Bideojokoak

Bideokontsolak eta ordenagailuak, elkarrengandik gero eta gertuago

Badirudi Xbox bete-betean barneratuko dela PCaren ekosisteman, kontsolen eredua eguneratuta.

Xbox markaren logoa. GAME ERAUNTSIA
Xbox markaren logoa. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2026ko otsailaren 16a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideokontsolen egoera edo formatua nahiko egonkorra izan da azken urteotan. Nintendo, PlayStation eta Xbox hirukotea indartsu mantendu da, krisi batzuk izan arren, berezko plataformak eta ekosistemak eskainita.

Gailuok sistema itxiak, egonkortasuna eta sinpletasuna eskaintzen dituzte, zenbaitentzat kaotikoagoak edo konplexuagoak izan daitezkeen ordenagailu irekiagoen proposamenetik aldendurik. Kontsola piztu, diskoa edo kartutxoa sartu —digitalean, jokoa jaitsi eta instalatu—, eta jokatzen hasi.

Egungo kontsolak, baina, sinpletasun horretatik aldentzen hasiak dira aspalditik: eguneratzeak, jokoen grafikoak aldatzeko errendimendu edo kalitate aukerak, mod nahiz eraldatzeak... Pixkanaka, PCetara gero eta gehiago hurreratzen ari dira. Ez bakarrik kanpotik; barneko arkitekturak edo ereduak ere ordenagailu arrunten antzekoagoak dira.

Eta, egia esan, gauza bera esan daiteke ordenagailuei buruz. Bideojokoen mundua ikaragarri arrakastatsua da PCaren barnean, baina, are publiko zabalagoa erakarri nahian, ordenagailu sinplifikatuak, edo, hobeto esanda, interfazeak eta proposamenak iritsi izan dira.

Eztanda Steam Deck eskuko PCarekin hasi zen: Steam Big Picture interfazearekin zein Deck Verified sistemarekin, kontsolen eskaintzara hurreratu dira, arestian aipatutako filosofia ulerterrazagoari helduta, saltsetan sartu nahi ez duten erabiltzaileentzat. Aldi berean, garatzaileei hardware zehatza eskaintzen zaie helburutzat: dozenaka konfigurazioren artean borrokan ibili beharrean, gailu bakarra eredu hartuta optimiza ditzakete euren bideojokoak.

Lenovo, ASUS edo MSI enpresek zein denetariko enpresa txinatarrek ekin diote bide berari, jokatzeko pentsatuta dauden eskuko PC eramangarriak merkaturatuz. Iraultza ez da hor geratu: aurten, bideojokoetara bideratutako mahaigaineko ordenagailuak edo errealitate birtualeko kaskoak iritsiko dira —dena ondo badoa—, eta PCak are gehiago hurbilduko dira kontsolengana.

 

Mugak finagoak dira, hortaz, eta aspaldiko desberdintasunak ez dira horrenbesterakoak gaur egun: kontsolak eta ordenagailuak desberdinak badira ere, zeinek bere berezitasunak baititu —harpidetzak, esklusibo gutxi batzuk, prezioa...—, bideojokoetan aritzeko orduan antzeko esperientzia eskain dezakete.

Hasieran aipatutako bideokontsoletako hirukote horretako kideetako batek indarra galdu du: Xbox-en azken finantza txostenetan, kontsolak saltzeko arazoak dituela irakur daiteke —salmentak %32 jaitsi dira zerga urteko azken hiruhilekoan—.

Bideojokoen munduari erreparatzen diotenentzat ez da harritzekoa: enpresa eta talde handiak erosten diru mordoa xahutu ondoren —Xbox-ek 68.700 milioi dolarren truke bereganatu zuen Activision Blizzard, eta 7.500 milioi ordaindu zituen Zenimax Media erosteko—, Microsoftek erabaki zuen, duela bi urte, Xbox Game Studios osatzen duten talde ugarien tituluak multiplataforma izatea guztiz. Hau da, Xbox-en bideojokoak PlayStation, Nintendo eta PC gailuetan kaleratzen hasi dira.

Windows ‘kontsolak’

Kontsolen erresuman indarra zeharo galduta, Xbox-ek hardware eredua aldatu edo eraberrituko du, hainbat iturriren arabera. PlayStation lehiakide nagusitik urrundu, eta PCaren ekosistemara joko omen dute: Windows Central agerkariko arduradunek aurreratu dutenez, kontsolen formatua guztiz alboratu gabe, etorkizuneko Xbox-ak mahaigaineko zein eskuko ordenagailuak izango dira.

Aspaldiko kontua da: Microsoft eskuko Xbox bat prestatzen ari omen da. Iaz merkaturatutako ROG Xbox Ally-rekin hasi baino ez dira egin, eta, orain, Xbox-etik etxeko gailua —aurrekoak Asus-enak dira— kaleratu nahi omen dute. Ideia berari eutsita, baina, mahaigaineko formatuan iritsiko litzateke beste kontsola bat, bigarrena.

Windows 11 sistema eragilea oinarritzat duten jokatzeko PCak izango dira: Xbox Ally-ren —eta baita Steam Deck-ekin ere, adibidez— kontzeptu berbera da. Bideojokoen liburutegia zein bestelako aukerak ikusarazteko aginteentzako interfaze berezitua erabiliko dute gailu berrietan, errendimendua areagotuta eta prozesuak sinplifikatuta; aldi berean, Windows ingurunera igarotzeko eta ordenagailu arrunten modura erabiltzeko aukera emango dute.

 

Gainera, Steamek bere hardware sortarekin egin duen modura, helburua izango litzateke beste fabrikatzaile batzuk xaxatzea gauza bera egin dezaten; hau da, Xbox gailu ofizialekin batera, software berbera erabiltzen duten AMD, Asus edo Lenovo enpresak —ideia bat egitearren— euren hardwarea sortzeko eragitea, Xbox ekosistema are gehiago zabalduz, jokatzeko Windows daramaten mahaiganeko zein eskuko gailuekin. Azken hilabeteetan sustatutako edozein gailu mota Xbox bat izan daitekeen ideiarekin jarraitzea, alegia.

Kaleratze urtea ere aipatu dute AMDkoek: Lisa Su arduradun nagusiak adierazi duenaren arabera, AMDren txipa eramango duen belaunaldi berriko Xbox-aren garapena bide onetik doa, eta «2027an merkaturatzeko helburua» dute. Iturri esanguratsua den arren, Xbox-eko arduradunek ezustean hartu omen dituzte Suren adierazpenak; hortaz, 2027rako ateratzea da helburua, baina, ziurrenik, geroago iritsiko da.

PCko plataforma guztiak, Xbox-en eskutik

Epic Games-eko arduradunak ere mintzatu dira Xbox-en gailu sorta berriaren inguruan. Steve Allison Epic Games Store saltokiko arduradun nagusiak ziurtatu du euren plataforma lehen egunetik eskainiko dutela Xbox berrietan. Modu batera edo bestera, pentsa liteke ordenagailuko plataforma asko Microsoften gailuetan egongo direla: guztiak iritsiko ote diren ikusi beharko da, tartean Steam eta GOG baitaude.

Horren haritik datoz Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuari buruzko datu berriak. The Verge teknologia berriei buruzko hedabidearen arabera, hirugarren plataforma gehiago gaineratzeko asmoarekin dabiltza Xbox-ekoak: gaur egun, Ubisoft edo EA enpresen zerbitzuak kokatzen dira Game Pass barnean. Are gehiago, Xbox zein PC Game Pass harpidetzak bateratzeko asmoa ere aipatu izan dute.

Prezioa izango da gakoa. RAM memoriaren eta biltegiratzeen krisiak lanak ez dizkio erraz jarriko Xbox-i —Valve-n estu eta larri dabiltza Steam Machine zein Fame gailuak argitaratzeko—: kontsola/ordenagailu hibridoa saldu gabe geratzea da arriskuetako bat, prezio lehiakorrean merkaturatu gabe geratuz gero batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.