Izerditan da Iholdi Beristain, Bago!az-eko irabazlea. Enkore taldearen Ozen oihukatu kantaren bertsio bat ari da dantzatzen. Behin eta berriz, eszena errepikatzen. Dena perfektu atera arte. Lortu du 18 urteko gazteak Jabi Elortegi Go!azen-eko zuzendariaren azken baiezkoa. Aktore gisa lehen esperientzia du, eta «oso ondo» doala dio: «Lana da, baina asko gozatzen ari naiz, eta asko gustatzen zait egiten nagoena». Taldekideen babesa eskertu du.
Handik gutxira, Jon Maia dantzariaren aholkuak jasotzen ari da Beristain. Kukai taldeko dantzariak Goazen-eko bost aktorerekin batera koreografia berezi bat grabatzekotan dira. Maiaren eta Karlos Nguema telesaileko koreografoen pausoei jarraitzen ari dira, grabatzen hasi aurretik. Nguemak uste du aktoreak hobetu egin direla dantzan. «Nire lanarentzat oso positiboa da. Beste hamar urtez hemen lanean jarraitzea zoragarria litzateke». Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklaboen komentuan ari dira grabazioak egiten. Telesailaren hamahiru atal grabatuko dituzte, iaz baino hiru gehiago —ekainaren 20an hasi ziren, eta abuztuaren 25era arte ariko dira—. Azaroan hasiko dira ematen, ETB1en. Elortegi telesaileko zuzendariak nabarmendu du eguraldiarekin «oso zorte txarra» izaten ari direla: «Ia egunero planak aldatzen gabiltza. Beti zeruari begira». Bestalde, Elortegik iazko arrakastaren eragina aipatu du: «Azpeitian kalera irteten garenean, gaztetxoz inguratuta gaude. Ematen du aktoreak futbolariak direla».
Kukaikoekin batera, Ainhoa Larrañaga, Aritz Mendiola, Miren Arrieta eta Asier Burguete aktoreak aritu dira dantzan. Bigarren urtea dute laurek. Burguetek aitortu du dantzan kantuan baino erosoago sentitzen dela. «Kantuan oraindik kostata aritzen naiz, baina denen artean lagundu egiten diogu elkarri». Arrieta «gogo handiarekin» joaten da grabatzera, «motibazio handiarekin». Aurten musika eszenak «sekulakoak» direla nabarmendu du. Marketina ikasten ari da, Madrilen. «Film laburren bat egin dut han, baina ez naiz hautaprobetara aurkeztu. Ikasten jarraitu nahi dut». Mendiolak uste du iazko esperientzia «emozio handikoa» izan zela. «Orain beste ikuspegi batekin gatoz; profesionalagoa da». Aktore eta musikari jarraitu nahiko luke. Ari da bidea egiten, Lau Katu musika taldean. Larrañagak ere uste du «konfiantza handiagoa» hartu dutela kameren aurrean. Iazko arrakasta berriz ere lortuko dutela iruditzen zaio. «Aurtengo istorioak eta pertsonaien artean gertatzen direnak gehiago gustatzen zaizkit. Iaz light-agoa zen, nolabait esanda».
Berriz arrakasta lortzekotan
Aktore berrien artean, Beristain ez ezik, Nerea Mazo, Sara Nieto eta Beñat Iturbe daude. Azken horrek 18 urte ditu, eta harentzat aurreneko esperientzia da telebistan—antzerkian lan pare bat egin ditu—. «Hautaprobetara aurreneko aldiz aurkeztu nintzenean, ez nuen itxaropenik. Baina probek aurrera egin ahala, irabazteko gogoa handituz joan zen. Eta, azkenean, hemen nago». Asteotako esperientzia «ikaragarria» izaten ari dela dio: «Gauza asko ari naiz ikasten. Gainera, lantaldean giroa mundiala da».
Aktore beteranoen artean, Ramon Agirrek Zuzen apaizarena egiten du. Beristainen dantzaren eszenan, bera ere burua mugitzen ari da, dantza saiakeran. Aurreko denboraldiko atal batean, Begoña garbitzailearekin azaldu zen dantzan Zuzen. Karmele Larrinagak egiten du Begoñarena. «Zoragarri ari gara pasatzen gure abentura berriekin», esan du Larrinagak, irribarrez. «Iazko arrakasta sekulakoa izan zen, eta aurten handitu egingo da hori. Kalean, haur guztiek esaten didate: 'Begoña, Begoña, garbitzaile martxosa!'. Telesailak gora egingo du».
Aktore horien guztien lana zuzentzen Ainhoa Aierbe eta Itziar Gomez ari dira. Aierbe Beristainen eta Kukaikoen eszenari begira ari da, arretaz: «Asko gustatzen zait aktore zuzendariaren lana. Aktore lana baino handiagoa da ia. Bakoitzaren joerak ezagutzen dituzu, baina oso erne egon beharra dago. Lan handia da, baina oso polita».
Komentuaren solairu bat beherago, beste talde bat dago, eszena labur bat grabatzen, Gomezen begiradapean eta Jon de los Rios errealizadorearen zuzendaritzapean. Haurrek telesailarekin duten zaletasunaren erakusgarri, Inma Fernandez aktoreak kontatu duena: «Mutiko batek esan dit: 'Nik beti ikusten zaitut, wifiarekin'».
Dantzatzen den herri bat...
'Go!azen' telesailaren hamahiru atal berri ari dira grabatzen. Iaz aritu ziren aktoreak eta hasiberriak gogotsu daude. Kukai taldeko dantzariek eszena batean parte hartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu