Komunikazioa

'Bisitaria' saioak bigarren denboraldia hasiko du gaur, aldaketa gutxirekin

ETB1eko elkarrizketa saioa asteazkenero emango dute (22:00); lehen atalak Korta izango du protagonista

Jose Luis Korta, Kaikuko entrenatzailea, Xabier Euzkitze aurkezlearekin golfean, Bisitaria saioko lehen atalean. ETB.
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Plato barneko elkarrizketak utzi eta gertutasun bila kalera atera zen Xabier Euzkitze Bisitaria saioarekin, eta, nolabait, gaztarora itzuli da. «Aurkezle izan aurretik erreportari izan nintzen, eta berriro ere kalean batetik bestera ibiltzea esperientzia ederra izan da», aitortu du Euzkitzek. Protagonisten egunerokotasuneko goxotasun eta garraztasunak bertatik bertara ezagutu ditu aurkezleak, eta bigarren denboraldian, hainbat pertsona ezagunen alde ezkutua azaleratzen jarraitu nahi du Bisitaria-k. Gaur itzuliko da ETB1 katera elkarrizketa saioa, aldaketa gutxirekin. Izan ere, formatuak arrakasta handia izan du bere horretan. «Formatua finkatuta dago eta ikus-entzuleek gogoko dute. Funtzionatzen duen formatu bat asko aldatzea ere ez da egokia izaten», dio Euzkitzek. Berak jarraituko du saioko buru, protagonisten konfiantzazko lagun bihurturik. 48 orduz gonbidatuaren atzetik ibiliko da, egunero zer egiten duen jakiteko.

Ikus-entzuleak nabarituko du berrikuntzarik, hala ere. Denboraldi berrian gaurkotasunari loturiko gertaerei buruzko saio berezi gehiago egin nahi dituzte; «aurreko denboraldian Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin egin bezala». Adibidez, Katalunian independentziaren alde eginiko manifestazioa hizpide izango duen atal berezi bat ari dira prestatzen. «Gertatzen denean eta ahal dugun heinean, gai freskoak lantzen saiatuko gara».

Esperientzia aberasgarria

Hainbat pertsona ezagunen eguneroko bizimoduan murgildu da Euzkitze lehenengo denboraldian. Etxeko atea ireki diote, besteak beste, Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak, Kirmen Uribe idazleak, Amaia Zubiria eta Erramun Martikorena abeslariek, Pedro Miguel Etxenike zientzialariak eta Aitor Zubieta pilotariak. Ondo ezagutu ditu Euzkitzek gonbidatu guztiak. «Grabaketak oso astunak izaten dira; 12 eta 15 ordu artean egiten dituzte protagonistek gurekin. Saioak asko eskatzen die langileei eta gonbidatuei». Emaitza oso aberasgarria da, ordea, Euzkitzeren ustez. «Gonbidatuek dena ematen dute; jarrera irekiarekin etortzen dira guregana, eskuzabal». Bisitaria-ri hainbat bizipen aitortu dizkiote protagonistek, eta ikus-entzuleak hunkitu dituzte, baita aurkezlea bera ere. «Elkarrizketek eta pertsonaia bakoitzarekin igarotako orduek profesionalki eta pertsonalki eragin didate». Txillarre baserrian (Elgoibar, Gipuzkoa) Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearekin izandako solasaldia bereziki izan zen hunkigarria, eta ikus-entzuleen artean oihartzun handia izan zuen. Hala gogoratzen du Euzkitzek ere: «Hausnarketarako bide izan dira elkarrizketa gehienak: Uxue Barkosena, Jesus Egigurenena... Hainbat gauza aurrez aurre entzutea gogorra egiten da askotan. Gonbidatuek modu gordinean hitz egiten dute». Gordintasun horrek egiten du, hain zuzen, saioa berezi.

Bigarren denboraldian, bihotzak uzkurtuz jarraitu nahi du Bisitaria saioak. Lehen atalak Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzailea izango du protagonista. «Denboraldiko azken estropada bertatik bertara biziko dugu Kortarekin, prestakuntza lanak eta azkeneko aginduak barne».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.