Bideojokoak

Bideokontsolen prezioaren igoera, jokalariek gainditu beharreko beste erronka bat

Nintendok iragarri du garestitu egingo duela Switch 2 kontsolaren prezioa; urtebete eskas darama merkatuan. Aurretik, gauza bera egin dute Playstationek eta Xbox-ek ere.

Nintendo Switch 2 kontsola. GAME ERAUNTSIA
Nintendo Switch 2 kontsolaa. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2026ko maiatzaren 18a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifiziala bideojokoen industrian bete-betean sartu da, baina ez askok uste zuten bezala. RAM memorien prezioa nabarmen areagotzea eragin dute AAri lotutako enpresa handien erosketek eta mugimenduek; biltegiratze euskarrien prezioak ere gora egin du, gainera. Eta egungo nazioarteko sozioekonomia ere eragina izaten ari da bideojokoetan.

Egoera berezia sortu du horrek guztiak askotariko produktuen inguruan, baina, bideokontsolen kasuan, gauza berri bat jazo da: duela gutxi merkaturatutako gailuen prezioak areagotzea erabaki dute zenbait fabrikatzailek eta enpresak. Nintendo izan da azkena.

Duela egun batzuk, Kyotoko enpresa ezagunak iragarri zuen igo egingo dela Switch 2aren prezioa, iazko ekainean estreinatu zuten kontsolarena, alegia. Ez da igoera ikaragarria izango: 30 euro garestituko dute irailaren 1etik aurrera; 499,99 euroan salduko dute egungo kontsola hibrido arrakastatsua —martxoa bukatu aurretik 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu zituztela jakinarazi dute oraintsu argitaratutako finantza txostenean—.

 

Halere, orain arte ez da batere ohikoa izan kontsolen prezioek gora egitea; aurkakoa, merkatzea zen joera, ulertzekoa den bezala. Egungo kontsolen belaunaldian jazo da igoera hori lehen aldiz: kontsolen ibilbidearen 50 urteotan ez da halakorik gertatu.

Izan ere, Nintendo, Playstation, Xbox eta halako bideojoko enpresa erraldoien irabazi handiak ez dira iritsi bideokontsolei esker; ez zuzenean, behintzat. Kontsoletarako bideojokoen, osagarrien eta zenbait zerbitzuri esker dituzte onurak. Hau da, jokalariak kontsolen prezio erakargarriarekin lotzea —orokorrean, pareko ordenagailuak baino askoz merkeagoak izaten dira— eta, behin gastua eginda, softwarearekin xaxatzea izaten da helburua.

Hori dela eta, urteak igaro ahala, bideojokoek edo Nintendo Switch Online, Playstation Plus eta Xbox Game Pass bezalako harpidetzek egin ohi dute gora prezioetan: egunotan, jokoak 80-90 euroan kaleratzen dituzte, eta zerbitzuek ere hainbat prezio aldaketa izan dituzte.

N handiarentzat ez da nahikoa

Igoeraren erantzulea «egungo merkatuaren egoera» dela aipatu du Nintendok. Europako prezio aldaketak «leunak» izan dira, AEBekin eta, batez ere, Japoniarekin alderatuta; are gehiago, japoniarrek Switch originalaren eta NSO harpidetzaren prezioak ere igo dituzte. Salmenta datuak ikusgarriak badira ere, Nintendok aurreikuspenak hoztu ditu txostenean: egungo urte fiskalean 16,5 milioi Switch 2 saltzea espero du.

Bideojokoei dagokienez, apirilera arte, guztira, 48,71 milioi bideojoko saldu dituzte Switch 2an jokatzeko. Mario Kart World saldu da gehien —14,7 milioi salmenta—, baina kontsolarekin batera bilduma berezian saltzen dela gogoratu beharra dago. Atzetik ditu Donkey Kong Bananza —4,52 milioi—, Pokemon Legends: Z-A —3,94 milioi Switch 2ko bertsioan—, Pokemon Pokopia —2,41 milioi— eta Kirby Air Riders —1,87 milioi—.

Martxoa bukatu aurretik 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu zituztela jakinarazi dute oraintsu argitaratutako finantza txostenean

Baina ez da izan azken hilabeteotako prezio igoera bakarra. Sony etxeak apirilean igo zituen Playstation kontsolen salneurriak —PS5, PS5 Pro eta PS Portal gailuenak, zehazki—; iazko abuztuan ere igo zituen. Xboxek, bestalde, aurreko urrian aldatu zituen Xbox Series kontsolen prezioak. Valve isilik dago, baina, agindutakoa betez gero, laster iragarriko dituzte Steam Machine eta Steam Frame gailuen salneurriak: aspaldi jakinarazi behar zituzten prezioak, baina, RAMaren egoera dela eta, hasieran uste baino garestiagoak izatea espero da.

Belaunaldi berria, are garestiagoa?

Hurrengo kontsolen belaunaldiari begira jarrita, zalantza eta misterio ugari daude oraindik, baina aurreikuspenak ez dira ederrak. Playstation 6 eta Xboxen Helix proiektua isilpean mantendu dituzte, oraingoz; halere, zurrumurruen arabera, maila handiko gailuak datoz, punta-puntako osagaiak eta ezaugarriak izango dituztenak.

Egoera hori aztertuta, 1.000 euroko salneurrira hurreratzea edo hori gainditzea espero dute zaleek. Bideojokoen industria eraldatu dezakeen erabakia izan daiteke; hots, geroz eta ohikoagoa da jokalariak aurreko belaunaldietan geratzea, bideojoko nagusiak horietan ere kaleratzen direla ikusita —egun, Playstation 4 edo Switch kontsoletarako bideojokoak argitaratzen dituzte, adibidez—-

Eta gailu eramangarrien edo hibridoen eztanda ere tartean dago. Nintendo Switch gailuak iraultza eragin zuen bideojokalarien artean, joko handi eta modernoetan muga gutxi batzuekin edonon eta edonoiz jokatzea ahalbidetu zuelako; ondoren, Steam Deck eta bestelako eskuko PCak edo Android gailuak azaldu dira, bideojokoei bideratuta.

Playstation 6 eta Xboxen Helix proiektua isilpean mantendu dituzte, oraingoz; halere, zurrumurruen arabera, maila handiko gailuak datoz, punta-puntako osagaiak eta ezaugarriak izango dituztenak

Zurrumurruekin jarraituz, Playstation eta Xbox ere beren kontsola eramangarriak prestatzen ari direla zabaldu da azken hilabeteotan sarean: egia izanez gero, egungo belaunaldiko jokoetara mugatuko direla pentsa daiteke. Antzekoa gertatzen da PCaren munduan, ordenagailu indartsuak erostea edo muntatzea geroz eta zailagoa baita.

Hori kontuan hartuta, erabiltzaile asko gailu berriagoetara jauzia egiteko zain geratu daitezke, eta, aldi berean, ekoizleek eta garatzaileek belaunaldi berria babesteari edo elikatzeari uko egin diezaiokete. Joko esklusibo handiei dagokienez bai, behintzat.

Alegia, etengabe haziz joan da bideojokoen industria, baina haren egoera ez da batere samurra. Enpresa handiek ez dute arazo handirik hardwarearen eta softwarearen prezioak igotzeko, baina erabiltzaileek igoera horri noraino eutsiko dioten ikusi beharko da. Xboxek, esaterako, atzera egin behar izan du Game Pass Ultimate harpidetzaren azken igoerarekin, erabiltzaileen haserrea ikusita.

Oraingoz, Playstation 5, Xbox Series eta Switch 2 kontsolekin aurrera jarraituko dute: egungo belaunaldiak pare bat urte gehiago irautea espero da gutxienez, gaur egungo prezioei gutxi gorabehera eutsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE