Podcastak boladan daude, eta EITB taldeak plataforma bat jarri du martxan eremu horri heltzeko asmoz. Abian da jada EITB Podkast. «Gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko sortu dugu EITB Podkast ataria, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izateko», esan zuen Urko Aristi EITB Media Irratietako zuzendariak atzo, Bilbon, egitasmoaren aurkezpenean: «EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea da helburua. Webgunean ez ezik, aukera eskainiko du sakelako telefonoan ere zuzenean entzuteko edota audioak deskargatzeko, eta edukietara harpidetzeko». EITB Nahieran aplikazioaren bidez ere topatu ahalko da lotura atari berrira sartzeko. Euskarazko eta gaztelaniazko edukiak ditu.
Gero eta gehiago dira podcastak ekoizten hasi diren eragileak. «EITB Mediak aliantzak eraiki nahi ditu proiektu honekin, euskarazko edukien biltoki izan eta eskaintza oparoa eta askotarikoa osatzeko», gaineratu zuen Aristik. Ainhoa Etxebeste EITB Podkasteko arduradunak, berriz, zera esan zuen: «Hizkuntza desberdinetan egindakoak izanagatik, podcast guztiak webgune bakarrean batu dira». Gaika banatu dituzte edukiak, bost arlotan antolatuta: jakintza, bizitza, musika, kirola, eta aisia eta fikzioa.
Ekoizpen berriekin batera, urte luzez talde publikoak orain arte egindako lanari «balioa» emateko tresna bat izango da EITB Podkast. «Erabiltzaileak eskura izango ditu artxiboan gordeta dauzkagun altxorrak, izan programa historikoak, izan elkarrizketa esanguratsuak», adierazi zuen Etxebestek. Hauek dira adibideetako batzuk: Euskadi Irratiko Doana jasoz, Roge Blascok abenturazaleen istorioekin osatutako Levando Anclas, Radio Euskadiko Pompas de Papel literatura saioak eta Radio Vitoriako Del txistu a la telecaster (euskal rockaren historiaren 55 atal). Irati Jimenez idazle eta kazetariaren Vicealmirante Jimenez podcasta izango da beste eskaintzetako bat.
Beste bizitza bat emango diete ekoizpen horiei guztiei, baina izango da podcast gisan beren-beregi sortutako lanik ere.
Podcast berrien artean, esate baterako, Lokatza nabarmendu daiteke: egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko bidea jarriko du. Ainara Lasa sortzailea, Amagoia Gurrutxaga kazetaria, Idurre Eskisabel kazetari eta irakaslea eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria dira arduradunak. Jakin-ek ekoitzi du, eta entzungai daude jada lehen bi atalak. Sintonia Mursegok egin du, Lourdes Iriondoren Hala ere kanta egokituz.
Oier Aranzabal kazetariaren Barruan gaude elkarrizketen podcasta ere plataforma berrian izango da entzungai aurrerantzean, baita gaztelaniazko bertsioa ere: Estamos dentro—Juan G. Andres kazetari eta argazkilariak gidatuko du—. Aranzabalek Andres elkarrizketatu du Barruan gaude-rako, eta Andresek Aranzabal, Estamos dentro-ren estreinaldian. Ulu Mediak ekoitziko ditu bi podcast horiek.
Fikzio bat: 'Artxipelagoa'
Telebista programa gisa sortua izan eta podcast itxuran kontsumitu daitekeen edukirik ere egongo da: besteak beste, ETB1eko Bidegurutzean musika saioaren podcastak. Izan ere, taldeko irratietako eduki aukeratuak ez ezik, telebistaren unibertsoarekin lotutako audioak ere izango dira bertan entzungai.
EITB Nahieran-en saioak osorik entzun daitezkeen bezala, atari berrian edukiak xehatuta, aukeratuta eta aletuta entzun ahalko dira. Eduki solteak bainoago, nolabaiteko jarraitutasuna duten atalak izango dira. «Fidelizazioaz ari gara, hartzaileek gustuko duten horretara harpidetzeaz, eta, horrenbestez, interes jakin bateko komunitateak identifikatzeko lanean lagungarria izango da plataforma», esan zuen Etxebestek.
Audio fikzioak ere izango du bere tartea. Batetik, EITBren artxiboko irrati nobelak entzunez gozatzeko aukera izango da. Koldo Almandozek sortutako Jon eta Jone eta Radio Vitoriak antolatutako Carlos Perez Uralde irrati-nobelen lehiaketako irabazleak entzun ahalko dira plataforman.
Datorren ikasturterako, berriz, «goxoki bat» prest izango dela aurreratu dute: Artxipelagoa. Hau da istorioa: klima larrialdiaren ondorioz, urak Euskal Herriaren zatirik handiena estali du, eta penintsula bihurtu da. Inor gutxi geratu da bizirik, eta Europan barrena egin beharko dute bidaia pertsonaiek. Besteak beste, Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia eta Iñaki Beraetxe aktoreek jarriko dituzte ahotsak. «5.1 teknologia erabiltzen ari dira, eta hotzikara barru-barrutik eragiten du fikzioa entzuteko garaian», aipatu zuen Aristik. Xanti Salvador arduratu da muntatzeaz. Ulu Mediak ekoitzi du fikzioa; aitzindaria da, euskaraz.
EITBko irratien perlak eta podcast berriak, atari berean
EITB Podkast plataforma jarri dute martxan. 'Jakin'-ek ekoitzitako 'Lokatza' eta Ulu Mediaren 'Barruan gaude' entzun daitezke

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu