Komunikazioa

DBHko irakasleak, martxan

ETB1 kateak gaur gauean estreinatuko du 'DBH' umorezko telesaila (22:25). Nagore Aranbururen zuzendaritzapean, zortzi irakasle xelebreren gorabeherak jasoko ditu programak.

Elena Irureta, Ramon Agirre, Sara Cozar, Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Asier Sota, Nagore Urbeltzu  eta Xabier San Sebastian, DBH umorezko saioko aktoreak, atzo, Miramongo estudioetan. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Soinketa irakasleak (Joseba Apaolaza) itsulapiko bat jarri du lepo aldean, jaurtitzeko imintzioa eginez. «Hainbeste itsulapikorekin, honek herriko taberna bat ematen du. Kar-kar-kar. Ez duzue harrapatu edo ez zarete inoiz herriko taberna batean egon?», galdetu die eserita dauden lau irakasleei. «Ez dugu ausartu nahi», erantzun du hitz totelka matematikako irakasleak (Xabier San Sebastian). Orduan ikastetxeko zuzendaria agertu da (Ramon Agirre). Irakasleen itsulapikoetan txanponak sartzen hasi da, hanka sartze bat egin aldiro. Azkenean, txanpon guztiak bota, eta maldizioka joan da, ikastetxean itsulapikoak debekatzen dituela esatearekin batera. Agirre grabaketa batean amaierara iritsi, baina «jatetxe» esan du «ikastetxe» esan beharrean. Eta osorik errepikatu behar izan dute dena. Azkenean, plano sekuentziaren bederatzigarren grabaketa eman du ontzat Anartz Zuazua aktore eta zuzendariak. Kostata, baina ondo atera da.

Grabazioen bigarren astea du Miramongo egoitzan Nagore Aranburuk zuzendutako taldeak. Eta gaur da estreinaldiaren eguna. ETB1ek ostegun gauetan emitituko du DBH umorezko saioa —40 minutu iraungo du emanaldi horrek—. Igande, astelehen, astearte eta asteazkenetan, berriz, hamar minutuko atalak ikusi ahalko dira, 22:00etan. Hasiera eta amaiera propioa izango duten atalak dira guztiak, ez dute jarraipenik. K2000k, Txintxetak eta ETBk ekoitzi dute programa berria.

Itziar Azpeitia ETBko programa berrien garapenerako arlo buruak DBH-ren bertuteak nabarmendu ditu: «Telesail bat da, komedia da eta saio entretenigarria. Arina, freskoa, umoretsua, erraz ikusteko modukoa eta oso gustura ikusteko modukoa. Helburua da entretenitzea eta ondo pasatzea ETB1 ikusten. Lan talde bikaina dago kamera aurrean eta kamera atzean». Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lanean ari diren irakasle batzuen gorabeherak jasotzen ditu saio berriak. «Ekoizpen sistemari dagokionez, mono kamara-multi set deitu diogu. Lau dekoratu daude, baina kamera bakarra, eta hori beti finko dago. Beti ikuspuntu berbera erakutsiko digu kamerak». Lau set edo dekoratuak hauek dira: irakasle gela, jangela, komunak eta fotokopagailua dagoen lekua.

Kamera finkoa izanik, gidoiek garrantzi nabarmena dute. Eta umorezko gidoigintzan Nagore Aranburuk duen eskarmentua azpimarratu du Itziar Azpeitiak.Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Anjel Aldarondo ari dira gidoiak idazten.

Nagore Aranburuk azaldu duenez, «ilusio handiarekin» ari dira lanean. «Ikaragarrizko taldea dut inguruan, gogo handiarekin. Zerbait entretenigarria, arina eta umorez betetakoa egiten saiatzen ari gara. Lehen saioko irudiak ikusi ditut, eta iruditzen zait jendeari gustatuko zaiola».

Saioko zortzi pertsonaien aurkezpena egin du Aranburuk: Ramon Agirre da ikastetxeko zuzendaria, «irakasle guztiak gobernatzen saiatzen dena eta eskakeadore profesionala»; Joseba Apaolaza Gorputz Hezkuntzako irakaslea da, «ume batzuei izerdia botatzeagatik hiru hilabeteko oporrak dituelako dena irakasle»; Sara Cozar Musikakoa, «maitagarriegia»; Mikel Martinez Euskarazkoa, «beste irakasleak euskararekin zorabiatzen dituena»; Nagore Urbeltzu Naturakoa, «liberala eta maniatikoa»; Xabier San Sebastian Matematikakoa, «urduri samarra»; Elena Irureta Gizartekoa, «beste irakasleekin nazkatuta dagoena»; eta Asier Sota Plastikakoa, «artista eta irakasle sorpresa». Aranbururentzat, «kriston ohorea» da aktore horiekin guztiekin lan egitea. «Egundoko lana egiten ari dira ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.