Bideojokoak

Bideojokoetan, era guztietako eskaintza izango da martxoan

'Pokemon Pokopia', 'Marathon', 'Slay the Spire 2' eta 'Death Stranding 2' izango dira martxoko berritasun nagusiak.

Martxoan iritsiko diren bideojokoetako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Martxoan iritsiko diren bideojokoetako batzuk. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2026ko martxoaren 2a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoak poztasuna ekarriko die bideojokoetan aritzen direnei. Frankizia eta estudio handietako tituluak ikusteko egunak izango dira: Super Mario Bros, Pokemon, Marathon, Monster Hunter, Crimson Desert eta Death Stranding sagen jokoak iritsiko dira, besteak beste.

Aurreko hilean gertatu zen modura, japoniarrak indar betean ariko dira: Nintendo, Play Station, Capcom, Koei Tecmo zein Kojima Productionsen estreinaldiak datoz. Guztientzako lekua dago, halere. Mega Crit, Deck Nine Games eta Pearl Abyss estudioek ere berritasunak izango dituzte egunotan.

Scott Pilgrim EX

 

  • Argitaratze data: 2026-03-03.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Tribute Games.
  • Generoa: Akzioa, beat ‘em up.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series.

Scott Pilgrim eta Ramona Flowers abentura guztiz berriarekin itzuliko dira. Scott Pilgrim vs. The World: The Game maitatuaren jarraipen zuzena dirudi joko berriak, baina EX-ek aldaketa handiak dakartza: Kunio-kun (River City) sagaren bidea jarraitzen du, esploratzeko Toronto hiriarekin eta mailaz igotzeko zein hobetzeko pertsonaia mordoarekin.

Beat ‘em up jokoa da, funtsean, eta kolpeak izango dira nagusi. Bakarka zein lagunekin konbo luzeak eta eraso bereziak erabiliko ditu jokalariak, dozenaka arerio jipoitu bitartean. Misioak, erronkak eta bestelako ideia eroak bilduko ditu generoan aditua den Tribute Games taldeak (Marvel Cosmic Invasion, Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge).

Egileek demoa eskaini dute ordenagailurako.

Pokemon Pokopia

 

  • Argitaratze data: 2026-03-05.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo / The PokĂ©mon Company, Nintendo.
  • Generoa: Biziraupena, esplorazioa.
  • Plataformak: Switch 2.

Pokemon frankiziaren 30. urteurrena ospatu zuten Game Freak, Nintendo eta The Pokemon Company taldeek otsail bukaeran. FireRed eta LeafGreen klasikoen itzulera ikusi zuten zaleek, baina ez da sakelako munstroek egunotan jasoko dituzten joko bakarrak: Pokopia itxurosoa ere estreinatuko dute.

Koei Tecmorekin elkarlanean sortutako obra horrek Minecraft, Stardew Valley, Animal Crossing edo Dragon Quest Builders uztartzen dituela esan daiteke. Giza itxura hartzen duen Ditto pokemona izango da erabiltzailea: gizakiak desagertu diren etorkizunean, pokemonak elkartzeko eta bizitzeko tokia eskaintzeko helburua izango du jokalariak.

Horretarako, eraiki beharreko herrixkara hurreratuko diren piztien abileziak kopiatuko ditu erabiltzaileak. Ur pistolarekin, garrak botatzekoarekin edo hostotzarekin ingurunea eraldatu ahal izango da, are pokemon gehiago erakartzeko eta etxea sortzeko. Erabiltzailea ez da bakarka ariko, gainera: lau lagun modu kooperatiboan aritu daitezke. GameShare ezaugarriak dauzka Pokopia-k; alegia, pertsona bakarrak izan behar du jokoa hainbat jokalari aritzeko.

Slay the Spire 2

 

  • Argitaratze data: 2026-03-05 (aurretiazko sarbidea).
  • Garatzailea / Argitaletxea: Mega Crit.
  • Generoa: Kartak, roguelike.
  • Plataformak: PC.

Kartak, RPG elementuak eta roguelike partidak uztartzen dituen Slay the Spire ospetsuaren jarraipenak ez du behin betiko bertsiorik jasoko oraingoz, baina aurretiazko sarbidean (early access) jokatzeko eta probatzeko aukera edukiko dute ordenagailuko jokalariek.

Lehen tituluan ikusitako guztia hobetzera datoz: atal grafikoa nabarmen txukundu eta ekinaldi alternatiboak prestatu dituzte —ekitaldi bakoitzaren bukaeran bi bideren artean hautatu beharko du erabiltzaileak—, baita bioma, etsai nahiz karta berriak eratu ere. Onena? Oraingoan ez dela bakarrik ibili beharko: lau lagunentzako aukera kooperatiboa iragarri dute indie estudiokoek, sinergia eta karta bereziekin.

Planet of Lana II

 

  • Argitaratze data: 2026-03-05.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Wishfully / Thunderful Publishing.
  • Generoa: Abentura, puzzleak.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series.

Lehen joko arrakastatsuaren jarraipena da hau, esplorazioa eta plataformak ardatz dituen Lana eta Mui protagonisten abentura zinematikoaren ondorengoa. Bi protagonistak gidatuta, mundu berria berriz ezagutzeari ekingo dio erabiltzaileak, basoak, mendiak, lurralde izoztuak eta gune misteriotsuak zeharkatuta.

Puzzleak eta erronka txikiak izango dira nagusi, beste behin: Lanaren mugikortasuna areagotu egin da oraingoan, jauzi mekanika sakonagoak baititu, baina Muiren laguntza beharko da hainbat ekintza egiteko. 2.5D estetika ederra prestatu dute egileek, modelo sinpleekin baina ingurune biziekin.

Oraingoan ere, doako proba dago Steam plataforman.

Marathon

 

  • Argitaratze data: 2026-03-05.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Bungie.
  • Generoa: Akzioa, lehen pertsonako tiro jokoa.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Bungie estudioa Marathon frankizia ezagunera itzuliko da. Tiroketei eutsiko badiete ere, oraingoan ateratze tiroen jokoa eskaini dute, Play Stationen aterpean. Jokalaria jokalariaren aurka jarriko du, eta jokalaria ingurunearen aurka; hau da, PvPvE formatua proposatzen dute Halo-ren sortzaileek.

Sei korrikalari (runner) mota desberdinen artean hautatu beharko da partida bakoitza hasi aurretik, bakoitza bere indarguneekin eta ahulguneekin; Tau Ceti IV mundua esploratuko dute jokalariek: bakarka zein beste bi taldekiderekin batera, gune desberdinetako baliabideak eta altxorrak biltzea izango da helburua, eta ihes egin beharko da ondoren.

Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection

 

  • Argitaratze data: 2026-03-13.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom.
  • Generoa: JRPG.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.

Monster Hunter-en azpisagarik arrakastatsuenaren hirugarren atalarekin jarraituko du Capcomek. Hainbat jokalarirentzako ehiza jokoak alboratuta, jokalari bakarrarentzako JRPG abentura ederra izango da Stories 3.

Rathalos munstro bikiak izango dira istorioaren ardatza, baina piztia gehiago ikusi ahal izango dira. Pokemon erako mekanikak hartzen ditu MH Stories-ek: munstroen lagun eginda, haiekin borrokatuko da erabiltzailea, RPG mekaniken bidez mailaz igotzeko eta indartsuago bihurtzeko. Anime estetika landuarekin borobildu dute guztia: Azuria eta Vermeil erresuma koloretsuak zeharkatuko ditu erabiltzaileak.

Death Stranding 2: On the Beach

 

  • Argitaratze data: 2026-03-19.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Kojima Productions / PlayStation Publishing.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PC (aldez aurretik PS5ean).

Hideo Kojima zuzendariaren azken obra ordenagailuetara dator. Iaz Play Station 5ean merkaturatu zuten Death Stranding 2 hobetuta eta hedatuta iritsiko da PCra: ohiko hobekuntza grafikoak agintzen dituzte egileek.

Erabiltzailea Sam Porter Bridges banatzailea izango da berriz: mundu osoa konektatzeko ahaleginetan ariko da jokalari bakoitza oraingoan, gizadia salbatzeko helburuz, tartean istorio eta une zoro bezain gogoangarriak bizita. Iazko bideojokorik onenen artean kokatu dela ikusita, ordenagailuetako jokalariek aukeratu beharreko jokoetako bat izango da.

Crimson Desert

 

  • Argitaratze data: 2026-03-19.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Pearl Abyss.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Black Desert MMORPG ezagunaren arduradunek antzeko izena duen baina zeharo desberdina den jokalari bakarrarentzako ARPG abentura eskainiko dute Crimson Desert-ekin.

Fantasiazko Pywel eskualdera bidaiatuko dute jokalariek, eta hirugarren pertsonako borroka latzak, mundu irekiko abenturak eta istorio sakona biziko dituzte. Eskalatze sistemak, denetariko animalien gainean aritzeko aukerak —dragoiak barne— eta atal grafiko ikusgarria agintzen dituzte arduradunek.

Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park

 

  • Argitaratze data: 2026-03-26.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo.
  • Generoa: Plataformak.
  • Plataformak: Switch 2.

Switch originalean 2023an argitaratu zuten Super Mario Bros. Wonder ederrak Switch 2ko bertsioa edukiko du, eta espantsio handiarekin estreinatuko da. Meetup in Bellabel Park izeneko edukia hainbat jokalarik jokatzeko pentsatua da nagusiki: minijokoak eta erronkak proposatuko ditu modu kooperatiboan zein modalitate lehiakorretan gozatzeko.

Abentura originalarentzako hobekuntzak ere badakartza, baina: Rosalina eta Luma pertsonaiekin jokatzeko modua emango du N handiak. Gainera, Toad kapitainak proposatutako desafioak, zazpi Koopaling maltzurrak eta indartzaile berriak gaineratuko ditu.

Iturginaren 40. urteurrena ospatzeko egindako jokoetako bat da: fisikoki erosi ahal izango da, edo, originala dutenentzat, hobekuntza txartel digitala eskainiko dute.

Life is Strange: Reunion

 

  • Argitaratze data: 2026-03-26.
  • Garatzailea / Argitaletxea: Deck Nine Games / Square Enix.
  • Generoa: Abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series.

Max Caulfield eta Chloe Price protagonistak beste behin bilduko dira Life is Strange sagaren istorio nagusia ixteko. Bi protagonistak gidatu ahal izango dira, bakoitza bere helburuekin eta erabaki sortarekin.

2024an estreinatu zuten Life Is Strange: Double Exposure istorioak utzitako tokitik jarraituko du azken bideojokoak. Jazoera bitxien artean, pertsonaien ingurukoak hiltzeko arriskua egongo da: jokalarien esku egongo da haien patua aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.