«Ez behin, askotan esan izan digute: 'No-doa berriz? No-doa egina dago eta'. Baina ziurtatu dezakegu No-doa ez zegoela egina». Laura Carrillo Espainiako Filmategiko Dokumentazio Zerbitzuko zuzendariaren hitzak dira. Azaroaren 5ean esan zituen, Donostian, Iberiar Filmategien IX. Topaketan. Euskadiko Filmategiak antolatu ditu aurten topaketa horiek. Diktadura baten hainbat hamarkadatako irudiak daude bilduta No-do albistegiaren bobinetan. Kontuan hartu behar da 1943tik 1981era iraun zuela albistegi horrek. Zinema aretoetan ematen zuten propaganda frankistako irudiak ziren, eta material hori guztia zaintzeaz, dokumentatzeaz, katalogatzeaz eta digitalizatzeaz arduratzen ari da Espainiako Filmategia.
Hirugarren urtez ari dira lanean No-doaren proiektuan. 30 langile inguru ari dira horretan, eta Tabakaleran egindako hitzaldian azaldu zuten lan horretan ari diren asko Donostiako Elias Querejeta zinema eskolatik pasatutako ikasleak direla —artxiboa da ikasketen hiru arloetako bat—. Carrillok aipatu zuenez, Europako Batasuneko Next Generation-en funtsetatik hamar milioi euroko proiektu bati ekiteko aukera izan zuten 2022an, eta horri esker ekin zioten No-doaren egitasmoari. «No-doari ekin genion, bere bolumenagatik, bere garrantzi historikoarengatik, eta ikertzaileek, historialariek eta ekoiztetxeek etengabe egiten dituztelako eskaerak».
Espainiako Filmategiaren kontserbazio zentro berria 2012an inauguratu zuten, eta orduan 55.000 bobina eraman zituzten bertara. Baina ez zuten gaitasunik izan material guztiaren inbentarioa egiteko. Ondotik, 2015ean, RTVEtik filmategi horretara beste 15.000 bobina eraman zituzten. Film zahar horietan daude No-doko serieak, artxibo historikoa, errege artxiboa eta dokumentalak, zuri-beltzeko irudiak, koloretako artxibo guztia eta albistegiak. «Proiektuan ezin zaio denari ekin. Geldituko dira gerora ere gauza batzuk egiteko», aitortu zuen Carrillok.
2000. urtean, RTVEk artxiboen parte baten digitalizazioa abiatu zuen. Baina artxibo horiek ez daude egungo beharretara egokituta, eta azkeneko hiru urteetan digitalizazio lanean aritu dira Espainiako Filmategian. Inbertsio teknologiko handiak egin behar izan dituzte horretarako; badituzte, kasurako, bi laser eskaner. Ari dira, hortaz, katalogazioan, errestaurazioan, digitalizazioan eta abar. Hala, Carrillok aipatu zuenez, Espainiako Filmategiko lantaldea normalean halako bi handitu da tarteka.

No-doaren artxiboak etorkizunean Interneteko Platfo zerbitzuan jartzea da Espainiako Filmategiaren helburua. Zer da, ba, Platfo? Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) ikus-entzunezko edukien plataforma; hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, ikuslearen beharren arabera. Askotariko film artxibo historikoak daude ikusgai Platfo Filmo atalean (beta bertsioan da). Zerbitzuaren oinarrizko testuak euskaraz ere badaude. Eta bertako bideoen artean badira Euskal Herriko lan bat baino gehiago. No-dokoak ez direnak ere bai; kasurako, ehun urte baino gehiago dituzten Miarritzeko (Lapurdi) irudien film labur bat. 36ko gerrari buruzko atalean, bestalde, errepublikanoen aldeko zein faxisten aldeko filmak ikus daitezke. Benetako harribitxiak aurki daitezke.
Saio bat eman dute TVEn
Udazken honetan, La1 kateak Los archivos secretos del NO-DO izenburuko saioa eman du asteazken gauetan, sei astez. RTVE Play doako plataforman ikusgai daude sei atalak, baita laburpeneko zazpigarren bat ere. Bertan, No-do albistegian sekula eman ez zituzten irudiak erakutsi dituzte. Eta hainbat historialari eta adituri galdetu diete ea zergatik uste duten diktadurako gobernuak erabaki zuela irudi haiek ez ematea. Eulalia Gomez Duran da saioko zuzendaria, eta Minoria Absoluta Kataluniako produkzio etxeak ekoitzi du.
Programa horretan bertan erakutsi dute nola ari diren lanean Espainiako Filmategian No-doko artxiboko irudiekin. Hango apaletan badira 6.000 film lata, sekula emititu ez zirenak, eta horietan arakatuz osatu dute TVEko dokumental saioa. Diktaduraren propaganda aparatuak bazuen lantalde bat Francisco Francori toki guztietara jarraitzen ziona, eta TVEko saioak argi erakusten du zergatik ez zituzten proiektatu diktadorearen irudi batzuk zinema aretoetan. Hego Euskal Herrian filmatutako hainbat irudi ere ageri dira saioan.