Komunikazioa

Digitalaren hainbat formula

Europan indarra hartu dute satelite bidezko, kablezko eta Internet bidezko telebista digitalek; Hego Euskal Herrian, berriz, lurreko telebista digitala da nagusi, nabarmen, oraindik ere.

Digitalaren hainbat formula.
Iñaki Lasa Etura.
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Era askotan jaso daiteke gaur egun telebistako emisioa. Aro analogikoa iraganeko kontu bihurtuta, digitala da XXI. mendea. Eta digitalak aukera anitz ematen dizkio ikus-entzuleari. Pantailaren aurrean esertzean, irudiak jasotzeko hainbat modu ditu: LTD Lurreko telebista digitala, satelite bidezkoa, kablearekin, ADSL...

Hainbat sistema, baina arrakasta ezberdinarekin. Telebista digitala ez da modu berean iritsi herrialde guztietara, edo, behintzat, ikus-entzuleek hautu desberdinak egin dituzte. ESE Europako Sateliteen Elkartearen Satellite Monitor 2013 txostenaren arabera, Europan satelite bidezko telebistak du jarraitzaile gehien (%35), eta lurreko telebista (%29) eta kable bidezkoa (%27) ditu atzetik. Internet bidezko telebista hamar erabiltzailetik batek erabiltzen du, baina hazten ari da erabilera.

Herrialdeen artean ageriko desberdintasunak daude. Europako biztanleen %72k kable, satelite edo Internet bidez ikusten dute telebista, eta Espainian, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da: LTDa soilik erabiltzen dute gehienek, hamar ikus-entzuletik zazpik baino gehiagok (%72). Badago azken datu hori ulertzeko arrazoi nagusi bat: Espainiako ikus-entzule gehienek uko egin diote ordainpeko telebista izateari. Europan, ordea, ikusleen erdiek ordaintzen dute telebista ikusteagatik.

Euskaltel da Hegoaldean kable bidezko emisioa ematen duen enpresa bakarra —satelite bidez Digital+, hori ere ordainpekoa, eta doako Hispasat eta SES—. 2011n, 160.000 bazkide zituen Euskaltelek, 400.000 ikusle inguru. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %18 inguruk ikusten dute telebista kable bidez. Eremu geografiko horretako ordainpeko telebista operadore nagusia denez, EAEko datuak Espainiakoaren antzekoak direla ondoriozta daiteke.

Ipar-hego zatiketa

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoera ezagutzeko, Frantziako datuei erreparatu behar zaie. Europako datuetara iritsi gabe, gertu dago Frantzia: 60 milioi teleikusletik %38k ikusten dute telebista soilik LTD bidez. Satelite bidez, 18 milioi pertsonak ikusten dute han telebista. ADSL bidezko telebista dutenek.

Hala, Euskal Herrian ere nozitu daiteke desoreka. Zatiketa nabarmenagoa izan daiteke hurrengo urtetik aurrera; izan ere, Ipar Euskal Herrian Netflix harpidetza bidezko Interneteko telebista jarriko dute abian urtea amaitzerako. AEBetako on line telebistak arrakasta handia eduki du hainbat herrialdetan, eta 40 milioi harpidedun inguru ditu, horietako ia 32 AEBetan. Europan zabaltzeari ekin diote, eta Eskandinavian, Erresuma Batuan eta Herbehereetan eskuragarri dago jada.

Ez da espero epe laburrean Netflix Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ezarriko dutenik. Aurretik aipatutako datuak —Espainian %72k LTDa soilik erabiltzea— izan daitezke ezezko horretarako arrazoietako bat. Hegoa LTDari so dago, eta Iparrak, berriz, aukera eman die bestelako formulei, ordaintzeari muzinik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.