Ikus-entzunezkoen mundua gertutik ezagutzen duen esperientziazko pertsona bat aukeratu du EITBko zuzendaritzak ETBko zuzendari kargurako: Edu Barinaga (Bilbo, 1956). Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusi izendatu zutenean, Pello Sarasolak hartu zuen ETBko zuzendari kargua. 2013ko martxoa zen. Baina handik urte batera, aurtengo martxoan, ETBko zuzendaritza utzi behar izan zuen Sarasolak, osasun arazoak zirela eta. Ordutik, Iturbek berak izan du ETBko zuzendaritzaren ardura, lau hilabetez.
Iturbek datorren asteartean jakinaraziko du EITBko administrazio kontseiluko bileran Barinaga izendatzeko proposamena.
Nahiz eta ETBko ardura kargurik aurretik bete ez duen, Barinagak ondo ezagutzen du euskal telebista publikoa. Formatu ezberdineko makina bat saio ekoitzi eta zuzendu ditu, gehienak euskaraz.
Irakasletzan diplomatua eta informazio zientzietan lizentziatua da Barinaga. Bere ibilbidea Eusko Jaurlaritzan hasi zuen, 80ko hamarkadan, Ikus-entzunezko Sailean. Handik gutxira, haurrentzako ETBko saio batzuetan hasi zen lanean: Ikus-ikasi eta Bilin-Bolonka-n, hain zuzen. Gerora, neska-mutikoentzako hainbat saio sortu eta zuzendu ditu, besteak beste, Superbat, Betizu eta Euskaraokea. Olentzeroren inguruan Baleuko ekoizpen etxeak egindako animaziozko sailean ere ekoizle lanetan aritu zen. Animazioa oso gogoko du, eta azkeneko urteetan beste herrialde batzuekin elkarlanean ari da produktuak ekoizten: Italia eta Frantziako ekoizleekin batera, Blackie & Kanuto egin du, eta Indiako ekoizpen etxe batekin elkarlanean, Blackie & Company. Azkeneko saio horren 26 atal TVEk emango ditu. Neska-mutikoentzako Unibertsolariak eta Megasonikoak ere Barinagaren ibilbidearen parte dira.
'Debatea' eta bi film berri
Barinaga izan zen Baleuko ekoizpen etxearen sortzaileetako bat, eta Baleukorekin dokumental ugari ekoitzi ditu urteotan: La transición en Euskadi, La Guerra Civil en Euskadi, La historia del ciclismo vasco, De Gernika a Mathausen... Baleukorekin egin ditu, halaber, Políticamente incorrecto, Egin kantu eta Ordu txikitan saioak. Gaur egun ETB1en Xabier Usabiagak aurkezten duen Debatea programaren ekoizlea ere bada Barinaga.
Zineman ere ez dira gutxi ekoitzi dituen filmak: Cita con Alberto, Eutsi!, Izarren argia, Gernika bajo las bombas... Egunotan, Goazen gudari danok dokumentala grabatzen ari da, 36ko gerrako San Migelgo batailari (Elgoibar, Gipuzkoa) buruzkoa. Mikel Rueda zuzendariaren A escondidas filma da ekoitzi duen azkeneko lanetako bat. Bai Goazen gudari danok bai A escondidas udazkenean estreinatuko dituzte zinema aretoetan.
Edu Barinaga izango da ETBko zuzendari berria
Pello Sarasolak osasun arazoengatik utzitako hutsunea beteko du Bilboko ekoizleak.Barinagak programa ugari ekoitzi ditu ETBrako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu