Komunikazioa

'Bi eta bat'-i buruzko atariko erreportajea eta hiru atal zahar gaur gauean ETB1en

Jose Ramon Soroizek, Elena Iruretak eta Ane Gabarainek duela hogei urte bizi izandako uneak gogoratuko dituzte

Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz eta Ane Gabarain, Bi eta bat-eko dekoratu berrietan. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean iritsiko dira ETB1era Bi eta bat telesaileko atal berriak. Gaur, berriz, atariko emanaldi berezia egingo dute, 22:10etik aurrera. Lehenbizi, erreportaje bat emango dute, eta, ondoren, 90eko hamarkadako hiru atal emango dituzte (Pisukide berria, Amesten agian eta Bihar goizean).

Jose Ramon Soroiz (Joxelontxo), Ane Gabarain (Jaione) eta Elena Irureta (Idoia) elkarrizketatu dituzte gaurko erreportaje berezirako. 90eko hamarkadaren hasieran telesailarekin bizi izan zituztenak oroituko dituzte: pertsonaiek elkar nola ezagutu zuten, nolakoa zen euren arteko elkarbizitza, bizilagunekin zituzten harremanak eta abar. Erreportaje horretarako, bestalde, kale inkesta bat egin dute. ETBko ikus-entzuleei duela hogei urte eman zen telesaila nola gogoratzen duten galdetuko diete. Bi eta bat-eko sintoniaz ere ariko dira, eta jendea melodia kantatzen jarriko dute.

Pertsonaia berriak datoz

Orio Produkzioak ekoizpen etxearen eskutik ari dira grabatzen joan den astetik Bi eta bat-en atal berriak. Telesail arrakastatsu honen sortzaileak dira orain ere zuzendariak: Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala. Hiruko protagonista (Joxelontxo, Idoia eta Jaione) Antiguako etxe batean bizi da atal berrietan. Eta, haiekin batera, pertsonaia berriak izango dira. Gaurko erreportajean aurkeztuko dituzte pertsonaia horiek: Pep (Koldo Olabarri) Joxelontxoren semea, Javi (Andoni Agirregomezkorta) bizilaguna, Arantzazu (Amagoia Lauzirika) Javierren emaztea, Bego (Amaia Iraundegi) Javi eta Arantzazuren alaba, Julen (Aitor Etxeberria) Begoren neba, Potxolo auzoko tabernaria (Kepa Errasti) eta Izaskun ertzaina (Itziar Atienza).

1991., 1992. eta 1993. urteetan eman zuten Bi eta bat. Bigarren urtean, %21,3ko kuota izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.