EITBko irratiak, «gero eta bisualagoak»

Euskadi Irratiko estudio nagusia egokitu dute, «irrati bisuala» eskaintzeko. Iñaki Guridi 'Faktoria sakonean' tartea egiten hasi da, Guau plataformaren eskaintza indartzeko.

Radio Euskadiren estudio berria, Bilbon. EITB
Radio Euskadiren estudio berria, Bilbon. EITB
urtzi urkizu
2025eko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Irrati bisualari» bultzada eman nahi dio EITBk. Helburu horrekin, hainbat erabaki hartu ditu talde publikoak. Kasurako, Euskadi Irratiko estudio nagusia —Donostian dago, Miramonen— egokitu eta moldatu egin dute, irrati bisuala eskaintzeko. Helburua da urtean zehar ikusteko moduan egitea gero eta saio gehiago. Apustua are handiagoa da Radio Euskadin: Bilboko EITBren egoitzan estudio berria estreinatu dute, «Europako iparraldeko herrialdeetako irrati ereduak hartuta». Estudio berri horrek hamar kamera, egokitzen den mahai berria eta «puntako teknologia» ditu. Estudio berri horretatik aurkezten du goizero Eider Hurtadok Boulevard saioa, eta hori bera ETB2 kateak ematen du egunero zuzenean.

Guau audio plataforman pauso gehiago emango dituztela iragarri du EITBk. «Irrati bisualaren bidez, irratiek programazioa zuzenean edo eskariaren arabera, telebistan ez ezik, Guau audio plataforman eta sare sozialen bidez ikusteko eta entzuteko aukera emango diete entzuleei», dio EITBk agiri batean. «Formatu horren bitartez, irratiaren irismena jendearengana zabaldu nahi da, eta audio programak ikus-entzunezko esperientzia bihurtu».

Bestelako berrikuntzak

Egunotan hasi du Euskadi Irratiak denboraldi berria. Aurkezle nagusietan ez da aldaketa nabarmenik. Berrikuntzaren bat edo beste bada, ordea: aurten, Ainhara Zuazabeitia kazetariak —hainbat saiotan ibilia da— aurkeztu eta zuzenduko du arratsaldeetako Mezularia saioa. «Gertatzen denaz harago, zergatik ari den gertatzen ulertzeko gakoak ematen saiatuko da Mezularia», iragarri du EITBk. Iñaki Guridik jarraituko du Albiste Faktoria gidatzen, eta izango du egiteko berriren bat: Faktoria sakonean tartea egingo du, «Guau plataformako eskariari erantzuteko». Aktualitateko gai batzuetan sakonduko du. Hasiak dira lehen atalak sareratzen.

Beste programetan, Faktoria magazina Maider Segurolak eta Mikel Rotaetxek aurkeztuko dute; Olaia Urtiagaren esku jarraituko du Baipasa-k; eta asteburuetako Amarauna Gorka Otaegik gidatuko du.

Kiroletan, elkarrizketa sorta berriak zabalduko dituzte. Horiek uhinetan entzun ahalko dira, baina baita Guaun eta Youtuben ere. Maitane Urbietak, Jon Ander de la Hozek, Iñaki Berastegik eta Kepa Iribarrek egingo dituzte elkarrizketa sorta horiek.

Radio Euskadiko ahotsen berritasunen artean, Maider Martinek gidatuko du astegunetan Kultura.eus saioa; eta Galder Perezek asteburuetan aurkeztuko du saio hori. Umorezko saio berri bat estreinatuko du, bestalde, Radio Euskadik: Tú has hecho algo (Zuk zerbait egin duzu). Kaitin Allendek pertsonaia bitxiekin hitz egingo du asteburuko eguerdietan, entzuleari irribarrea eragiteko asmoz. Kirol festa saioa, bestalde, kirol magazin bihurtuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.