Hasi dira ETBn programa batzuk denboraldia amaitzen. Kontrako eztarria umore saioak denboraldiko azkeneko atala izan zuen astelehenean. Lehena eta azkena izan daitekeen denboraldia. «Hiruzpalau denboraldi irauteko moduko egitasmoa izan zitekeela sinetsita geunden, baina ez dakigu zer gertatuko den», adierazi du Xabier Euzkitzek, saioko aurkezleak; Anjel Alkain, Jon Plazaola eta Iker Galarza dira programaren beste hiru hankak. Talde horrek, edonola ere, jarraipena izango duela uste du Euzkitzek: «Baina ez dakigu zuzendaritzak markari eta ordutegiari eutsiko dion».
Programaren ikusle datuak «oso txukunak» izan direla nabarmendu du ETBko aurkezle beteranoak: «Antzeko ikusle profila duten saioekin borrokatu behar izan dugu. Gure ondorengo saioari geuk hartzen genuen ikusle kopurua baino askoz handiagoa uzten genion gauero». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskaldunen artean %3,6ko ikusle kuota izan du saioak.
Umore saioak egin duen bidearekin taldean «gustura» daudela esan du Euzkitzek: «Talde ona eta orekatua lortu dugu. Baliabideak asko murriztuta daude, baina helburuak lortu ditugu. Geuk ondo pasatzea ezinbestekoa zen ikusleei ondo pasarazteko». Hortik harago jo dutela uste du: «Ikusleekiko harremana sustatu, eta gazteekin kimika polita izan dugu».
Datozen asteetan jakingo da programa udazkenean itzultzen den ala ez.
Kontrako eztarria-k utzitako hutsunea ETB1eko programazioan Bost baietz lehiaketak beteko du uda amaitu bitartean (21:25). Saioaren bigarren denboraldian, Julian Iantzi Euskal Herriko jaialdi, azoka eta jai guneetan izango da, kalean topatutako herritarrei galderak egiten. Aurreko udan bezala, parte hartzaileek bost minutu izango dituzte Iantziren galderei erantzuteko, bakarrik edo kaleko jendearen laguntzarekin. Aurkezleak iragarri du aurten galdera «beldurgarri» bat egingo diela lehiakideei: «Matematikarekin lotutako galdera. Kalkulagailuak, telefonoak eta tabletak erabiltzera ohituta gaudenez, askok ez dakite kalkulu matematikoak egiten, eta gauza sinpleenak kalkulatzen trabatu egiten dira». Lehiaketaren gakoak «umorea» eta «gertutasuna» direla nabarmendu du ETBk. «Ondo pasatzea eta diru apur bat banatzea da helburua», adierazi du Iantzik.
'Bost baietz', 'Kontrako eztarria'-ren orduan, ETBn
Astelehenean amaitu zen 'Kontrako eztarria'-ren lehen denboraldia.ETBko zuzendaritzak ez du erabaki saioa udazkenean itzuliko den

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu