikoa da Seebergek sortutakoa.

'A Better Man' telesailak irabazi du Canneseries jaialdiko sari nagusia
'A Better Man' telesailak irabazi du Canneseries jaialdiko sari nagusia. CITIZEN CANNES TV

Canneseries jaialdiko beste irabazleetako bat Nepobaby telesaila izan da. Aktore taldeak sari berezi bat jaso du. Gidoi onenaren saria, berriz, telesail horretako Henriette Steenstrup, Siri Seljeseth eta Tina Rygh sortzaile eta gidoilariek jaso dute. Telesail hori ere Norvegiakoa da. Gunnar Vikene eta Hallvar Witzo dira zuzendariak. Eta aktore hauek jaso dute sari berezia: Nicolai Cleve Broch, Vivild Falk Berg, Helle Eia, Kristin Grue eta Deniz Kaya. Umore «fresko» eta «garratza» erabiltzen ditu telesail horrek, egileen arabera, «komedia eta drama generoak uztartzeko».

Ez da lehen aldia Norvegiako telesail bat Canneseries jaialdian garaile suertatzen dena. 2023an, Power Play telesail norvegiarrak lortu zuen sari nagusia —1970eko hamarkadan girotuta, abortuaren gaia lantzen zuen—. Musika onenaren saria ere jaso zuen.

Aurten, musika onenaren saria S Line telesaileko Junoh Leek jaso du. Hego Koreako telesail bat da.

Telesail labur onena

Dokumental onenaren saria ere Norvegiara joan da: Magnus Skatvoldek sortu eta zuzendutako The Agent-The Life and Lies of my Father dokumentala saritu dute. CIArentzat espioi lanak egiten zituen gizon baten inguruko dokumental saioa da.

Telesail laburren kategorian, bestalde, Belgikako Oh, Otto! saritu dute. Stijn Van Kerkhoven da telesailaren sortzailea, eta Bruselan girotuta dago. Ikasleen Epaimahaiaren Saria ere telesail horrek jaso du.

Nicola Coughlan aktore irlandarra saritu dute Canneseries jaialdian.
Nicola Coughlan aktore irlandarra saritu dute Canneseries jaialdian. BERRIA

Egunotan beste bi sari eman dituzte Cannesko telesailen jaialdian: Marie Colomb aktore frantsesari The Madame Figaro Saria eman diote, eta Nicola Coughlan aktore irlandarrari, Konbini Saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.