Bideojokoak

Bideojokoen egileek, eremu birtualetik atera, eta elkartzeko topaketak egin dituzte Euskal Herrian

Bideojokoen euskal egileen topaketa egin zuten apirilaren 11n, Usurbilen. Bideojoko egile horiek elkar ezagutzea izaten da topaketa horren helburu nagusia.

Bideojokoen euskal egileen 2026ko topaketa, Usurbilen. GAME ERAUNTSIA
Bideojokoen euskal egileen 2026ko topaketa, Usurbilen. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideojokoen industriak indar betean dihardu. Azken urteotan sekulako gorakada izan du ekoizpenari eta salmentari dagokienez. Industria elikatzeko, hala eta guztiz ere, beharrezkoak dira bideojoko egileak. Euskal Herrian ere gorakada handian da sormenez betetako mundu hori; dena den, sortzaile gehienek atzerriko enpresetan lan egiten dutenez, egile euskaldunek elkar ezagutzeko aukerak urriak izan ohi dira, ez bada, behintzat, sare sozialen edo topaketen bidez.

Eremu birtualetik atera eta elkar ezagutzeko aitzakia gisa sortu ziren bideojokoen euskal egileen topaketak. Aurten bigarren aldiz antolatu dituzte Game Erauntsia elkarteak eta Zomorro Studio taldeak, Usurbilen (Gipuzkoa) —iazko topaketa, lehena, Bergaran egin zuten—, Euskal Herriko hainbat txokotako sortzaileak elkartuta. Apirilaren 11n zenbait alorretako sortzaileak bildu, eta lanak aurkezteko zein norbere burua ezagutzera emateko aprobetxatu zuten.

Egile bakoitzak proiektu pertsonalak nahiz ekoizpen handiak aurkeztu zituen: besteak beste, Game Jam ekinaldietan egindako sorkuntza txikiak, Artstation zein Instagram sareetan argitaratutako artelanak, eta esku artean dituzten bideojokoak eta Square Enix, Moon Studios, MiHoYo nahiz Gameloft taldeen aterpean sortutakoak. Maila eta kalitate bikaineko proiektuak izan ziren, oro har; tamalez, industria horretatik kanpo, oso gutxi dira sortzaileak Euskal Herrian ezagunak dituztenak.

(ID_17764035804825) Euskal bideojokogileen 2026ko topaketa, Usurbilen.
Apirilaren 11n Usurbilgo Potxoenea kultur etxean elkartu ziren bideojokogileak. GAME ERAUNTSIA

Askok sare sozialen bidez elkar ezagutzen bazuten ere, harresiak eraitsi, eta, bertatik bertara, ezagutza zein trebezia partekatzeko gune bilakatu zen Usurbilgo Potxoenea kultur etxea. Gomendioak, pasadizoak, bizipenak, esperientziak, aholkuak, lan eskaintzak... denetik izan zen topaketan, eta kontu askori buruz aritu ziren hausnarketan eta eztabaidan.

Industriaren lanpostuetan eta esparruetan barneratuta

Bideojoko egileak aipatu, eta gehienei programatzaileak edo artistak etorriko zaizkie burura. Oinarrizko jokoak sortzean ezinbestekoak diren arren, denetariko lanpostuak eta eginbeharrak egon daitezke industria horretan; aipatutako bi horien adarrak ere bai, noski.

Adibidez, programazioaren munduko garatzaileek jokoak funtzionarazteko kodea idatzi baino gehiago egin dezakete: bideojokoen diseinu orokorra izan daiteke beren egitekoa, zuzendari lanak eginda, eta mailen diseinua lantzeaz ere ardura daitezke, besteak beste. Horrez gain, bideojokoak eratzean erabiltzen diren garapen motorren sorkuntzan ere aritu daitezke: gaur egun, Unreal Engine, Unity, Godot, Construct eta halako tresnak dira ezagunenak, baina berezko erremintak erabiltzen dituzten egileak ere badaude industria horretan. Besteak beste, Ibai Aizpurua Zomorro Studioko arduraduna, Ander Goenaga gameplay diseinatzailea eta Julen Irazoki programatzailea Usurbilen izan ziren.

Askok sare sozialen bidez elkar ezagutzen bazuten ere, harresiak eraitsi, eta, bertatik bertara, ezagutza zein trebezia partekatzeko gune bilakatu zen Usurbilgo Potxoenea kultur etxea

Artisten munduan aukera mordoa daude: hasierako arte kontzeptuala sortzea da bat, baina aukeren artean ere badaude pertsonaien edo inguruneen 3D modeloak eratzea, menuak edo interfazeak prestatzea, testurak moldatzea edo jokoetako zinematiketan —nahiz horiek sustatzeko erabilitako trailerretan— ageri diren bideoak sortzea. Esparru horretan aritzen dira Julen eta Xabi Urrutia anaiak, Jon Juarez, Ander Lizarraga eta Mikel Egia, eta horiek ere Usurbilen izan ziren, beren esperientzien berri emanez.

 

Rolak ez dira aipatutako horietara mugatzen, dena den. Gidoilariak, itzultzaileak, musikagileak, soinu ingeniariak, probatzaileak... Urte askoan prestatu beharreko ekoizpen erraldoiak dira bideojokoak —obra komertzialei dagokienez, behintzat—, eta arlo guztietako adituak dituzte atzean; marketin edo ekoizpen langileak ere badituzte tartean, eta, bideojokorik handienen kasuan, aktoreak zein bikoiztaileak ere aritzen dira lanean.

Usurbilgo topaketara bideojokoen munduan dabiltzan bestelako marrazkilari, diseinatzaile, animatzaile, kazetari eta zaleak ere bildu ziren. Betidanik jokozaleak izan dira Joseba Larratxe komikigilea, Markel Urrutia ilustratzailea, Beñat Ramos itzultzaile amateurra... eta horiek denek parte hartu zuten. Bideojokoei beste ikuspegi batetik heltzeko aukera ere egon zen, beraz, beharrizan eta amets desberdinak nabarmenduta.

Euskal Herritik mundu osorako lanean

Euskal Herriko bideojoko egileek atzerrira bidaiatu behar izaten dute, gehienetan, lan bila; geroz eta ohikoagoa da, baita ere, telelana baliatzea, eta topaketan parte hartu zuten askok aitortu zuten etxetik lan egiten dutela.

Topaketen helburua ez da soilik elkar ezagutzea, ordea: Euskal Herrian garatutako bideojokoen kopuruak eta horien kalitateak gora egin ahala, ezinbestekoa da bertako sortzaileek —eta enpresek zein elkarteek, noski— sareak eratzea, etxeko industria indartu eta sendotu nahi bada.

Usurbilgo topaketara bideojokoen munduan dabiltzan bestelako marrazkilari, diseinatzaile, animatzaile, kazetari eta zaleak ere bildu ziren

Egun, bideojoko egile euskaldunek bakarka edo talde txikietan lan egiten dute. Enpresarik eratu gabe, autonomo gisa, edo, bestela, ordu libreetan bideojokoak sortuta. Badira bestelako kasuak, non estudioek dozena bat langileren muga gainditzen duten, baina oso gutxi daude.

Egoera aldatzea eta hazten ari den industrian Euskal Herritik euskaraz lan egitea bermatzeko bideak aurkitzea da erronketako bat. Nazioartera bideratutako ingurunean ingelesez —edo japonieraz, frantsesez zein txineraz— hitz egitea ezinbestekoa izango bada ere, garrantzitsua da etxean euskaraz egin ahal izateko eta argitaratutako bideojokoak gure hizkuntzan egoteko lan egitea.

Euskara hedatu nahian

Euskaratutako 230 bideojoko baino gehiago daude gaur egun Game Erauntsiaren zerrendan, eta hilabetero are gehiago gehitzen ditu elkarteak. Kasu batzuetan, zaleek egindako itzulpenak ofizialak edo ez-ofizialak izan daitezke, baina, sarritan, euskal garatzaileek zuzenean euskaraz plazaratutako lanak batzen dira katalogora.

 

Euskarazko bideojokoak izateko, bideojoko zaleek euskaraz jokatzea da gakoa, baina, horrez gain, garatzaile euskaldunek pizgarriak behar dituzte itzulpenak bideratzeko: oinarri sendoak dituzten enpresak eratzea eta erakundeen babesa ezinbestekoak dira horretarako, eta aipatutako sareak indartzea da hori lortzeko bideetako bat, elkarlanean bideojokoen eta euskararen etorkizuna bermatzeko.

Etxeko talentua eta aukerak erakutsita, topaketekin jarraitzea da asmoa. Horretarako, urtean pare bat aldiz ekinaldi gehiago bideratu nahi dituzte antolatzaileek; horiekin batera, Jokoteknia bideojokoen euskal jardunaldiekin edo Euskal Game Jam ekitaldiekin industriaren egoerari buruz hausnartzeko beste bide batzuei ekin diete sustatzaileek; horri esker, hainbat abiapuntutatik helduko diete ikuspegi berriei.

Game Erauntsia elkarteak eta Zomorro Studiok euskal garatzaileei etorkizuneko egitasmoetan parte hartzeko zein ekarpenak egiteko deia zabaldu diete; laguntza oro eskertzekoa dela azaldu dute, gaur egungo sortzaile euskaldunak sareak osatzen jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA