11.776 euro eta bi zentimo kosta zaie EAko militanteei Erreniegan iragan astean jarritako hedagailua. Faktura eskuetan zuela, Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak jakinarazi du lurralde osoan antzeko hedagailuak jartzeko kostu osoa 40.000 euro ingurukoa dela. Horregatik, EAk «gezurretan ibiltzea» eta polemika artifizialak sortzea leporatu die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. «Arazoa ez da ekonomikoa, arazoa borondate falta da», salatu du ozen Ramirezek. Horregatik, datozen egunetan ardura politiko zuzena dutenek dimisioa aurkezteko eskatuko diete bi gobernuei.
Ezaguna denez, Nafarroan ez dago ETB lurreko telebista digitalean ikusterik. 2009ko uztailean, Patxi Lopez EAEko lehendakariak eta orduko Nafarroako Gobernuko lehendakari Migel Sanzek protokolo baten bidez ETB1 zein ETB2 LTD bidez ikusi ahal izatea hitzartu zuten. Bi urte eta erdi geroago, ETBko bi kateak seinale analogiko bidez baino ezin dituzte ikusi nafarrek. Kostu ekonomiko osoa milioi bat eurokoa dela argudiatuta, Nafarroako exekutiboak Jaurlaritzak ordaintzea nahi du, eta alderantziz.
Blokeo politiko hori saihesteko eta biluzteko asmoz, iragan astean, enpresa batek Erreniegako Iberdrolaren poste batean hedagailu bat jarri zuen, modu horretan ia Iruñerri osoan ETBren bi kateak LTD bidez ikusi ahal daitezen. Inork ez zekien, ordea, nork ordaindu zuen enpresa horren faktura... atzo arte. Iruñean emandako prentsaurrekoan, EAko Nafarroako zuzendaritzak jakinarazi zuen EAko militanteen diru ekarpenen bidez ordaindu dela hedagailua jartzea.
«Oihala bertan behera erori da». Ramirezen irudiko, horrek agerian utzi du bi gobernuek argudiatutako ustezko arazo ekonomikorik ez zegoela eta ETB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izatea «sinplea, bideragarria eta merkea» dela. «Nafarroako Gobernuak eta Patxi Lopezek Nafarroako herritarrei iseka egin diete», salatu du Miren Aranoak, EAko Lurralde Batzordeko eledunak.
Nafarroako Gobernuari beste euskal lurraldeekin harremanak ez izateko obsesioa izatea etaETBren bi kateak LTD bidez hartzea oztopatzea leporatu dio. Eusko Jaurlaritzari ere polemika faltsu hori «asmatzea» aurpegiratu dio. Larritzat jo du agintari politikoen arduragabekeria, Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren gomendioak aintzat hartu ez dituztelako. Ramirezek gogoan hartu du, gainera, uneotan Navarra Directo saiotik hogei langile kaleratzeko arriskua dagoela bi gobernuen akordio faltaren ondorioz.
Epemuga gobernuari
EAk «hilabate bateko epea»eman dio Nafarroako Gobernuari lurralde osoan hedagailuak jar ditzan eta mantenua ziurta dezan. EAk gogorarazi du Euskal Herritik at Espainian antzeko 300 hedagailu daudela eta ez dutela arazorik eragiten. Ekainaren 30etik aurrera seinale analogikoa betiko itzali beharko du ETBk, eta hedagailuak jarri ezean, lurralde osoan ez da euskara hutsezko telebista katerik egongo.
Erreniegako hedagailuakbeste frekuentzia batean ematen ditu ETBren kateak. Horregatik, antena bizilagunen artean partekatzen duten etxebizitzetan, kanal berria antzemateko anplifikagailu berria jarri behar da, eta, behar den kasuetan, antena Erreniegarantz begira jarri behar da. Horregatik, hainbat bizilagun elkartek antena enpresetara jo dute ETB ikusteko. Ia Iruñerri osoan ikusi ahalko da, baina badira gune itsu zehatz batzuk, bereziki Iruñerriaren iparraldean.
Komunikazioa
EAren arabera, 40.000 euroko kostua du LTD bidez Nafarroan ETB hartzeak
«Gezurretan ibiltzea» egotzita, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari ardurak hartzeko eskatuko die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu