Korrikaren berri luze eta zabal emango dute EITBren hedabideek martxoaren 19tik aurrera. Atharratzetik (Zuberoa) irtengo da 24. Korrika, eta ETBk, euskarazko beste komunikabideekin batera, emankizun berezia egingo du egun horretan. Hala izango da hilaren 29an ere, Bilbon, Korrikaren amaieran. Drone irudiak eta UHDko unitate mugikorra ere erabiliko dituzte bi emanaldi horietan.
ETB On plataforman, EITBren Youtube kanalean eta Orain informazio zerbitzu digitalean tarte nabarmena izango du Korrikak. Eguneko 24 orduetan, Korrikaren zuzeneko emankizuna ikusi ahalko da ETB On plataforman. Zuzeneko seinale horrez gain, plataforma horretan kanal berezi bat egongo da Korrikari eskainia. Eduki hauek topatu ahalko dira kanal horretan: Herriz herri atalean, dagoeneko lasterketa pasatu den herrietako irudiak; Airetik atalean, droneekin hartutako irudiak; eta Euskara atalean, Korrikaren eta euskararen inguruan ETBk eman izan dituen dokumentalak.
EITB taldeak iragarri du «teknologiaren eta giza baliabideen aldetik ahalegin handia» egingo duela Korrikaren berri emateko. Hasiera eta amaiera ekitaldiak emateko, kasurako, 30 laguneko taldea eta zortzi kamera erabiliko dituzte. Euskadi Irratiak ere Korrikaren hasieraren eta amaieraren «kontakizun osoa» egingo du irratsaio berezien bitartez. Hasiera ekitaldiaren kontakizuna Itziar Alduntzinek gidatuko du. Radio Euskadik ere emanaldi berezia egingo du hilaren 19an, Galder Perezen eta Olatz Arriolabengoaren eskutik.
Eduki bereziak plataformetan eta sare sozialetan
ETBko Egun on, Gaur egun eta Teleberri albistegietan egunero zabalduko diote leiho bat Korrikari. ETB1eko Biba zuek magazina Lekunberritik (Nafarroa) egingo dute hilaren 23an, Korrika bertatik pasatuko den egunean —duela bi urte Biba Korrika saioa egin zuten gauero, baina aurten ez da halakorik izango—. Tribuaren berbak saioak, bestalde, Korrikari eskainitako atal berezi bat egin du, eta hilaren 18an emango dute.
Plataformetan ere egingo diote tartea Korrikari. Makusiko Kalaxka eta Potx eta Lotx saioetan eduki bereziak izango dituzte hilaren 20an, eta Korrika amaitzen den egunean gune berezi bat jarriko dute Bilbon. Primeran eta Guau plataformetan eduki berezien bilduma bat osatuko dute. Gainera, EITBren Interneteko sare sozialetan jarraipen zabala egingo diote Korrikari hilaren 19tik 29ra.
Euskarazko beste telebista kateek ere Korrikaren berri emango dute datozen bi asteetan. Hamaika Telebistak programazio berezia emango du Korrikaren bueltan: orduz orduko buletinak, zuzeneko konexioak, hiriburuetako saio bereziak eta Korrikaren zuzeneko emankizuna, etenik gabe.