Eusko Legebiltzarraren sarreran izan ziren gertakariak, herenegun. Gomazko piloten erabilerari buruzko eztabaidaren ostean, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea eta Iñigo Cabacasen gurasoak hizketan hasi ziren. ETBko kamerari bat grabatzen ari zen. Baina Egibarrek honako hau esan zion: «Hau ez da grabatzen». Fina Lizeranzu Cabacasen amaren erantzuna: «Zergatik ez? Familiarekin daude, eta grabatzeko eskubidea dute». Kamerariak lanean jarraitu zuen, eta Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak grabazioa eteteko eskatu zion. Kamerariaren aurrean jarri zen gero, Egibarren eta Cabacasen senideen arteko eztabaidaren grabaketa oztopatuz. Arautegiaren arabera, hedabideek legebiltzarreko edozein tokitan graba dezakete, kafetegian eta komunean izan ezik. «Zentsurari uko egiteko eta langileei profesionaltasunez lan egiten uzteko» exijitu die LABek EAJri eta EITBko zuzendaritzari. ELAk Uribe-Etxebarriaren dimisioa eskatu du EITBko administrazio kontseiluan.
EH Bilduk kexa eta protesta formala aurkeztu dio legebiltzarreko presidenteari, Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkidea ETBko kamerari baten jardun profesionala legebiltzarreko eremu publiko batean «eragozten» saiatzeagatik. «Larria da legebiltzarkide bat parlamentuan bertan kazetari orori dagokion informazio eskubidea mugatzen eta zentsuratzen saiatu izana», salatu du koalizioak.
Uribe-Etxebarriaren bertsioa jasotzen saiatu da BERRIA. Baina EAJko iturriek azaldu dute ez dutela aferaren inguruko adierazpenik egin nahi.
EH Bilduren iritziz, «are larriagoa» da gertaera, kontuan hartuz Uribe-Etxebarriak EITBrekiko dituen ardura politikoak: EITBren Kontrolerako Batzordeko kidea eta EITBko administrazio kontseiluko kidea da. Iritzi berekoa da ELA sindikatua: «Uribe-Etxebarriaren asmoa behargin baten lana baldintzatzea izan zen, prentsa askatasunaren kontra joz, publikoari interesekoa izan daitekeen albiste bat jakiteko aukera ukatuz».
EITBko webgunea
LABek salatu du herenegun EITBren webgunean «beste zentsura kasu» bat izan zela. Kazetariak istiluaren bideoa jarri eta gero, EITBko arduradun batek bideoa bigarren mailara pasatzeko eskatu zion kazetariari, LABen arabera betiere. «Erdarazko bertsioa Interneten zegoen ordurako: sare sozialetan bolo-bolo zebilen, kentzea egoki ez baitzuen ikusi». EITBNETeko erredakzioan norabide bereko dei gehiago izan zirela azaldu du LABek. «Kazetariak, baina, zentsurari uko egin, eta zegoen bezala uztea erabaki zuen, profesionaltasun hutsez».
LABen iritziz, «ez da onargarria EAJk hedabide publikoa bere tresna modura erabiltzen jarraitzea». EITB barruan egiten den «kontrola» salatu du sindikatuak, «zentsura zuzena, zeharkakoa eta autozentsura erabiliz».
EAJko Luke Uribe-Etxebarriaren jokabidea salatu dute ELAk eta LABek
EH Bilduren iritziz, «onartezina» da legebiltzarkide bat kazetari bat zentsuratzen saiatu izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu