CBS kateak jarri dio amaiera data The Late Show with Stephen Colbert saio arrakastatsuari: 2026ko maiatza. Hurrengo ikasturtea izango du azkena Stephen Colbert aurkezleak bere gaueko programan. Telebista kateak agiri batean adierazi du finantza arazoak direla programa kentzeko arrazoi bakarra, eta ez duela horrek inolako loturarik saioaren errendimenduarekin, edukiarekin edo Paramount konpainian gerta daitezkeen kontuekin. «Stephen Colbert ordezkaezina dela deritzogu, eta, horrenbestez, frankizia hori kendu egingo dugu». Late night formatuari segidarik ez diote emango, horrenbestez.
1993. urtean estreinatu zuen CBSk late show-a, David Lettermanen eskutik. Azkeneko hamar denboraldietan aurkeztu du Colbertek. Edonola ere, aurretik ere eragin handia zuen Colbertek AEBetako telebistagintzan: 1997tik 2005era The Daily Show gidatu zuen; eta 2005etik 2014ra, The Colbert Report. Azken horretan, politikari eta iritzi emaile kontserbadoreen satira egiten zuen. I Am America (And So Can You!) bere liburua The New York Times-en zerrendako lehen tokira iritsi zen, 2008an. Urte horietan guztietan, Colbertek ez du ezkutatu demokratatzat jotzen duela bere burua. Lettermanen tokia hartu zuen 2015ean CBSren gaueko saioan, eta ikusle datu oso onak lortu ditu denboraldi hauetan.
Trumpek zerikusia duela salatu dute
Nahiz eta CBSk finantza arazoei egotzi dien Colberten saioa kentzeko erabakia, AEBetako hainbat hedabidetan argitaratu dute litekeena dela bestelako arrazoiak egotea. Are gehiago, AEBetako Idazle Sindikatuak —telebista saioko gidoilariak berak ordezkatzen ditu— salatu du balitekeela «eroskeria» egotea CBSren erabakiaren atzean, Donald Trumpen gobernuarekin «bakea egiteko». Gogoratu beharrekoa da Paramount Global konpainiak Trumpi 14 milioi euro inguru ordaintzea adostu zuela berriki, iaz CBSk Kamala Harrisi egin zion elkarrizketaren auziarengatik —Trumpen arabera, «manipulatua» izan zen elkarrizketa hura—. Idazleen sindikatuak exijitu du New Yorkeko fiskaltzak ikerketa bat abiatzea, Colberten saioaren amaieraren arrazoiak argitzeko.

Beste hedabide batzuetan azpimarratzen ari dira, bestetik, Skydance enpresak eta Paramountek bat egin izanak eragin handia izan dezakeela late night-a kentzeko erabakian. Datozen hilabeteetan dira bat egitekoak, eta Skydanceren jabea David Ellison da, Larry Ellisonen (Oracle) semea. Trumpen aspaldiko laguna da Larry Ellison, eta haren semea ere azaldu izan da Trumpen ekitaldietan. Paramountek eta Skydancek AEBetako Gobernuaren oniritzia behar dute bat egiteko.
Colberten saioa kentzea horrekin guztiarekin lotuta ote dagoen galdetu dute Alderdi Demokrataren hainbat ordezkarik; besteak beste, Elizabeth Warren senatariak.
Ikus-entzunezkoen sektorean aipatzen den beste faktore bat ere ez da albo batera uztekoa: 2023tik hona, dirua eta publizitatea late night-eko saioetatik aldentzen ari da. 2018tik 2024ra, AEBetako late night-etako publizitate sarrerak erdira jaitsi dira.