Jaiegunetarako berotzen hasiak dira hainbat, eta, hori baliatuz, bideojokoen eskaintzari begiratzeko aukera aproposa da. Apirilak Pokemon, Starfield eta Tomodachi Life ezagunen bertsio berriak ekarriko ditu, besteak beste. Eta frankizia berrientzako tokia ere egongo da: Pragmata, Saro, Vampire Crawlers eta halakoak.
Bideojoko independenteekin jarraituta, azken hilabeteotan hainbeste aldiz entzun izan diren Moomintroll: Winter’s Warmth, Darwin’s Paradox, Replaced eta Masters of Albion probatzeko garaia ere izango da. Azkenik, ustekabean datoz Hades II zoragarriaren PlayStation eta Xbox port-ak.
Darwin’s Paradox
- Argitaratze data: 2026-04-02.
- Garatzailea / Argitaletxea: ZDT Studio / Konami.
- Generoa: Abentura.
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.
Konamik argitaratutako obra berrian olagarro bilakatuko da erabiltzailea, eta, itsasotik aterata, industrialde misteriotsu batean amaituko du: norberaren esku egongo da ihes egitea, horretarako 2.5D ezaugarriak biltzen dituen abenturan murgilduta.
Inguruneetako elementuez baliatuko da erabiltzailea puzzleak zein erronkak gainditzeko. Isil-gordeka aritzea ezinbestekoa izango da —Metal Gear-ekin txantxak zein elkarlanak egiten ari dira—, baina plataforma desafioak ere aurkeztuko ditu Darwinen bidaiak. Doako proba dauka.
Starfield
- Argitaratze data: 2026-04-07.
- Garatzailea / Argitaletxea: Bethesda Game Studios.
- Generoa: Abentura, ARPG.
- Plataformak: PS5 (aldez aurretik, PCan eta Xbox Seriesetan).
Xbox-en beste esklusibo bat dator PlayStationera, zale askok espero zutena, gainera: Bethesda taldearen Starfield. Duela urte pare bat estreinatu zutenean, ez zituen iritzirik onenak lortu, baina berritasunekin iritsiko da Sony-ren kontsolara.
Free Lanes doako eguneratzea ikusi ahal izango da apirilaren 7an, gurutzaldi (Cruise Travel) deitutako nabigazio dinamikoarekin; ez hori bakarrik, ordainpeko Terran Armada eduki gehigarria ere helduko da egun berean, misio, kokaleku eta ezaugarri berriak bilduta. Unibertso irekiko abenturari bigarren aukera emateko aitzakia aproposa.
Pokemon Champions
- Argitaratze data: 2026-04-07.
- Garatzailea / Argitaletxea: The Pokemon Works / The Pokemon Company, Nintendo.
- Generoa: Txandakako borrokak, JRPG.
- Plataformak: Switch 2, Switch.
Pokemon sagako spin-off interesgarria iritsiko da. Esplorazioa eta abentura alboratuta, borroketan ardaztuko da Champions. Stadium bezalako obra mitikoetan oinarritutako jokoa doakoa izango da, gainera.
Duelu lasaiagoak zein lehiakorragoak proposatuko dizkie jokalariei: bakarkako zein binakako partidak izango dituzte. Pokemon Home aplikazioarekin, gainerako jokoetan harrapatutako munstroak erabiltzeko aukera dago; bestela, ausazko eskaintza lortu ahal izango da.
Urtea bukatu aurretik, gainera, Android eta iOS gailuetan kaleratuko dute Pokemon Champions.
Hades II
- Argitaratze data: 2026-04-14.
- Garatzailea / Argitaletxea: Supergiant Games.
- Generoa: Abentura, akzioa.
- Plataformak: PS5, Xbox Series (aldez aurretik, PCan eta Switch kontsoletan).
Iaz estreinatutako Hades II maisulanak PS5 eta Xbox Series bertsioak apirilean jasoko dituela jakinarazi zuten joan den astean. Originalaren premisa berbera mantentzen du jarraipenak: ikuspegi isometrikodun akzioa eta roguelike mekanikak uztartuko ditu antzinako Greziako girotzearekin.
Bigarrenean, Melinoe da protagonista: Zagreusen arreba, alegia. Harekin batera, Chronos zitalari aurre egin beharko dio erabiltzaileak, familia giltzapetu ondoren. Bedeinkazioak, abileziak eta borroka bizkor nahiz frenetikoak ikusi ahal izango dira. Aurretiazko sarbideari analisia eskaini zion Game Erauntsiak, ederra zela esanez... eta are hobea da behin betiko bertsioa.
Replaced
- Argitaratze data: 2026-04-14.
- Garatzailea / Argitaletxea: Sad Cat Studios / Thunderful Publishing.
- Generoa: Abentura, akzioa.
- Plataformak: PC, Xbox Series.
Nahi baino pixka bat beranduago dator Replaced —martxoan estreinatzekoak ziren—, baina, azkenean, probatzeko aukera egongo dela dirudi. Cyberpunk estetika 2.5D grafikoekin elkartzen duen esplorazio eta borroka abentura izango da Sad Cat indie taldearena.
80ko hamarkada alternatiboan girotuta dago, eta Phoenix City hiria zeharkatuko du erabiltzaileak REACH izeneko adimen artifiziala gidatuz. Lasterka, eskalatzen eta borrokan aritzeko aukera izango da, Batman Arkham jokoetako ukabilkadak gogora ekartzen dituzten mekanikekin. Ordenagailuetan demoa proba daiteke.
Tomodachi Life: Living the Dream
- Argitaratze data: 2026-04-16.
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo.
- Generoa: Simulazioa.
- Plataformak: Switch 2, Switch.
Sims jokoen estiloa jarraituko du Tomodachi Life berriak; hau da, elkarbizitza eta simulazio bideojokoa da. Mii pertsonaiak sortu, eta familiak zein lagun taldeak osatuko ditu erabiltzaileak harremanak bideratzeko.
Etxebizitzak, saltokiak, jatetxeak, telebista platoak, liburutegiak edo irlan sakabanatutako naturgune eta tokiak bisitatuko dituzte Mii adiskideek. Euren etxea izango den irla nahi bezala apaintzeko aukerarekin zein lagunen Miiak ekartzeko aukerarekin, bizipen zein pasadizo zoroak bizitzea izango da helburua.
Pragmata
- Argitaratze data: 2026-04-17.
- Garatzailea / Argitaletxea: Capcom.
- Generoa: Abentura, akzioa.
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.
Azkenik, Capcomen obra berria probatu ahal izango da apirilean: 2020an estreinatzekoak ziren Pragmata. Atzerapenak kontuan edukita, Hugh eta Diana protagonisten Ilargiko abenturak sekulako itxura dauka.
Bikotea Lurrera itzultzea izango da helburua; bidean, baina, adimen artifizial maltzurrak gidatutako roboten armadari aurre egin beharko dio erabiltzaileak. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, Diana roboten defentsak gainditzeko puzzleak egiten arituko da; ostean, Hughekin tirokeketan aritzeko unea helduko da. Honetan ere, doako proba dago hainbat plataformatan.
Vampire Crawlers
- Argitaratze data: 2026-04-21.
- Garatzailea / Argitaletxea: poncle.
- Generoa: Karta jokoa, roguelike.
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series.
Vampire Survivors arrakastatsuaren egilea Crawlers-ekin dator. Haren girotze bera du, baina proposamen zeharo desberdina da. Oraingoan, karta jokoa eskainiko du.
Lehen pertsonako ikuspegian, ziegak, gazteluak edo basoak zeharkatu beharko ditu erabiltzaileak, lauki sarez osatutako inguruneak gaindituta, karta bidezko borroketan parte hartuta. Txandakako dueluetan erabilitako karten ordena kontuan hartu beharko da konbo hilgarriak jaurtitzeko; horrela, hurrengo karten indarrak eta ahalmenak areagotu ahal izango dira.
Gailu nagusietara iritsiko da lehenik eta behin, baina sakelakoetarako bertsioak prestatzeko asmoa ere aurreratu du indie garatzaileak: Android zein iOS gailuetan jokatu ahal izango da etorkizunean. Bitartean, PCrako demoa dago eskuragai.
Masters of Albion
- Argitaratze data: 2026-04-22.
- Garatzailea / Argitaletxea: 22 Cans.
- Generoa: Estrategia, simulazioa.
- Plataformak: PC.
Jainko jokoen berpizkundea ekarri nahi du Black & White tituluen Peter Moulineux zuzendari ospetsu bezain polemikoak. Estrategia, simulazioa, herrien kudeaketa zein dorreen defentsa mekanikak uztartuko ditu Masters of Albion-ek.
Oakridge herrixka txiroan hasiko da abentura, jainko baten rola jokatuta. Herria eta hango biztanleak kontrolatzeaz arduratuko da erabiltzailea, jainkoaren eskuarekin, negozioak abiatuta eta bizilagunei lagunduta: kudeaketa lanekin batera, borrokak, ikerketak eta bestelakoak biziko ditu erabiltzaileak, gidatu ahal izango diren herritarren begietatik, gauarekin batera herrixka munstroetatik eta armadetatik defendatzeko garaia helduko baita.
Kiln
- Argitaratze data: 2026-04-23.
- Garatzailea / Argitaletxea: Double Fine / Xbox Game Studios.
- Generoa: Akzioa, multijokalaria.
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.
Pitxerrak eta ontziak protagonista edukiko dituen festa joko dibertigarria agindu dute Double Fine garatzaileko arduradunek. Kiln-en buztingintza lanetan hasiko da erabiltzailea, partidetan kontrolatu beharreko ontzia sortzeko: sormen prozesuan zeramikazko ontziei forma eta tamaina desberdinak emanda, horien ezaugarriak, indarguneak eta ahulguneak zehaztu beharko dira.
Ondoren, lau lagunek osatutako bi taldek elkarren aurka egingo dute. Ura biltzea izango da helburua, arerioen basera jotzeko eta haien zeramika labea itzaltzeko.
Moomintroll: Winter’s Warmth
- Argitaratze data: 2026-04-27.
- Garatzailea / Argitaletxea: Hyper Games.
- Generoa: Abentura, biziraupena.
- Plataformak: PC, Switch 2, Switch.
Moomin izakitxo ezagunen unibertsoa indarra hartzen ari da azken urteotan, eta bideojokoen munduan ere proposamen interesgarriak izango dira: halakoxea izango da Winter’s Warmth.
Negu hotzari eta zitalari biziraun beharko dio Moomintroll protagonistak, hibernaziotik behar baino lehenago esnatu ondoren. Harana esploratu, baliabideak bildu, eta etxebizitza berotu zein atondu beharko da, denetariko pertsonaiak ezagutu bitartean. Guztia, 2D estetika ederrarekin aurkeztuta.
Beste behin, doako demoa probatzeko aukera dago.
Saros
- Argitaratze data: 2026-04-30.
- Garatzailea / Argitaletxea: Housemarque / PlayStation Studios.
- Generoa: Abentura, akzioa.
- Plataformak: PS5.
Returnal zoragarria argitaratu ondoren, proposamena errepikatuko dute Housemarqueko finlandiarrek: tiroketa frenetikoak eta bala infernua utziko ditu Saros-ek. Carcosa planeta aldakorra esploratuko du Arjun Devraj protagonista berriak.
Roguelike elementuekin, erabiltzaileak behin eta berriz ekingo dio erronkari, tartean hobekuntza eta abilezia iraunkorrak eskuratuta. Jauziak, bulkadak eta armategi estralurtar zabalak eskainitako akzio frenetikoa saihestu beharreko dozenaka energia izpi eta bolekin batuko ditu Saros-ek, Returnal-ek egin bezala.