Gaur egungo aro digitalean, eta adimen artifiziala iritsia dela, batzuetan nekez bereiz daitezke egiazko informazioa eta desinformazioa. Horregatik, gaur, irailak 28, Albistearen Nazioarteko Egunean, egiaren eta egiazko kazetaritzaren balioa hizpidera ekarri dute hainbat erakundek.
Editoreen Mundu Foroak, Kanadako Kazetaritza Fundazioak eta Kontinuum proiektuak bultzatzen dute ekinaldia. Konfiantzazko informazioak eta hedabideen eta kazetarien eraginak duten garrantziaz ohartaraztea da helburua.
Kanpainaren aurtengo leloa hau da: Egia hautatu. Gertaerak hautatu. Kazetaritza hautatu. Kontinuum proiektuko kideek hala azaldu dute euren webgunean: «Egiaren balioari buruzko eta garrantzi existentzialari buruzko mezu bateratu eta sendoak helarazten ditugu». Haien ustez, «hedabide bakoitzak bere audientziari erakutsi behar dio zergatik den garrantzitsua konfiantzazko kazetaritza, eta nabarmendu behar du zein garrantzitsuak diren gertaerak, egia eta erredakzioaren eragina».
Urtetik urtera, gero eta hedabide gehiagok parte hartzen dute kanpainan. Ehun lurralde baino gehiago, ehunka hedabide eta kazetari batu dira dagoeneko. Besteak beste, AFP, EFE, The Telegraph, The Washington Post, Folha de S. Paulo, Comite para la Proteccion de los Periodistas (CPJ), The Guardian Foundation, The New York Times eta The Japan Times hedabideek parte hartu dute.
Egia eta desinformazioa
Desinformazioa zabaltzen ari da eta adimen artifizialaren bidez sortutako edukiak ugaritzen, eta, horren guztiaren aurka, egiazko informazioaren garrantzia nabarmendu nahi dute kanpainaren bidez. Editoreen Mundu Foroaren ustez, «biek eragina dute jendeak mundua ikusteko duen moduan eta konfiantza norengan jarri erabakitzeko garaian».
Kanpainaren sustatzaileen esanetan, Albisteen Nazioarteko Eguna abagune «egokia» da komunitateari babesa eskatzeko, «hedabide bakoitzaren kazetaritza lanaren alde». Horretarako, hiru pauso emateko proposatu diete hedabideei: egitasmoarekin bat egitea —izena emanda, kanpainaren euskarriak eta informazioa jaso daiteke—; kanpainaren mezua zabaltzea; eta babesa jasotzeko aukera baliatzea.