Egunkari bat birdiseinatzea ez da polita jartzea. Tira, bai, polita jartzea ere bada. Baina ez hori bakarrik, eta ez hori batez ere. Birdiseinatzeko lan batek berez izan behar du edertasun zerbait (kazetaritzaz ari garela horrela hitz egitea zilegi bada): egunkari batek birdiseinu baten ostean hobera egitea da eska litekeen gutxiena. Baina, dena esan behar da, hobekuntza ez dago bermatua derrigor. Eta are gutxiago egunkari horrek hasieratik egiteko modu on bat badu. Ederki diseinatutako egunkaria da BERRIA. Sortu zenetik, orain duela bi hamarkada, kalitate bisuala egunkariaren zeinuetako bat izan da. BERRIA birdiseinatzea, beraz, erronka handia da.
Itzul gaitezen hasierara. Birdiseinatzea...
Birdiseinatzea, batez ere, aldatzea da. Eraldatzea. Ez edonola, baizik eta oinarrira joz, norbera den horretan arakatuz. Aztertzea, helburu bat jartzea eta horri lotutako erabakiak hartzea. Aldaketak handiagoak edo txikiagoak izango dira, komeni denaren arabera, baina ezin dute itxurakeriazkoak izan, arrakastarik izango badute. Alde horretatik, birdiseinatzea aukera bat da. Gauzak beste era batera egiteko, alegia. BERRIAk horrela planteatu du bere birdiseinua: aurpegi berri hori ez da hausnarketa prozesu luze eta oso aberats baten ondorioa bakarrik, zeinak ekintza informatiboa gaurko garaietara egokitu nahi baitu. Eta gaurko garai hauek, guri gustatu edo ez, digitalak dira funtsean.
Duela hilabete batzuetatik hona, BERRIAk modu digitalean pentsatu eta ekiten dio. Jakinik pertsonek euskarri horietan kontsumitzen dutela informazioa lehenik. Baina jakinik, baita ere, inprimatutako horrek badituela ezaugarri batzuk bakanak direnak, eta hori errespetatuta errentagarria izan litekeela. Ez, ez da zokoratu behar inprimatutakoa. Kontua ez da euskarri bat bestearen gainetik jartzea, baizik eta biek eskaintzen dituzten aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzea.
BERRIA marka editorial sendo eta prestigiotsua da. Ezinbestekoa da identitate hori indartzea, haren edukiak edozein bidetatik doazela ere. Orain aurkeztu dugun birdiseinu proiektuak kontuan hartu du, denbora guztian, bitasun ezinbesteko hori. Esan genezake, esan ohi den bezala, egunkari berria eleganteagoa dela, irakurgarriagoa dela... Baina ez gara gu hori juzgatu behar dutenak.
Oxala, irakurle hori, emaitza zuen atseginerako bada. Oxala BERRIAren mailan bagaude. Zuen momentua da. Aditzen ari gatzaizkizue.
Ikusi gehiago