EITB taldeak eta Donostiako Zinemaldiak babesletza sendotu eta indartzeko hitzarmena sinatu dute gaur, Gipuzkoako hiriburuan. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmen hori, eta nabarmendu dute euskal zinema sustatu eta indartzeko asmoa dutela. Hain zuzen ere, aurten zinema jaialdian emango dituzten 25 lanen ekoizpenean parte hartu du EITBk.
Euskal Zinemaren Gala ekoitziko du aurten ere EITBk, eta bertan, talde publikoak Egile Berriak saria emango dio Sara Fantova zinemagileari —Iñigo Aristegik sortu duen garaikurra jasoko du—. Jone batzuetan filma zuzendu du Fantovak, eta hainbat sari jaso ditu dagoeneko. Zinemaldiko Zinemira sailean ere ikusi ahalko da film hori; hilaren 12an Hego Euskal Herriko areto komertzialetan estreinatuko dute. Aurten, Euskal Zinemaren Galako aurkezleak Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreak izango dira. Sari gehiago ere iragarri dituzte: GIDOI + SGAE Euskal Herriko Gidoigile Onenaren Saria Borja Kobeagak jasoko du, Los aitas filmaren gidoiarengatik; EAB Bultzada Saria, interpretazio lana aintzatesteko eta bultzatzeko saria, Miren Gaztañagak jasoko du, bere aktore ibilbidearengatik; eta EZAE saria Arantxa Etxebarriaren La infiltrada filmarentzat izango da.
ETBn ikusi ahalko da Euskal Zinemaren Gala, baita Donostiako Zinemaldiko gala garrantzitsuenak ere: hilaren 19ko inaugurazio ekitaldia ETB1ek zuzenean emango du, 20:30ean; Jennifer Lawrence aktoreari Donostia saria emateko ekitaldia ETB4k emango du hilaren 26an, 18:00etan; eta 73. jaialdiko sariak emateko amaierako ekitaldia ETB1ek emango du hilaren 27an, 21:00etan. Hasierako ekitaldia Itziar Ituñok, Toni Acostak eta Silvia Abrilek aurkeztuko dute, eta El Terratek zuzenduko du. Amaiera ekitaldiko aurkezlea, berriz, Itsaso Arana aktorea izango da.