Telesailak

Detektibe zinemazalea bueltan da

John Sugar ikertzaile pribatuaren istorioak bigarren denboraldia izango du. Detektibeak, zinema beltza eta zinemazaletasuna izango dira kontakizunaren ardatz; lehen denboraldian ikusleak aho bete hortz utzi zituen ustekabeak ere izango du bere tartea.

'Sugar' telesailaren fotograma bat. APPLE TV
'Sugar' telesailaren fotograma bat. APPLE TV
gaizka izagirre
2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literaturako, telebistako eta zinemako genero ezagun eta garrantzitsuenetako baten interpretazio garaikidea eskaintzen du Sugar telesailak: detektibe pribatuen istorioak. Baina John Sugar protagonista ez da ohiko detektibe bat. Colin Farrellek jokatzen du haren rola, baina Glenn Ford, Humphrey Bogart edo Robert Mitchum izan zitezkeen. Izan ere, Sugar telesaila zinema beltz klasikoari egindako maitasun gutun bat da, eta Sugar bera da gutun horren tinta eta papera.

Gainera, Sugarren erregaia zinemarekiko duen mendekotasuna da. Lehen ataletik bertatik ikusiko du ikusleak filmen maitasun horren aztarna: Sight and Sound edo Cahiers du Cinema aldizkariak esku artean, altxor txikiak balira bezala.

Telesailaren sortzaile nagusia Mark Protosevich da, baina haren unibertso bisualari arnasa ematen diona Fernando Meirelles da. Atal gehienen zuzendaritza bere gain hartu du brasildarrak, Cidade de Deus-en eta The Constant Gardener-en besteak beste.

Lehen denboraldian, Hollywoodeko ekoizle ospetsu baten biloba desagertuaren arrastoari jarraitu zion Sugarrek. Bigarrenean, berriz, beste kasu batek eramango du ilunpetara: etorkizun handiko boxeolari baten anaia zaharra aurkitu beharko du, eta, bitartean, bere ahizpa desagertuaren bila jarraituko du. Ikerketak aurrera egin ahala, hari solteak hiri osoa astintzen duen konspirazio baten ehunean korapilatuko dira.

Neo-noir kutsu sakona du lanak. Ez ditu genero beltzaren arauak iraultzen, eta ez du ihes egiten haren mugetatik, baina klasizismo horretan aurkitzen du bere indarra. Hasieratik sumatuko du ikusleak nortasun berezi bat, ahots propio bat. Sugarren zinemarekiko obsesioa telesailaren hizkuntza bera bihurtzen da. Sarritan, protagonistaren off-eko ahotsa film beltz klasikoetako irudiekin eta pasarteekin nahastuko da, haren pentsamenduak eta zinemaren memoria elkarren gainean proiektatuko balira bezala.

Ausardia handia

Lehen denboraldiak, gainera, ausardiaz jokatu zuen ikusleen aurreikuspenekin. Sare sozialetan zalaparta handiena sortu zuen erabakia seigarren atalaren amaieran iritsi zen. Ordura arte kontakizuna bide ezagunetik zihoala zirudien arren, une batean dena irauli zen. Bat-bateko biraketa hark telesailaren esanahia goitik behera aldatu zuen. Ikusle asko aho bete hortz utzi zituen.

Bigarren denboraldiak bide berari helduko dio, baina anbizio handiagoz. Lehen denboraldian jende asko liluratu zuen neo-noir atmosfera itzuliko da, are trinkoago eta hipnotikoago. Zinema klasikoaren estetika Kalifornia garaikideko kaleetan barrena ibiliko da berriro, iraganeko itzalen eta gaur egungo zaurien artean.

Farrellekin batera, aurpegi berriek osatuko dute oraingoan istorioaren mosaikoa: Tony Dalton, Jin Ha, Raymond Lee, Laura Donnelly, Sasha Calle eta Shea Whighamek. Guztiek ere misterioaren laino berean egingo dute aurrera, Sugarrekin batera, argia eta iluntasuna bereizten dituen marra gero eta lausoago horretan.

'sugar', 2. denboraldia

  • Sortzailea. Mark Protosevich.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024-2026.
  • Aktoreak. Colin Farrell, Tony Dalton, Jin Ha, Raymond Lee eta Laura Donnelly.
  • Non ikusi. Apple TV.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Thrillerra, zientzia fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE