Komunikazioa. Ander Gonzalez. Sukaldaria

«Edonork ikus dezake bere burua 'Sukaldari' saioan parte hartzen»

ETB2ko sukaldaritza lehiaketatik kanpo geratutako kide bat berriz ere lehiakide izango da, eta datorren asteazkenean 'Sukaldari'-ko finala egingo dute.

EITB.
Ainhitze Ruiz.
2014ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Donostiako Astelena jatetxeko lanak ETB2ko Sukaldari saioarekin eta Basque Culinary Centerreko irakasle lanarekin uztartzen ditu Ander Gonzalez sukaldariak (Donostia, 1977). Sukaldari saioan, lehiakideek egiten dutena epaitzen du, Ramon Roteta sukaldariarekin batera.

Gaurko Sukaldari saioan, kanporatua izan zen lehiakide bat sartuko dute berriz programan, eta datorren asteazkenean, lehen eta bigarren faseko irabazleekin lehiatu beharko du. Hiruren artean hobekien aritzen dena izendatuko dute «Euskal Herrikosukaldaririk onena».

Donostiako Astelena jatetxeko sukaldaria zara. Non zaude hobekien, Astelenako sukaldeko su artean, edo ETBko Sukaldari saioko kameren aurrean?

Bietan nago ondo; bakoitzak bere gauza onak eta txarrak ditu. Baina, egia esan, erosoen kalean nago, lagun artean.

Nola konbentzitu zintuzten Sukaldarisaioko irakasle izateko?

Basque Culinary Centerren sukaldari irakasle moduan lan egiten dudanez, Bilbora bidali ninduten Sukaldari saiorako casting-eko parte hartzaileei nota jartzera. Horretan ari nintzela, Sukaldari saioko zuzendariak galdetu zidan ea programan irakasle moduan lan egin nahi nuen. Eta zerbait berri egiteko asmoz, baiezkoa erantzun nuen.

Basque Culinary Centerreko irakaslea zara. Norekin konpontzen zara hobeto, ikasleekin ala Sukaldari-ko lehiakideekin?

Guztiekin ongi moldatzen naiz. Lehiaketako sukaldariekin ere oso ongi konpontzen naiz, nahiz eta telebistan kontrakoa dirudien. Gainera, kuadrilla antzeko zerbait egin dugu: Whatsappeko taldea ere osatu dugu lehiakideekin.

Sukaldari-ko irakasle eta epaile lanak Ramon Rotetarekin batera egiten dituzu. Nor da gogorrena?

Telebistan gogor fama jarri didate, baina ez da horrela; beti barrezka nabil. Batzuetan, Ramonek burua berotzen dit, eta nik hark esandakoa esaten dut kamera aurrean. Horrelakoa da nire lana: Ramon zintzoa da, eta ni, gaiztoa.

Nolakoa izan da saioan parte hartu duten sukaldarien eboluzioa?

Saio honetako lehiakideek izugarrizko eboluzioa izan dute. Lehen saiotik azken saiora asko hobetu dute. Lehen saioetan, kamerei begira egoten ziren, baina gero ahaztu egin dute kamerak daudela, eta beren estiloan hasi dira janariak prestatzen. Gainera, guk esaten diegunari ere kasu egin diote, eta horrela hobetuz joan dira lehiakideak.

Azkenaldian saio mordoa egin dira sukaldaritzaren ingurukoak. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Badakit saltsa guztien perrexila garela, baina guztiz ados nago horrelako saioekin.

Ez al da gehiegizkoa hainbeste sukaldaritza saio izatea?

Euskal Herriko sukaldaritza munduko sukaldaritzarik garrantzitsuenetakoa izanda, beharrezkoa zen hemen horrelako saioren bat egitea. Horrekin ez dut esan nahi gure saioa ona edo txarra denik, baina bai hemen sukaldaritza saioren bat behar zela.

Parte hartzaileak ez dira sukaldariak ofizioz. Horrek bereizten al du beste sukaldaritza saioen aldean?

Bai. Gure gizarteko adibide ezberdinak ikus daitezke saioan, hau da, edonork ikus dezake bere burua Sukaldari-n parte hartzen.

Audientzia kontuek ba al dute zer ikusirik lehiakide bat edo bestea kanporatzeko garaian?

Ez, audientzia kontuek ez dute zer ikusirik. Prestatu dutena probatzen dugunean erabakitzen dugu ongi edo gaizki dagoen eta, horren arabera, aurrera jarraituko duten edo ez.

Askok esaten dute plater on batek begietatik sartu eta horrela irabazi behar duela. Hala al da?

Garrantzitsuena zaporea da. Begiak %20 dira, baina, horrez gain, kontuan hartu behar dira egitura, zaporea eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.