Komunikazioa

Durangoko Azoka zuzenean jarraitu ahalko da 'Landakoenea' telesaioan

'Berria.info'-k eta Hamaika telebistak egingo dute saioa, elkarlanean, bihartik igandera bitartean

Egun osoan azokaren berri emango dute hainbat hedabidek. Irudian, BERRIA eta Hamaikaren platoa. J.  RUIZ / ARP.
Ainhitze Ruiz.
2013ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Durangoko Azokaren jarraipena egingo dute gaur hasi eta igandera arte Euskal Herriko hainbat hedabidek. Hona hemen hedabide bakoitzak egun horietan zer eskainiko duen.

'Berria.info'

Webgune berezia izango du azokako produktuak aurkezteko eta elkarrizketak egiteko. Horretaz gain, Landakoenea Hamaikarekin elkarlanean egindako telebista saioa emango dute azokatik zuzenean, gaur hasi eta igandera arte, 12:00etatik 13:00etara. Gainera, BERRIAren webguneak jarraipen berezia egingo dio Durangoko Azokari, eta eguneko albisteen eta aurkezpenen berri emango du www.berria.info/bereziak/durango13 helbidean. Bertan izango dira, besteak beste, paperekorako sortutako edukiak, elkarrizketak eta edizio jarraituan landutako albiste eta bideoak. Horrekin batera, azokako argazkien bilduma eta bideo bilduma ere ikusi ahalko dira.

Hamaika telebista

BERRIArekin elkarlanean egingo duten Landakoenea saioa zuzenean emititzeaz gain, gauean ere emango dute saioa, 21:00etan. Landakoenea saioko gonbidatu nagusiak EH Sukarra taldeko kideak izango dira gaur. Bihar, Martxelo Otamendik BERRIAko zuzendariak GAL 30 urte liburua aurkeztuko du, eta larunbatean, Aingeru Epaltza eta Uxue Alberdiri egindako elkarrizketak ikusi ahal izango dira.

ETB

ETBko albistegiek Landako gunearekin bat egingo dute egunero zuzenean. Horrez gain, ETB1en, egunean gertatu den guztiaren irudi bilduma eskainiko dute gauero, bederatziak pasatxoan. Jaime Otamendiren gaurko Airean saioan ere egingo diote tarte bat azokari.

Euskal Herrian Zuzenean-ek saio berezia egingo du gaur, 18:45etik 20:00etara. Bost erreportari izango dituzte bertan, berrikuntzen berri emateko, guneen aurkezpena egiteko eta idazle eta musikariak elkarrizketatzeko.

Eitb.com atariak Ahotsenea guneko emanaldiak zuzen-zuzenean ikusteko aukera eskainiko du.

Euskadi irratia

Euskadi irratiak zuzenean eskainiko du gaur azokaren irekiera, eta Arratsean saioan, 20:00etan, azokarako aurkeztu diren nobedade guztien bilduma egingo dute. Bihar, Landakon izango dira, eta Amarauna saioan, Bernardo Atxaga izango da.

Gaztea

Bihar Ainhoa Urretabizkaia eta Xabier Doncel zuzenean arituko dira 19:00etatik 20:00etara, Gaztea-ko B-aldea irratsaioan. Gaztea irratiak egunero konexioak egingo ditu azokarekin, eta Ainhoa Urretabizkaia izango dute berriemaile bertatik. Platerueneko kontzertuen eta Ahotsenean aurkeztutako lanen berri ere emango dute zuzenean.

Info7

Biharko Kalegorrian saioko bigarren zatia azokatik egingo du Eider Olazar Elduaien kazetariak, 10:30ean hasi eta eguerdira arte. Bestalde, Zebrabidean Arrosa sareko arratsaldeko magazinean saio berezia egingo dute Antxeta, Halabedi eta Info7 irratiek, elkarlanean, 16:00etatik 18:00etara bitartean. Larunbatean, Obabakoak literatura saioaazokan bertan egingo dute, 17:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.