EITB sortu zenean, EEko legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordearen buruordea zen Jose Luis Lizundia (Iruñea, 1938). Azkeneko urteetan, berriz, EITBko administrazio kontseiluko kidea da, Euskaltzaindiaren ordezkari.
Hezkuntza eta Kultura batzordean zinen 1982. urtean. Nola gogoratzen dituzu EITBren legearen sorreraren inguruko gorabeherak?
Garai interesgarria izan zen, bai Euskararen Legea eta bai EITBren legea negoziatzeko orduan. EAJk ez zuen gehiengo osoa, baina batzuetan aprobetxatzen zen HB ez zelako bileretara joaten. EITBren legea EErekin negoziatu zuen, eta Ramon Labaienek aitortu izan du gurekin ondo konpontzen zela.
ETB sortu zenean, helburu bakarra euskara sustatzea zen, ezta?
Bai, hori aitortzen du legearen hirugarren artikuluak. Orduan ez zegoen beste telebistarik euskaraz, eta eskaintzan hizkuntz aldetik oreka bat egon behar zuela ere jasotzen zuen legeak.
1986. urtean ETB2 sortu zen. Zer ekarri zion horrek ETBri?
Erabaki hori kritikatua izan zen bere garaian. Gizartearen gehiengoa zoritxarrez elebakar erdalduna izanik, beharrezkoa zen telebista publiko bat erdaraz izatea. Beste kontu bat da kate hori euskaldunon mesedetan erabili den.
Azkeneko urteetan ez al da diru gehiago joan ETB2rentzat, ETB1entzat baino?
Balantze kontable bat egitea zaila da. Baina desoreka bat egon da, ez delako estrategia orokor baten mesedetan jarri bata bestearekin. Hizkuntzaren normalizazioaren alde zerbait jarri behar zen ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian, eta hori ez da gertatu. Gobernuek estrategia alderdikoietarako erabili dute EITB, eta konturatu dira ETB2k eta Radio Euskadik etekin handiagoak ematen dizkietela alde horretatik.
Jeltzaleek 1983tik 2009ra eta sozialistek azken hiru urteetan lehentasunezkotzat izan al dute euskara ETBren barruan?
Bai, baina ez beti. Ezinbesteko tresna izan da ETB euskal gizartearentzat, bai. Batzuetan, interes alderdikoiengatik, euskara ez da lehentasunetan egon, eta ez egunero, behintzat. Telebista gobernamentalegia izan da.
EITBko administrazio kontseiluko kidea zara. Ba al du ahalmenik kontseilu horrek eraginkorra izateko?
Oso gutxi. Henrike Knorr izan zen Euskaltzaindiaren aurreko ordezkaria, eta berak esaten zuen aholkulari kontseilu bat zela. Benetako administrazio kontseilua, behintzat, ez da. Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendari nagusia izendatzen du. Taldearen beste arduradunak zuzendariak berak aukeratzen ditu, eta administrazio kontseiluari bakarrik kontu ematen dio. Normalago litzateke zuzendari nagusiak proposatzea baina administrazio kontseiluak kargu horiek berretsi behar izatea. Ahalmen asko falta zaizkio administrazio kontseiluari.
Zer lehentasun izan beharko luke ETB1ek?
Legeak eskatzen diona eta lege berri batek eskatu behar liokeena. Herri telebista behar luke, hizkuntz normalizazioari begira. Andoni Ortuzarri proposatu nion ETBk hizkuntza eta kultura minorizatuei arreta berezia jartzea, dokumentazio gune bat eta harreman batzuk sortzea. Proposamena hor gelditu zen.
Zer planteatuko zenuke ETBn datozen urteei begira?
Antonio Rivera sozialistak, Eusko Legebiltzarrean, lege aldaketa planteatu zuen bere garaian. Nik BBCren ereduari begiratzeko esan nien, eta ez TVErenari. Legea aldatzea ez zaie interesatu jeltzaleei, eta sozialistei gobernuan sartu direnean ere ez. Nik eskatuko nieke bozetatik ateratzen diren legebiltzarkideei legea gaurkotu dezatela. Teknologia berriekin, adibidez, telebista beste modu batean planteatu behar da. Legea erreformatzeari lehentasuna eman beharko lioke Eusko Legebiltzar berriak, eta telebista publikoak bere helburua bete. EITBko zuzendari berria elebiduna izatea eskatuko nuke.
Ahots batzuek planteatzen dute desoreka dagoela Eusko Jaurlaritzak ETBrentzat ematen duen diruaren eta tokiko euskarazko kateentzat ematen duenaren artean. Aurten, 124 milioi euro ETBrentzat, eta 500.000 euro euskarazko tokiko zazpi katerentzat. Zer iruditzen zaizu?
124 milioi euro horiek ETBrentzat beharrezkoak dira. Horrek ez du kentzen euskarazko tokikoentzat hain diru gutxi izatea. Tokiko kateentzat foru aldundiek askoz diru gehiago eman beharko lukete. Udalek ere beren ardura dute, eta diru gehiago eman dezaketela iruditzen zait.
Komunikazioa. ETBk 30 urte: Iragana eta etorkizuna (II). Jose Luis Lizundia. Euskaltzaindiaren ordezkaria EITBko administrazio kontseiluan
«EITBren legea gaurkotzeak lehentasuna izan behar du»
ETB1ek «herri telebista» eta «hizkuntz normalizazioari begira» behar du, bere iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu