BERRIAren diseinu berria, hustu gabe arindua

Iazko azarotik aurtengo azarora, Errea estudioa eta BERRIAko diseinu taldea eskuz esku aritu dira lanean, webguneko eta papereko edizioei itxura moderno, elegante, argiago eta irakurterrazago bat emateko.

BERRIAREN DISEINU BERRIA
BERRIAren diseinu berriko lehen zenbakiaren orriak, maketazio programan ikusita. BERRIA
Mikel P. Ansa.
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Baziren bederatzi urte, 2014tik, BERRIAk ez zuela diseinua aldatzen, eta hogeigarren urteurrenaren aitzakia baliatu du lan horri ekiteko. Iruñeko Somos Errea estudioarekin elkarlanean gauzatu du birdiseinua BERRIAren diseinu taldeak. Webguneak hartu du lanaren parte handi bat: aktualitatea, BERRIAk sortzen dituen askotariko edukiak eta kolaboratzaileen lanak hobeto erakustea eta irakurleen esperientzia digitala hobetzea izan dira erronka nagusiak, eta diseinu aldaketak indartu egin ditu helburu horiek.

Webgunea bera hobeto hierarkizatuta dago, kolorearen eta argazkien erabilera neurritsuagoa da, eta zuritasunek zein tipografiaren aukeraketak irakurgarriago eta argitsuago egiten dute. Tipografia berriak hartu ditu BERRIAk, Feature eta Graphik —Commercial Type tipografia etxe ezagunarenak biak—. Hogei zutabeko egitura batek aukera eman du BERRIAren webguneko orri ugariei forma emateko eta artikulu tipologia diferenteak sortzeko, edukiaren araberakoak: iritzia, erreportaje eta kronikak, elkarrizketak, albisteak.

Papera birdiseinatzeko lana ondoren etorri zen. Webgunerako prestatutako diseinu berria oinarritzat hartuta, baina paperak diseinurako ematen dituen aukerak baliatuta azalberritu da. Diseinu berezia da paperekoa, ezaugarri berri batzuk dakartzana: cyan eta magenta koloreek bereizten dituzte aktualitatearekin lotura estuagoa duten informazioak, eta kulturarekin eta bizimoduarekin lotura dutenak. Eta aktualitateko, Iritzia-ko eta Kultura-ko sail hasierek beste indar bat dute, BERRIAren ezaugarri diren atal horiek indartzeko: erritmo handiagoa eman nahi zaio egunkariari baliabide horiekin.

Ezaugarri berezi gehiago ere baditu papereko diseinu berriak: egitura berria dute maketek, malguagoa, zuritasun eta aire gehiagorekin, diseinu berriak sortzeko eta ezustekoak emateko; testuak eta gako diren informazioak bereizita daude, testuaren irakurketa sosegatuagoa izan dadin; albisteen azpitituluak indartu egin dira, irakurleak tituluez aparte bigarren mailako irakurketa bat egiteko aukera izan dezan.

Igandeetan, bestalde, BERRIAren mantxeta berreskuratu du, baina azken bederatzi urteetan etxearen marka bihurtu den Igandea mantxeta albokoa galdu gabe. Herrialdeetako Hitzak, Nasan eta Udagiro gehigarriak ere berritu dira, koherentzia bisuala emateko. Diseinu berriaren oinarri horiek, ondoren, sare sozialetan, bideoetan eta BERRIAlagunen komunitatearentzako zerbitzuetan aplikatu dira, bestalde, eraberritze integral bat egiteko asmoz.

Irakurleak eta BERRIAlagunak gogoan hartuta egindako aldaketa bat izan da. BERRIA eskuko telefonoan zein paperean irakurtzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin. Arindu egin da BERRIA, birdiseinatuta. Baina mamia legamiaz harrotu gabe, eta edukiz hustu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.