ATZEKOZ AURRERA. Juan Retana. Idazlea

«Diktadura oso ondo atera zen trantsiziotik, eta gaurkoa da froga»

1981ean, Bilboko Udalak erre egin zuen Retana idazle lizarratarrak 19 urterekin onduriko narrazio bat. German Rodriguezen alderdikidea zen, eta 1978ko sanferminetako gertaeren lekuko zuzena izan zen.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 05a
00:00
Entzun
Juan Retana (Lizarra, Nafarroa, 1961) historialaria eta idazlea da. 22 de septiembre, San Fermín eleberria argitaratu du aurten, Pamiela argitaletxearekin.

Zure gaztetako istorio labur batek ez zuen amaiera onik izan: Bilboko Hiria saria jaso zuen 1980. urtean, baina Jon Castañares jeltzalearen udalak liburua erretzea erabaki zuen. Zergatik?

Nik gaztelerazko saria irabazi nuen, eta, euskarazkoa, ordurako kartzelan zegoen Joseba Sarrionandiak. Ika-mika neure ipuinak sortu zuen [Epitafio del desalmado Alcestes Pelayo]. Gerra Zibilean gertatzen zen, eta alkateak esan zuen hizkera zantarrek molestatu zuela. «Sarjentuak kaka egiten du sagrarioan», esaten du pertsonaietako batek, birao egitean. Horrez gain, titi hitza agertzen zen. Castañares alkatea oso katolikoa zen, eta agian min handia egin zion horrek. Uste dut liburua galarazi nahi izan zuela konturatu gabe zertan sartzen ari zen. 50-60 ale baino ez ziren salbatu.

Iruñean zinen 1978ko sanferminetan, 19 urterekin. Ordurako bazenekien idazle izan nahi zenuela, edo gertaera haiek bultzatu zintuzten idaztera?

Ordurako ari nintzen informazioa biltzen istorio laburrak idazteko. Ordurako, 40 urte iraganak ziren Gerra Zibiletik, eta arkeologia historikoa egiten ari nintzela iruditu zitzaidan. Orain, 1978 sanferminei buruzko informazioa biltzen ibili naizenean, denbora tarte bera pasatu da, baina kazetaritza egiten aritu naizela iruditu zait.

Sanferminen irudia itxuragabetzen ari al dira gaur Espainiako hedabideetan?

Ez naiz identifikatuta sentitzen sanferminez azken boladan prentsan eginiko deskripzioekin. Sanferminak erabateko jaiak dira, egunean 24 ordukoak, meniarik gabekoak. Badirudi ez dutela araurik, baina badituzte, nahiz eta idatziak ez egon. Kaosa da, baina kaos antolatua. Kanpoko jende asko dator, eta agian ez dira gauza barneratzeko jaiek badituztela arauak. Sanferminak alkohol askoko eta kaleko liskar gutxiko jaiak dira. Hala ziren, behintzat. Zergatik? Arauak zeudelako: norbait borrokan hasiz gero, jendeak «San fermin, San Fermin!» edo «musuka daitezela!» oihukatzen zielako. Horrek liskarrak mozten zituen.

Uste duzu Europako iparraldeko edozein herrialde zibilizatutan askoz okerragoa dela alkohola/liskarra proportzioa?

Bai; aulkikadaka amaitzen dute. Henri Lefevre soziologoa sartu dut eleberrian [1981. urtean egon zen sanferminetan, Mario Gabiria lankidearekin]. Hark esaten du nobelan: «Alkohol asko ikusi dut, eta liskarrik ez». Noski, hori gatazka handiaren aurretik esaten du. Baina gatazka handia politikoa da. 1978koa inoiz ikusi dudan matxinadarik handiena izan zen.

Zure fikzioan, hari muturrak lotzen dira amaieran. Baina, errealitatean, zauri horiek zabalik jarraitzen dute. Badirudi gizarte honek ez duela ixteko modurik aurkitzen. Zergatik?

1978ko gatazkaren osagai nagusietako bat Euskadiko beste herrialdeekiko harremana zen, nafar batzuk euskal herritar sentitzen garelako eta beste batzuk ez. Hori normaltasun handiagoz kudeatu beharko genuke, baina, orduan bezala, gaur ere tentsio handia sortzen du. Horren lekuko da duela gutxi euskararen inguruan eginiko manifestazioa: batzuei mundua amaitu egingo dela iruditzen zaie. Itxi gabeko zauria da. Katalunian bizi naiz aspaldi, eta ez dut ulertzen nolatan ez dugun gaia hobeto kudeatzen.

Aldeak alde, badago parekatzerik 1978ko gertaera haiek Katalunian 2017ko urriaren bateko erreferendumean eta ondoren gertatutakoekin?

Ez. 1978ko gertaeretan, Poliziaren mezua zen: ez izan hiltzeko erreparorik. Legiotik zetorren agintari militar bat zen [Fernando Avila], Fuerza Nuevaren zalea. Zuzeneko interesa zuen Nafarroan mugimendu aurrerakoia bururik gabe uzteko. Kataluniakoa ez da horretara hurbildu ere egin. Poliziaren indarkeria egon da, eskubide demokratikoen aurka, baina orduan errepresio aparatuak botere autonomo ikaragarria zuen. Konstituzioa 1978an egin zuten, eta nolako egurra, halako ezpala. Eleberrian ikusten da trantsizio hura zein gogorra izan zen, eta ez zela itxi orain kontatzen diguten kontsentsu orokorrarekin.

Sanjurjo itzuliko da sanferminetara?

Frankismoa ez zen garaitu Italiako faxismoa edo Alemaniako nazismoa bezala. Ez genuen irabazi. Diktadura oso ondo atera zen trantsiziotik, eta gaurkoa da froga. Nik beste zeozer egingo nuke monumentu horrekin. Edozein kasutan, dantza egingo dugu hilobiaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.