EITBk azpiegitura estrategiko bat izan nahi du «Euskadiren demokraziarako eta etorkizunerako»

EITBko zuzendaritzak txosten bat aurkeztu du berriki, bere zerbitzua definitzeko. Balio publikoa, zilegitasun instituzionala eta inpaktu gaitasuna lortzeko xedez, gako batzuk jaso dituzte Europako testuingurua aintzat hartuz.

Andoni Aldekoa EITBren kontrol batzordean, Eusko Legebiltzarrean, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Andoni Aldekoa EITBren kontrol batzordean, Eusko Legebiltzarrean, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikus-entzunezko sektoreko hainbat eragileren aurrean aurkeztu zuen EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak txostena irailean, Gasteizen. Hurrengo asteetan ere beste eremu batzuetan aurkezteko asmoa dute, EITB: zerbitzu eta balio publikoa izenburupean. Kontzeptu batzuk aurretik errepikatuak dira, baina gaur egungo egoera soziopolitikoan Euskal Irrati Telebistak zer helduleku izan behar dituen definitzen du. Eta beste eremu batzuetan gertatzen den bezala, kontu bat da paperean jasotzen dena, eta bestea eguneroko jarduna. Edonola ere, idatziz zer jaso duten jakiteko eskubidea badu herritarrak.

Testuingurua ez da Euskal Telebista eta Euskadi Irratia 1980ko hamarkadan sortu zireneko bera. Aldekoak berak egiten du ohartarazpena testuaren hasieran: «Plataforma globalak zabaltzeak, kultura kontsumoak zatitzeak, algoritmoen bitartekaritza gero eta handiagoa izateak, adimen artifiziala garatzeak eta informazio iturriak ugaritzeak erabat aldatu dituzte informazioa eta edukia ekoitzi, banatu eta kontsumitzeko kondizioak». Inork ezin du halakorik ukatu. Eta testuinguru horrek paradoxa bat dakarrela dio EITBko zuzendari nagusiak: «Inoiz ez da hain erraza izan jakintza, informazioa eta kultura edukiak eskuratzea, baina gero eta zailagoa da errealitatea ulertzeko esparru partekatuak eratzea». Gaineratu du komunikabide publikoen eztabaida jada ezin dela landu audientziaren, teknologiaren eta ikus-entzunezko merkatuaren lehiaren ikuspuntutik soilik.

Europako hainbat telebista publiko rol instituzionala berriro formulatzen dabiltzala dio Aldekoak, eta aldatzen ari direla ekoizpenean eta edukien zabalkundean oinarritutako ikuskera batetik balio publikoaren belaunaldiari lotutako ikuspegi batera. «Hedabide publikoak gero eta gehiago lotzen zaizkie kalitate demokratikoa indartzeko gaitasunari, gizarte kohesioa sustatzeari, kultura aniztasuna bultzatzeari, informazio fidagarria bermatzeari eta eztabaidatzeko eta elkartzeko gune partekatuak babesteari». EITBren etorkizunerako hausnarketa esparru horretan ipini behar dela argi du Aldekoak.

EITBren zuzendaritzaren arabera, komunikabide publikoak garrantzitsuak izango dira hurrengo hamarkadan, «baldin eta azpiegitura gisa balio badute demokrazia konfiantzarako, kultura iraupenerako, gizarte kohesiorako, irismen unibertsalerako eta berrikuntza arduratsurako». Oinarri kontzeptual horiek eguneratu nahi ditu taldeak.

Hiru alderdi edo helduleku lehenetsiko ditu EITBk: balio publikoa, zilegitasun instituzionala eta inpaktu gaitasuna. 

Balio publikoa   

Lehen galdera: zer ematen dio EITBk euskal gizarteari, beste eragile batzuek nekez eman liezaioketena? «EITB erakunde publiko bat da, Euskadirako aktibo garrantzitsu hauei eusten laguntzen duena: eremu publiko partekatua, herritar informatuak, hizkuntza bizia, kultura dinamikoa, komunitate bateratua izatea eta gizartea etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuago egotea». Euskadi-ren kontzeptu horretan ez dute definitzen hiru, lau, sei ala zazpi herrialde aintzat hartzen dituzten.

EITBk dio unibertsaltasunak berekin dakarrela bermatzea euskal gizartearen aniztasunak ikusgaitasun, aitorpen eta partaidetza guneak aurkitzen dituela. «Barne hartzen ditu emakumeen eta gizonen arteko errepresentazio orekatua sustatzea, Euskadiko aniztasun soziala txertatzea eta eremu publikoan pertsonak berdin islatuta egoten laguntzea. EITBren ekarpena aniztasun hori islatzetik harago doa». Erreferentzia partekatuak, kontakizun komunak eta elkartzeko guneak sortzea defendatzen du talde publikoak. Paperean, bederen.

Demokrazia eta konfiantzaren azpiatalean jasota dago, bestalde, EITBren beste xede hau: «Eginkizun publikoa euskal gizarteari eragiten dioten erronkak hobeto ulertzen laguntzea da, eta horretarako ematen dituen ikuspegiek informazio zehatza, testuingurua eta errealitatea —gero eta konplexuagoa— interpretatzea ahalbidetzen dute». EITBk, halaber, elkarrizketa publikoa sustatu behar du, «zeina frogetan, errespetuan eta aniztasunean oinarrituta egongo den».

EITBko kamioi berriaren errealizazio gela.
EITBren unitate ibiltari berri baten errealizazio gela. 2024an hasi ziren erabiltzen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Eta euskara? EITBren zuzendaritzaren txostenak zera dio: «EITBren eginkizuna euskarazko edukiak ekoiztea baino gehiago da. Ekarpen garrantzitsua du euskarari presentzia bermatzen euskal gizartearen erreferentzia partekatuak sortzen diren eremuetan». Kulturari eta ondareari ere eskaini diote atal bat. Besteak beste, EITBk dio ondarea babesteak, memoriak, sorkuntza garaikidea sustatzeak eta erreferente partekatuak sendotzeak lagundu egiten duela «gizarte kohesioa, kultura jarraitutasuna eta Euskadik bere kontakizun kolektiboa sortzeko duen gaitasuna indartzeko». Hori guztia nola egiten duen eztabaidarako gai izan da lau hamarkadatan.    

Belaunaldi berriak dira beste kezkagai bat. «Belaunaldi berriak ez dira soilik audientzia modura ulertu behar, baizik eta euskal herritarren parte aktibo modura. Belaunaldi berriekin lotura izateak, hein handi batean, baldintzatu egingo du EITBk gizarte mandatua berritzea, hark etorkizunean euskara sendotzeko izan lezakeen gaitasuna, kultura transmisioa, gizarte kohesioa eta erreferentzia partekatuak sortzea».

Zilegitasuna

EITBk ohartarazi du zilegitasuna etengabe berritu behar dela, «jokabide ikusgarriekin, estandar zorrotzen eta herritarrekin harreman zintzoa izatearen bidez». Zuzendaritzaren arabera, auzia ez da EITBk balio publikoa sortzen duen, baizik eta ea herritarrek balio hori aitortzen duten. «Eta ea uste duten independentziaz, arduraz eta interes orokorrerako egiten den».

Etika, independentzia eta pluraltasuna bermatzeko, urrats posible batzuk zerrendatu ditu talde publikoak: erreferentziazko edizio esparru bat landu eta plazaratzea; garantia editorialerako eta gatazka etikoen konponbiderako mekanismoak indartzea; independentziaren eta herritarren konfiantzaren inguruko pertzepzioaren aldizkako ebaluazioa egiteko tresnak garatzea; eta kontrasterako guneak sustatzea, haietan aditu independenteak eta informazio kalitatearen behatokiak egonik. 

Gardentasuna bermatzeko urrats posible batzuk ere jaso dituzte. Tartean, gardentasun atari bat garatzea: «Irisgarria, argia eta herritarrek benetan mahaigaineratzen dituzten galderetan oinarritua». Gaur egun EITBren webgunearen barne bada gardentasunari eskainitako atal bat. Beste proposamen horrek dagoenaren eraginkortasuna zalantzan jartzen al du?

Mekanismo batzuen bitartez egiteko publikoa betetzen dela erakustea eta egindako inbertsioaren balio publikoa azaltzea ere jarri dituzte helburutzat.

EITBren eta euskal gizartearen arteko lotura sendotze aldera, talde publikoak nahiko luke herritarrek EITB markak sinesgarritasun, zehaztasun eta euskal gizartearekiko konpromiso zigilu gisa hartzea. Herritarrei entzuteko mekanismo batzuk ere zerrendatu dituzte.

Inpaktu gaitasuna

Inpaktu gaitasunean, komunikazio talde publikoak zerbitzua eta balio publikoa handitzeko aliantzak behar dituela dio; aliantza instituzionalak, kasurako. Talde barruan, bestalde, funtsezkotzat jo du «beharrezko gaitasunak garatzea». «Zerbitzu publikoak, orain, kazetaritzaren eta ikus-entzunezkoen bikaintasuna baino gehiago eskatzen du. Ingurune digitalak ulertzea, datuak interpretatzea, publiko desberdinentzako esperientziak diseinatzea, komunitateak kudeatzea, teknologia berriak erabiltzen hastea eta askotariko herritarrekin konektatzeko gai diren formatuak egitea». Eta, horretarako, jakintza berriak lehengoko talentuaren garapenarekin konbinatzea beharko dela uste du EITBk. Pausoen artean, jakintza belaunaldien eta langileen artean errazago transferitzea sustatzea legoke.

EITB taldearen irratiak. EITB
EITB taldearen irrati bat. EITB

Bestalde, EITBk uste du elkargune izan daitekeela ekoiztetxe, sortzaile, kultura agente, unibertsitate, zentro teknologiko eta komunitate sortzaile berrien artean. «Alor horien arteko lotura gero eta beharrezkoagoa da testuinguru berri honetan, non kultura eta teknologia berrikuntzek aurrerapen gehiago egiten dituzten elkarrekin lotuta». 

Euskal Herriko bizitza komunitarioarekin duen lotura sendotu nahiko luke, halaber, EITBk. «Errealitate komunitariotik hurbil egoteak ahalbidetu egiten du sortzen ari diren joerak identifikatzea, aldaketa sozialak hobeki ulertzea eta bertako esperientziak Euskadiri eragiten dioten eztabaida handiekin lotzea». Entzute eta elkarrizketa mekanismoak sustatu nahiko lituzkete.

Plataforma digitalen arloan, ez dute proposamen zehatzik jaso. Baina epe ertainean iritsiko dira. Nazioarteko sareetatik ikasi nahiko luke, bestalde, EITBk. «Baita lankidetzan jardun eta Euskadi kanpoan proiektatu ere».

Joan den maiatzetik, Andoni Aldekoa Europako Circom Regional erakundeko presidentea da. Iazko maiatzean, berriz, Input telebista publikoen konferentzia Bilbon egin zuten, EITB anfitrioi zelarik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA