Antzokiz antzoki herritarrei barrea sorrarazten dabiltza azkenaldian Nagore Aranburu, Mikel Pagadizabal eta Egoitz Lasa aktoreak, Bodologuak obrarekin. Wazemank-en eta beste saio batzuetan elkarrekin aritutakoak dira telebistan. Eta beren azken proiektuan, kamera atzeko lana egingo dute: DBH. «Ideia Txintxeta taldeko kide garenoi bururatu zitzaigun. Gero, K2000 ekoizpen etxeari aurkeztu genion proiektua. Eta hortik telebistara. Hilabete askotako lana eta prozesua izan da», azaldu du Nagore Aranburu programako zuzendariak. Azaroan estreinatuko dute saioa ETB1en. Astelehenetik ostegunera, hamar minutuko tarteak izango dira, eta astean behin, 40 minutuko programa prime-time ordutegian.
Umorezko saio berrian, ikastetxe bateko irakasleen gorabeherak kontatuko dituzte. Zuzendaria berezi samarra izango da, arazoak beste kideei pasatzen iaioa dena. Gizarteko irakaslea ez da batere jendezalea. Matematikakoari kontuak ez zaizkio ateratzen; soinketakoak beste guztiak izerditan jarriko ditu, eta zientzietakoa natural-naturala da. «Pertsonaiak sortzeko momentuan, ama birjina azaltzen den moduan azaldu zitzaizkigun aktoreen aurpegiak, eta nahiko argi izan genituen izenak pertsonaiak garatzeko momentuan». Irakasleen rola jokatzen azalduko dira, besteak beste, Ramon Agirre, Elena Irureta, Asier Sota, Xabier San Sebastian eta Nagore Orbeltzu. Aktore zuzendaria Anartz Zuazua da.
Ikusleari tarte on bat pasarazteko ideiarekin sortu dute saioa. «Gu, lanean, geuri grazia egiten diguten gauzetatik hasten gara. DBH-n, hain pertsonaia desberdinek gai beraren inguruan duten jokaera desberdinek lagunduko digute umorea egiten».
Mikel Pagadizabalek eta Egoitz Lasak idatzitako gidoiek eta elkarrizketek garrantzi handia izango dute, eszena guztiak kamera finkoan grabatuta baitaude. Camera Café saioaren berdintsua ote den galdetuta, Aranburuk dio kamera finkoa dela antzekotasun bakarra. «DBH, berriz, ikastolako zenbait gunetan kokatuko da, eta ez dekoratu bakar batean. Pertsonaien abiapuntuak guk izandako erreferenteak izan dira; euskal ikastetxeetan ikasi duten guztiei bertakoak egingo zaizkie».
Luze irauteko asmoz sortu da fikziozko programa. «Esperantza horrekin egin behar da beti. Ikusleen erantzuna ikusita jakingo dugu bizitza luzea izan dezakeen». Euskarazko fikzioarentzat, garai hau ez da oso gozoa telebistan, eta Aranburuk aitortu du sos gutxi dagoela: «Beste gauza guztiekin bezala gertatzen da dirua murrizten denean, gutxiago eta azkarrago sortu behar dela. Egin daiteke, eta txukun, baina aurrekontu handiko produktuen konpetentzia izatea zaila da. Ez da perspektiba galdu behar».
Komunikazioa
'DBH' fikziozko umorezko saioa azaroan estreinatuko dute ETB1en
Nagore Aranbururen zuzendaritzapean, irakasle xelebre batzuen gorabeherak kontatuko ditu K2000ren saioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu